Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: hirugarren etaparen kronika

Astea, berrehun metroan

Daryl Impey taldekideari lekukoa hartuta, Michael Matthewsek Gasteizko hirugarren garaipena jarraian eman dio GreenedgeriItzuliko etaparik gogorrenean, faboritoen arteko lehia espero da gaur Arraten gora

Astea, berrehun metroan.
unai zubeldia
Gasteiz
2014ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Lehen hiru etapak bakarrik egingo ditu, bai». Simon Gerransek. «Ez, ez; ez dator itzulira». Daryl Impey. «Baina Michael Matthews da gure apustua Gasteizen». Hortxe Euskal Herriko Itzulia hasi bezperan Neil Stephensek, Orica Greenedgeko zuzendariak, BERRIArekin izandako elkarrizketaren zati txiki bat. «Zoragarria litzateke Gasteizen hirugarren garaipena jarraian lortzea, baina...». Konponketa lanetan ari dira Gasteiz hiribidean, eta, behin eraldatzen hasita, txarra ez kalearen izenari Gasteiz kendu eta Orica Greenedge jartzea. Daryl Impeyk 2012an eta 2013an, eta Michael Matthewsek 2014an. Berrehun metroko berotu bana hartuta, hiru garaipen handi. Jakinarazi dute, dagoeneko, 2015ean ere etapa bat amaituko dela Gasteizen. Gogoan hartu.

Itzuliko helburua dotore beteta, lasai joan daiteke Gerrans etxera. Omega Pharmari lekukoa hartu eta Belkinek tropela luze-luze eginda jarri berritan, ezker aldetik agertu zen australiarra. «Tori» goxo bat esan balio bezala, dotore bideratu zion esprinta herrikideari. Berea izan zen garaipen erdia. Berrehun metroko ahalegin txiki bat besterik ez zuelako egin behar izan taldeko esprinterrak. Entrenamendu txiki bat besterik ez. Indarrean. Potentzia ikaragarriarekin. Erabat eroso. Orica Greenedgek bikain hartu dio neurria Gasteizko helmugari. Eta Neil Stephensen ekarpen ukaezina dago arrakasta horren atzean. Oiartzunen bizi den australiarrak pasioz bizi du txirrindularitza, eta pasio hori bera kutsatzen die taldekideei.

Taldeari zukua ateratzen ikasi du Stephensek. Euskal Herriko Itzulirako ez zeukan taldeburu sendorik. «Pieter Weening, akaso». Baina ia bederatzi minutura urrundu da australiarraren apustua. «Lehen hiru egunak bakarrik egingo ditu». Baina hirugarren eguneko azken zuzengunea besterik ez zeukan buruan zuzendariak. Gerrans eta Matthews. Elkarren ondoan jarri, eroso samar irabazi, eta, itzuli itxurosoa eginda, etxera. Horixe da hasi aurretik zehaztuta zeuzkaten helburuak ondo betetzea.

Orica Greenedgen hirugarren kolpearen aurretik, etxean lasai ederrean telebistari begira egoteko hobea zen etaparen hasiera. Itzuliko etaparik luzeenean (194,5 km), Otsondo bigarren mailako mendatean egin zituen tropelak beroketa lanak. Erasoa jo eta jo, taldetxo indartsua sortu zen aurrean, Andy Schleck (Trek), Simon Spilak (Katuxa) eta Omar Fraile (Caja Rural) tartean zirela. Arriskutsuegia zelakoan baimenik gabe, mendateko pankartapera iritsi aurretik geratu zen ezerezean saiakera hori. Belatera bidean, Ruben Fernandezek (Caja Rural) hartu zion lekukoa Omar Fraileri. Eta, kontraerasorik gabe, espainiarra izan zen etapako protagonista nagusietako bat.

Zortzi minututik gorako aldearekin, bere buruaren aurkako borrokan murgildu zen Caja Ruraleko txirrindularia. Bildu zituen mendateetako puntuak eta tarteko helmugetakoak. Baina Oricak eta Skyk erritmoa noiz bizituko zain egon beste erremediorik ez zuen izan Gasteizera bidean. Indarrak hustuz hustuz, helmugara iristeko 33 kilometro falta zirela harrapatu zuen tropelak Fernandez. Gasteiz eta Zaldiaran hirugarren mailakoak geratzen ziren artean igotzeko, eta kokapen lan zoragarria eskaini zuten talde gehienek. Saiatu zen Omega Pharma azken igoeran Matthews atzean uzten. Baina itzulia hasi aurretik ere australiarrek kontrolpean zeukaten Gasteizko amaiera.

Arrateko zalapartaren zain

Esprintak eta egun lasaiak ahaztuta, itzuliko etaparik erabakigarrienetako bat jokatuko da gaur, Gasteiz eta Arrate artean. Asentzio, Karabieta, Ixua eta Aiastia igo beharko dituzte lehenengo, eta Eibarko kale estuetan barrena hasiko da benetako zalaparta. Alberto Contadorri (Saxo) hamalau segundoren tartea jateko helburua izango du Alejandro Valverdek (Movistar), eta Michal Kwiatkowski (Omega) are gehiago urruntzekoa Contadorrek. Ikuskizuna ziurtatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.