urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Errusiaren inperialismoaz

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ammon Cheskin ikertzaileak kontatu du: kolonialismoari buruzko aldizkari akademikorik garrantzitsuenean azken hogei urteetako zenbakiak miatu ditu, eta ezin artikulu bakar bat aurkitu Errusiaz edo Sobietar Batasunaz. «Mundu osoko artikuluak daude, kolonizatzaileenak zein kolonizatuenak, baina ez Errusiakoak. Ez da harritzekoa Europa mendebaldeko ezkertiar askok ez sartzea Errusia oraindik europar kolonialismoaz daukaten buruko mapan».

Errusiaren errugabetasun inperiala zalantzan jartzeko garaia izeneko artikuluan, hala diote Botakoz Kassymbekova eta Erica Marat irakasle eta ikertzaileek: «Putinen propagandaren arabera, Errusia, alde batetik, Mendebaldearen biktima da, eta, era berean, zilegi zaio Ukraina, Bielorrusia, Asia Erdialdea eta Kaukasoa menperatzea. Biztanle ez-errusiar horien gaineko agintea ez dute kolonialismotzat hartzen, modernotasunaren opari gisa baizik».

Bistan da inperialismo guztiak ez direla berdinak. Frantzia eta Erresuma Batua herrialde kapitalista industrialak izanda ere, kolonialismo mota desberdinak izan zituzten. Errusiak, hizkuntza bakarra inposatzen zuen estatu feudala eratu zuen Finlandiatik Alaskaraino. Eta bai, nik ere eztabaidatu dut estoniar lagunekin, ezin direlako konparatu sobietar errepubliketako hizkuntzen egoera euskararen aurkako supremazismo frankistarekin. Baina SESBen ere, sasoirik onenetan, errusiera lingua franca hegemoniko izan zen; txarrenetan, ukazio eta zigor kolektiboetarako aitzakia, txetxeniarrek, tartariarrek, kalmukiarrek eta beste hainbat herrik sufritu bezala.

Supremazismo hori ez du Vladimir Putinek asmatu, oso errotuta dago errusiar gehienengan. Aleksandr Solzhenitsinen arabera, Errusiak Kazakhstan iparraldea bereganatu behar zuen. Joseph Brodsky Literatura Nobel saridunak irain supremazistaz betetako poema idatzi zuen Ukrainaren independentziaren aurka 1992an. Hala dio Kamil Galeev ikertzaileak: «Arazoa ez da Putin, ezta Navalni [opositore espetxeratua] ere. Arazoa Errusiaren egitura inperiala eta pentsamolde inperialista dira. Edozein ideologia, izan kristautasun ortodoxoa, komunismoa, liberalismoa, metropoliak arma bihurtuko du koloniak menderatu eta diziplinatzeko». 1917-1918 bitartean sortutako Ukrainako errepublikako lehen ministro Volodimir Vinnitxenkok argi esan zuen: «Errusiar demokrata Ukrainako auzia hasten den lekuan amaitzen da».

Testuinguru horretan, esanguratsua bezain mingarria da Euskal Herrian batzuek duten jarrera. «Inbasioa kritikagarria da baina...», eta hor sartzen dira «baina» guztiak, NATOtik balizko eskuin muturraren aitzakiara. Begi bistan da geopolitikan independentismo batzuk sustatu diren bezala eman zaiela bizkar beste batzuei. Ukatzen gaituzten estatuak Mendebaldeko ordenan txertatuta egoteak asko zailtzen du nazioarteko erreakziorik gertatzea, katalanek ondo ikusi duten bezala —edo Turkiaren menpeko kurduek, are argiago—. Hori horrela izanda ere, edozein independentistak ez ote du argi ikusten naziotasuna ukatu eta independentzia kendu nahi dioten herrialde baten inbasio baten aurrean gaudela? Edozein euskaltzalek ez ote dauka argi ukrainera dela hizkuntza gutxitua eta errusiera nagusia, Estatuak, bere subiranotasun tresna guztiekin ere egoera aldatzeko ahalegina egin arren? Ez ote dira ezagunegiak ukrainera txarto mintzatutako errusiera baino ez dela diotenen argudioak?

1990eko Aberri Egunean, Iruñean HBk deitutako ekitaldiaren amaieran, bi bandera altxatu zituzten ikurrinaren aldamenean: Namibiakoa alde batean, apartheidaren Hego Afrikatik independentzia lortu berri baitzuen aste batzuk lehenago. Beste aldean, berriz, Lituaniakoa zen; Sobietar Batasunetik independentzia aldarrikatu berri zuelako. Euskal internazionalistak Nikaraguan eta Kuban eta El Salvadorren ari ziren AEBen inperialismoaren eta heriotzaren eskuadroien aurkako borrokan, baina Gerra Hotzaren logikak itsutu gabe, bazegoen agenda propio bat. Sobietar inperiotik irtetea hautatu zuen herrialdearen bandera altxatu zuten Iruñean, independentismo hori nagusiki eskuindarra eta erabat antisobietarra izanda ere. Garai hartan herrien arteko elkartasuna bultzatzeko gai izan baziren, inperio komunista baten aurka izan arren, nola ez izan gauzak argi, errusiar hizkuntzaren eta nazioaren supremazismoaren izenean beste herri guztiak ukatzen dituztenean? Bielorrusiera hiztunek urteak daramatzate baztertuta, Kazakhstanen aurkako mehatxuak etengabeak dira, Errusiako federazioko hizkuntza indigenen ordez errusiera inposatzeko araudiak indartu baino ez dira egin urteotan.

«Errusiak ez du berrabiarazte inperial bat behar. Dibortzio nazionala behar du», dio Galeevek. Lehia geopolitikoa Txina-AEB bihurtu den honetan, ez dakit horren garrantzitsua ote den Errusiaren rola, baina bai dozenaka herriren espetxe bihurtu dela inperioa. Horregatik, argi dut, herri txikiontzat pozgarria litzatekeela Ukrainaren garaipena —a ze paradoxa, atzo «herri armatua inoiz ez da zanpatua» kantatu, eta gaur Ukrainari bere burua defendatzeko armak ukatu nahi izatea—, inperioa bera hondoratzea. Eta dozenaka nazio independente sortzea Uraletan, Volga ertzean, Siberian... Kaukasotik Txukotkaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.