Noiz sortua: 2020-06-26 00:30:00

Hiru hilabetez luzatuko dituzte aldi baterako erregulazio bereziak

Espainiako Gobernuak kotizazio gehiago hartu behar izan ditu bere gain patronalaren babesa lortzeko. Irailaren 30era arte iraungo dute
Diaz Lan ministroa eta Escriva Gizarte Segurantzakoa, atzo.
Diaz Lan ministroa eta Escriva Gizarte Segurantzakoa, atzo. VICTOR LERENA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2020ko ekainak 26

Espainiako Gobernuak lortu du azken asteetan bilatzen ari den irudia: aldi baterako enplegu erregulazioak hiru hilabetez luzatzea adostu du. Bazuen bere kabuz luzapena erabakitzeko aukera, dekretu bidez, baina lehentasuna eman dio bere soslai negoziatzailea sendotzeari, nahiz eta horrek azkenean ekarriko dion bere poltsikotik diru gehiago jarri behar izatea erregulazioan dauden langileengatik. Kutxa publikoek —zergek— ordaindu beharko dutena aurreztuko dute, beraz, enpresek, CEOEk nahi zuen moduan. Ministroen kontseilu berezi bat egingo du gaur Espainiako Gobernuak, akordioa lege bihurtzeko.

ZER HITZARTU DUTE?

Ekainaren 30ean ziren bertan behera geratzekoak pandemiaren harira Espainiako Gobernuak sortutako aldi baterako erregulazio bereziak, «ezinbesteko arrazoiengatik» erabakitakoak. Erregulazio arruntak baino baldintza hobeak dituzte, estatuak bere gain hartzen baitu langilearen Gizarte Segurantzaren kotizazioaren ordainketa —%75, 50 langiletik gorako enpresetan, eta guztia, enpresa txikietan—, eta erregulazioan dauden langile guztiei ordaintzen baitie langabezia saria —gainontzeko baldintzak bete ala ez—. Orain, erregulazio bereziek irailaren 30era arte iraungo dute.

ZER ALDATUKO DA?

Oraindik itxita dauden negozioetan —hotel askotan, esaterako—, ezinbesteko erregulazioan segitu ahal izango dute, eta langile guztiak egon ahalko dira erregulazioan. Hori bai, aurrerantzean langileen kotizazioen zati bat beren gain hartu beharko dute enpresek: %30 uztailean, %40 abuztuan, eta %65 irailean, 50 langiletik beherako enpresetan; eta %50, %60 eta %75 handietan. Gainera, ezinbesteko erregulazioa eskatu ahal izango dute COVID-19aren agerraldiengatik itxi behar dutenek ere. Kasu horretan, kotizazioen %20 ordaindu beharko dituzte txikiek, eta %40 handiek. Ministroen asmoa zen erregulazio bereziak ezabatzea, baina amore eman dute azkenean.

BESTE ENPRESEK?

Erregulazioa eskatu zuten enpresa gehienetan, lantaldearen zati bat baizik ez dago orain egoera horretan. Haiek ere kotizazioak aurreztuko dituzte: txikiek %40 soilik ordainduko dute lanera itzuli diren langileen truke, eta %65 lanik gabe jarraitzen dutenen truke. 50 langiletik gorakoetan, berriz, %60 eta %75 ordainduko dute. Berrikuntza da baldintza horiek jasoko dituztela ez soilik ezinbesteko arrazoiengatik aldi baterako erregulazioa onartua dutenek, baita arrazoi objektiboengatik eskatzen dituztenek ere —ekoizpena jaitsi behar dutelako edo galerak dituztelako—.

BALDINTZARIK BETE BEHAR AL DUTE?

Bai. Ahalik eta enpresa gehien jarduera normalera itzularazi nahi ditu Madrilek, eta, horregatik, baldintza sorta bat jarri die erregulazio berezia edo arrunta nahi dutenei. Ezingo dituzte langile gehiago kontratatu, ez zuzenean, ezta aldi baterako enpresen bitartez, eta ezingo dizkiete aparteko orduak eginarazi beren beharginei. Muga handiak izango dituzte lan edo zerbitzu batzuk azpikontratatzeko —beren langileak ez badaude horretarako prestaturik—, eta sindikatuei jakinarazi beharko diete hala egin behar badute. Gainera, aldi baterako erregulazioan dauden enpresek debekatua izango dute beren akziodunei dibidenduak banatzea; horretarako aukera izango dute soilik kotizazioetan aurreztutakoa ordaintzen badute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia

Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatu egingo dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek «positibo ahula» eman duela eta.

Beldurrezko filmen zaleak hobeto moldatu dira psikologikoki izurrian

Edu Lartzanguren

Nazioarteko psikologo talde batek eginiko ikerketa baten arabera, generoak lagundu egiten die zaleei estresa jasaten, eta halako egoeratarako prestatzen.

Urkullu mitin batean, Zornotzan, ekainaren 27an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Urkulluk ez du Ordizian bozketak atzeratzeko asmorik

Igor Susaeta

Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren ustez, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna