Euskadiko eskualdeen etorkizuna

2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Euskadiko egitura ekonomikoak oso berea den ezaugarri bat erakusten du: sortzen den ondasun ekonomikoaren banaketa oso zabala dela eskualdeen artean. Hau da, ondasuna ez da hiriburuetan eta bere inguruko eskualdeetan pilatzen soilik. Ezaugarri hau Gipuzkoan eta Bizkaian da nabarmenagoa Araban edo Nafarroan baino, hauetan,hiriburuetan pilatzen baita lurralde bakoitzeko jardun ekonomikoaren zati nagusiago bat.

Baina bizi dugun eta harro sentiarazten gaituen egoera hau aspaldian hartutako erabakiei esker lortu da,orduko enpresari eta enpresei esker batik bat. Uste dut merezi duela hausnartzea gaur zein den gai honen egoera, eta zein bilakaera, bereziki orain, udal eta diputazio berriak osatzen ari diren unean.

Zein da sumatzen dudan arriskua? Ba, hemendik hiru edo lau hamarkadara ezingo dugula esan orain esaten dugun gauza bera. Egunero hartzen ari garen erabakiek, izan ere, oso lurralde egitura giza-ekonomiko ezberdin batera eramateko arriskua daukate: hiriburuetan, eta haien inguruetan, balio erantsi handienen jardun ekonomiko gehienak kontzentratuz; eta horiekin batera beste eragin batzuk izango dira, lan sariak eta lan baldintza hobeagoak, eta abar. Eta gainerako eskualdeetan bestelako jardunak kokatuz joango dira, eta horiekin batera horien eraginak. Hau ez da ezagutzen ez den joera bat, alderantziz, beste hiri handietan eta haien inguruko herrietan ikusten den joera berbera da (Madril edo Paris, bi aipatzekotan). Aldaketa hauek ez dira egunetik egunera gertatzen, baina hamarkada gutxiren buruan aldatu dezakete gure lurraldeetako egitura ekonomikoaren eredua.

Hiriburuek ere badauzkate beraien arazoak, haiek ere jasaten dute hiri handiagoen lehia, eta garrantzi handiko gaia da Euskadiko hiriak leku garrantzizkoa lortzea sektore ekonomiko aurreratu ezberdinetan. Baina hau ez litzateke izan beharko gaur egun daukagun eskualdeen egitura ekonomikoaren kaltetan.

Non kokatu enpresa berri bat, duela lauzpabost hamarkada arte, jardun berri horren sustatzaileen nahian zetzan, batez ere. Noski, inguruko egitura ekonomikoaren baldintzek garrantzia zeuzkaten, baina eskualde ezberdinen arteko aldeak ez ziren horren handiak eta ez zuten horrenbeste diskriminatzen non jarri ala ez. Esaterako, komunikazioak garrantzizkoak ziren, trenak, itsas portuak edo bideak, baina kasu askotan ez ziren nahikoa izan eskualde batek abantailak lortzeko beste batzuekin alderatuta. Beste bat: lan indarraren beharra handia zen (60ko hamarkadan), baina berdina leku gehienetan, kanpotik etorritako jendeaz bete egin zena neurri batean. Beraz, herriko enpresari gehienek haien herrietan jartzen zuten martxan, enpresak erabaki horregatik kalte nabarmenik jasan gabe.

Baina gaurko antzerako erabakiek beste baldintza batzuk bete behar dituzte. Sektore bakoitzean lehiakortasuna izateak baldintza konpetitibo guztiak arakatzera behartzen du gaurko enpresa. Badaude baldintzatzaile berriak, eta berriak ez direnak asko aldatu dira. Eta gainera, gaur, lurralde bakoitza ez dago, beste batzuekin alderatuta, posizio antzerako batean; ez komunikazio fisikoetan, ez hezkuntza bereziko pertsonak erakartzeko orduan, ezta lanetik kanpo gaur eskatzen den bizi-modu betegarria izateko ere. Pertsonak eta bakoitzaren bizipenak eta nahiak asko aldatu dira, halaber.

Guzti horren eraginez, zaila da gaur enpresa berriak hiriburu ingurutik urrun kokatzea, bereziki haien sektoreak oso exijenteak badira baldintza konpetitibo horietan. Zaila da inguru horietatik kanpo dauden enpresak bertan mantentzea ere, sektore exijente horietakoak badira. Beraz, denborarekin eskualdeen espezializazio baten joera bat suma daiteke, kanpoko beste hiri batzuen eredukoa.

Instituzioek, eskualde bakoitzeko enpresa handienekin batera, badute paper garrantzitsu bat guzti honetan, bereziki diputazioek, baina baita udalek ere. Instituzio hauek badute-eta baldintza ekonomiko konpetitiboak moldatzeko gaitasuna.

Eskualde bakoitzean sistema ekonomiko delikatu bat egoten da. Askotan aberastasun eragile edo lokomotor izateko gaitasuna enpresa gutxi batzuek izaten dute, eta haien inguruan biztanleei zerbitzuak ematen dizkieten enpresa asko sortzen dira. Guzti hauek enpresa haien eragina asko biderkatzen dute, baina haien etorkizunaren menpekoak dira. Horregatik, lokomotor horietako bat desagertu egiten bada, bere eragina oso zabala izaten da eskualde osoan. Bestalde, esan dudanagatik, orain oso zaila da lokomotor berriak izango diren enpresak horrelako eskualde batean zabaltzea, batez ere balio erantsi handikoak. Beraz, garrantzizkoa da eskualde bakoitzean dauden lokomotorren eta enpresa berrien lehiakortasun baldintzak indartzea, ahal den neurrian.

Horretarako epe luzerako begirada ezartzea da derrigorrezkoa. Hau da, eskualdeko diagnosia izan behar da, zein den nahia eta bokazioa definitzea eta erabakitzea zer helburu eta neurri jarri behar diren indarrean. Ariketa hauek herri honetako enpresek egunero egiten dituzte. Ez da oso urrutira joan behar ereduak eta ezagutza lortzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.