Albistea entzun

Nola eragingo du gure hizkuntzen industrian PERTEak?

Lohitzune Txarola Gurrutxaga - Langune Hizkuntz Industrien Elkarteko zuzendaria

2022ko urriak 25

Duela hiru hilabete, Cristina Gallach Espainiako Gobernuko Hizkuntzaren Ekonomia Berriaren aldeko Aliantzarako mandatari berezia egon zen Euskadin, eta Hitz zentroak eta SEPLN Lengoaia Naturalaren Prozesamendurako Espainiako Elkarteak antolatutako ekitaldian parte hartu zuen. Han, unibertsitateak ez ezik, enpresak ere izan ziren, eta guztiek galdetu genien gauza bera, bai Gallach andereari, eta baita bertan parte hartu zuten erkidegoetako agintariei: nola jarriko ziren martxan eta zein modutan parte hartu ahal izango zuen sektoreak Hizkuntzaren ekonomia berriaren PERTEak (Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak) aurreikusi dituen 1.100 miloi euroetan.

Aurten, martxoan, Espainiakoi Gobernuak Hizkuntzaren ekonomia berriaren PERTEa onartu zuen, eta hau koordinatzeko komisionatua izendatu zuen, Cristina Gallach anderea, hizkuntzaren industriari, eta zehatzago hizkuntza teknologiei bultzada bat emateko asmoz. Irailean Alacantera joan ginen Hizkuntza industriako Euskal Herriko hainbat eragile, gai honetan hurrengo pausoak zein izango diren ezagutzeko asmoz. Bertan, zehazki enpresei zuzendutako jardunaldi bat egin zen, Hizkuntzaren ekonomia berria jorratzeko. Urteak daramazkigu ikusten gobernuak dirua jartzen duela arlo hau garatzeko, baina gero enpresentzat eta alorreko proiektuentzat oso gutxi iristen da. Orain, jakin nahi dugu, zein modutan parte hartu ahal izango duen sektoreak Hizkuntzaren ekonomia berriaren PERTEak aurreikusi dituen 1.100 miloi euroetan.

Eleaniztasunak behartu gaitu alor honetan indartsu izaten, eta Euskal Herriko erakundeak badira indartsuak eta konpetitiboak. Eusko Jaurlaritzak ez du gure sektorea industria lodiaren pareko jartzen, baina hau da etorkizuna: adimen artifizialaren munduan, hizkuntza teknologiak garatzea ezinbesteko da, eta teknologia horiek euskara uler dezaten dugun beharrari esker, industria konpetitibo bat sortu dugu Euskal Herrian. Azken urteetan, Europako Batasunaren kezken artean lehenengo postuetara pasa da eleaniztasunaren bilakaera mundu digitalean; ingelesa mundu digitalean oso garatuta dago, baina zer gertatzen ari da beste hizkuntzekin? Testuinguru honetan ulertzen da Espainiako Gobernuak bultzatutako PERTEa. Ezinbestekoa delako garatzea eleaniztasunean oinarritutako politika publikoa, helburua bada mundu teknologikoan ingelesa hizkuntza bakarra ez izatea.

Europako Batasuna berandu hasi da, eta, ondorioz adimen artifizialaren eta hizkuntza teknologien gaian beste potentzia batzuekin konparatuz gero, maila ahulago batean dago; horretaz konturatuta, hainbat politika bultzatu ditu. PERTEa hor kokatu behar da, eta bere helburuak izan behar du lehen mailako ekosistema teknologikoa sortzea, hemendik garatuko den teknologia. Gure apustua izan behar du teknologia propioa sortzea, eta beste potentzia batzuen menpe ez egotea.

PERTEaren izenak berak dio Hizkuntzak ekonomia bultzatu behar duela, eta bultzatu dezakeela sinisten dugu sektorean; ekonomia berrian eleaniztasuna behar beharrezkoa da, eta ekonomiari bultzada emango dion sektorea gara. PERTEak hizkuntzaren zeharkakotasuna aitortzen du, kulturaren alorretik alor industrialeraino, eta, ondorioz, Hizkuntzen industrien sektoretik, hainbat arlotako proiektu pilotuak esperimentatzen lagunduko duen agertokia sor dezan nahi dugu.

Euskal Herritik, espero dugu PERTE horrek kontuan izatea hizkuntza guztiek ez dutela abiapuntu bera, eta baliabide gutxiago dituzten hizkuntzek babes handiagoa behar dutela. Euskarak lehiarako abantaila eman digu, urte asko daramatzagu eleaniztasunarekin elkarbizitzan arlo guztietan, publiko zein pribatuan, eta gizarte errealitate horri aurre egiteko egin dugun indarrak maila honetan soluzio ezberdinak probatzera eraman gaitu. Adibide gisa, itzulpenak administrazioarentzat dakarren gastua dela eta, beharrezkoa izan da itzulpen-sistemak garatzea, eta hortik beste hizkuntzekin egin ez diren aurrerapenak egin ditugu, edo erabiltzaileak aukeratutako hizkuntzan erantzuteko gai diren txatbotak sortu ditugu. Orain da, egin dugun lan horri zukua ateratzeko momentua.

Apirilean Eusko Jaurlaritzak Gaitu aurkeztu zuen: hizkuntza teknologietan eragiteko akzio plana da Gaitu, zeharlerrokoa da, eta alor guztietako proiektuak babestuko ditu. Lehen pauso bat da, hizkuntza industrian aurrera egiteko, baina gehiago beharko dugu gure sektoreak duen indarrari beharrezkoa den mamia ateratzeko, eta Euskadi, gai honetan, izan daiteken potentzia dela erakusteko.

Gure herriak duen hizkuntza errealitateari aurre egiteko erakutsi dugun nahiak, know how handiagoa ematen digu, eta munduko beste herrialde batzuetan ez dagoen ezagutza teknologiko eta esperimentala eskaintzen digu. Euskal Herrian sektore indartsu bat dago, teknologia fabrikatzeko gai den sektorea, teknologia eta beharrezkoak diren adimen tresnak sortzeko gaitasuna duena. Eta nor gu baino hobeto gure hizkuntzan teknologia sortzeko? Ez baititugu kanpotik etorritako superpotentziak behar: gure teknologia gure hizkuntzan sortzeko subiranoak garela badakigu gure sektorean, baina garatzen jarraitzeko sostengua behar dugu, eta horretarako politika publiko indartsuak eskatzen dizkiogu PERTEari. Baina, nola ez, Eusko Jaurlaritzari ere bai, noski. Guk gure sektorean sinisten dugu, eta ezagutzen dugu gure potentziala; agintariek ere gugan sinistu dezaten behar dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...