ander perez zala
ANALISIA

Sturgeonen apustu arriskutsua

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Eskoziako Parlamentuak ez du eskumenik Londresen baimenik gabe independentzia erreferendum bati buruzko legeak egiteko, galdeketa hori kontsulta modukoa baldin bada ere. Erabaki horrekin, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak argitasun pixka bat eman dio eztabaida politikoari, baina, finean, ez du eragin eta, printzipioz, ez du eragingo aldaketarik alderdien jarreretan. Testuinguru horretan, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bere burua behartuta ikusi du bide orriaren hirugarren puntura mugitzera: Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hurrengo bozak de facto erreferendum bilakatzea. Duela gutxi arte, hori egitea «unionisten tranpa batean» erortzea zen, baina, egun, aukera gutxi geratzen zaizkiola jakitun dagoela, Sturgeonek apustu arriskutsu horren menpe jarri du bere ibilbide politikoak bizirik irautea.

Galdera asko daude estrategia horren inguruan. Berez, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak gutxienez botoen %50,1 lortzea litzateke arrakasta izatea, baina Sturgeonek asteon ez du ezer argitu horretaz, eta esan du SNPren ezohiko kongresu batean zehaztuko dutela zer egin, Eskoziako lehen ministroak hainbatetan errepikatu duen modura, nazioartearen aitortza eta zilegitasuna lortzeko. Alderdi Berdeak esan du estrategia hori izango duela; indar unionistek, aldiz, ez.

Egiari zor: %50,1era iristea oso zaila izango da, are gehiago soilik SNPren aldeko botoak kontuan hartuta. Alderdi horren emaitzarik onena, kasurako, kopuru horretatik gertu egon zen —2015ean, %49,97—, baina, harrezkeroztik, ez du lortu babes maila horretara itzultzea, eta, hortaz, apustua arriskutsuegia izan liteke Eskoziako lehen ministroarentzat. Zergatik? Besteak beste, kopuru horretara iritsiko ez balira unionistek beste argudio bat izango luketelako —aferak ezin duela gehiago aurrera egin—, eta independentistek, beste porrot bat. Kontrako eragina izango luke, hortaz.

Bada beste faktore bat ere hauteskunde horiekin zerikusia duena: inkesta guztien arabera, Keir Starmer Alderdi Laboristaren buruzagia izango dela Erresuma Batuko hurrengo lehen ministroa; agian, aulkien gehiengo osoa bilduta. Horrek ezer aldatuko al du galdeketaren auzian? Printzipioz, ez, baina ikusteko dago.

Gakoa, arazoa politikoa denez, Erresuma Batuko Gobernuaren jarrera aldaketan baitago. Eta SNPk Komunen Ganberarako bozez dioenaren zain, argi baitago horiek de facto bilakatzeak ez duela ondorio praktikorik izango. Bakarra, agian, Londresekiko presioa handitzea, betiere galdeketa hori irabazita; baina zergatik aldatu iritzia, oraindik ere funtzionatzen badio gaur arteko argudioak, hots, 2014ko erreferendumak auzia belaunaldi oso batentzat konpondu zuelakoak?

Hori bai, argi dago batasunaren aldekoek argudio politiko gehiago beharko dituztela, eta ezin diotela betiko eutsi beto legal horri. Argudio gehiago behar dituzte, eta azkar, gainera; batez ere, eztabaida irabazteko.

Independentistentzat, aldiz, Eskoziako lehen ministroaren planak balioko du kanpaina ideia baten inguruan egiteko, hala nolako batasunari eusteko eta denek zerbaiten inguruan lan egiteko. Edonola ere, egun, Sturgeon dago egoera pertsonalik eta politikorik larrienean: zeren, apustuak huts egiten badu, estrategia eta lidergo berrirako garai bat abiatuko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.