Albistea entzun

Baserritarrontzat beste oztopo bat: Ticket Bai

Mirian Arrizabalaga eta Aner Garitaonandia - Biolur Gipuzkoa eta EHKOlektiboa

2022ko urriak 7

Gutxi omen gara baserrian bizimodua topatu dugunok herritarren %1, eta susmoa dugu gero eta gutxiago izango garela. Garai zailak, hauek ere, baserritarrontzat; are zailagoak txikitik lan egitea erabaki dugunontzat.

Txikitasunetik lan egiteak gaitz askotatik libratu gaitu. Zorpetze handietatik, adibidez. Merkatu globalizatuko putre espekulatzaileen atzaparretatik neurri batean edo bestean, zeri buruz ari garen. Txikitasunetik lan egiteak aukera eman digu gurdibideetan aurrerabidea topatzeko. Baserrietan behar dugunaren zati handi bat inguruan eskuratzeko. Gertuko erosleekin sareak josteko. Herrietako dendari txikiekin lan egiteko. Edota herritarrekiko zuzeneko harremanari eusteko azoketan, izan asteroko ala noizbehinkako.

Halere, txikitasunaren gurdibidean badira oztopoak, eta ez dira guk jarritakoak. Ezta herritarrek jarritakoak ere. Oztopo nagusiak administrazioak berak jartzen dizkigu, bere bertsio guztietan izan osasun saila, izan ogasuna...; eta horiek tartean, zailtasun handiak ditugu orgak osorik eta zama galdu gabe aurrera egiteko.

Hektarea eta buru kopuru gutxi ditugulako, diru-laguntzetan besteek baino dezente gutxiago kobratzen dugu. Ezer kobratu gabe geratzen dira maiz baserriaren etorkizuna dibertsifikazioan aurkitu dutenak. Inork ez ditu aintzat hartzen etxe horiek eta dituzten lan-moldeek komunitateari dakarzkiguten onurak, horiek hartzen dituzten lanaren tamainakoak izanik ere. Normalean, lursail aldapatsuak eta pobreak izaten dira, eta zailtasun horiek ere edozein neurgailutatik kanpo geratzen dira, baserritarrarentzat lan handiagoa suposatu arren.

Exijentziak, ordea, handien parekoak dira kasu askotan; eta gehienetan, itogarriak. Horietako bat ekarri nahi dizuegu, azkena: Ticket Bai. Gipuzkoako Diputazioaren webgunean horrela deskribatzen dute: hiru foru aldundiek eta Jaurlaritzak batera abiatutako proiektua da, eta bere helburua lege eta teknika arloko betebehar batzuk ezartzea da. Ticket Bai indarrean jartzen denetik, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek erabili beharko dute argitaratzen diren beharkizun teknikoak betetzen dituen fakturazio software bat.

Handi ala txiki, azoka asko ala gutxi, zuzeneko salmentan oinarritzen den baserria izan ala ez. Denok egin beharko dugu, askotan gure neurritik kanpo dagoen inbertsio bat. Ulertzen dugu iruzur fiskala saihestu behar dela, baina gure susmoa da ez garela baserritarrok iruzur handiena egiten dugunok, eta gure egoera prekarioa ikusita, are gutxiago aberasten ari garenok.

Ulertzen dugu administrazioak, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun Sailak, bere baliabideak garatu behar dituela helburu horiek betetzeko; ez, ordea, baserritarrok behartu gure gain hartzera berak egin beharko lituzkeen inbertsioak eta lanak. Osterantzean ere nahiko lan baditugu bizkar gainean.

Ulergaitza egiten zaigu, aldiz, nolatan Ogasun Sailak ez dituen aintzat hartzen sektore honen ezaugarriak eta egoera, eta bizi duen egoera gero eta prekarizatuagoa, ohiko martxak eskatzen dituen gastu arrunten prezioen gorakada etengabeak, besteak beste. Ez, ez da nahikoa gailuak eskuratzeak eta horiek atzetik dakartzaten inbertsioak diruz laguntzea. Horregatik, besteak beste, justiziagatik, eskatzen dugu Ticket Bai sistema doakoa izatea, oso-osorik, edozein dela sektorea merkatari txikien kasua, adibidez, betiere, gu bezala, txikitik ari denean.

Ulergaitza, halaber, lehen sektoreari buruzko hainbeste ikerketa eginda, hainbeste datu jasota, nolatan inork ez duen antzeman Gipuzkoan beste lurraldeetan bezala baserri mundua oso anitza dela. Gerturatuz gero, erraz ikusten da bi muturrak daudela. Baserri batekoak egon daitezke, aldi berean, azokan, kontsumo-taldean eta dendaz dendako banaketan eta horrek ez du esan nahi dirua erruz irabazten dutela, baizik eta behar-beharrezkoak dituztela, aurrera egingo badute. Zenbateko inbertsioa egin beharko du etxe horrek egun horretako salmenta guztietan tiketa emango duen gailu bat izateko? Aurrekontuak askotarikoak dira; alde batetik, aurretik baserritarrak zer inbertsio egin duen gailu informatikoetan eta horiek eskatzen duten softwaretan, eta, bestaldetik, inbertsio horri emango dion erabilera. Izan ere, badira azokak oso tarteka egiten dituztenak, eta horiek ere gailua izan behar, agian urtean lauzpabost aldiz erabiltzeko.

Egoera guztietan, halere, indarrean sartu baino hilabete lehenago egiten diren inbertsioek jaso ahalko dute, errentaren arabera, asko jota, gastuaren %60ko kenkaria. Digitalizaziorako diru-laguntzak ere badira. Ez da erraza, ordea, baldintzak azaltzen dituen testua ulertzea ezta horretan ari direnentzat ere. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza horiek, estaltzekotan, estaliko lukete gastuaren %40 asko jota. Edozein kasutan, zaila baserriko produktuekin zor horri eta hemendik aurrera Ticket Bai-k suposatuko duen gastu finkoari aurre egitea.

Gurdibideak ez direla errazak jakin badakigu; pauso bakoitzak bere estrategia duela, aurrera egingo badugu; zama ongi zabaldu eta atonduta behar dugula, oreka mantenduko badugu; idi-parea behar bezala zainduta egon ezean, adarrak jasoko dituela eta harekin batera, guk; bideak egoera onean mantendu ezean, aurreko guztia zalantzan geratzen dela.

Beste askotan bezala, administrazioaren lana besteak beste bideak mantentzea da, ez bakarrik handi eta azkarrentzako autobideak; baita bidezidorrak eta gurdibideak ere, motelago eta seguruago ibili nahi dugunontzat, lana herrian bertan eta herriarentzat egiten dugunontzat. Horretarako, funtsezkoa da egin beharreko inbertsioak egin eta jarri beharreko baliabideak jartzea pertsonalak eta teknikoak; ezin da zamatu lehenik ere pisu handia duena. Bestela, berandu baino lehen azalduko dira putreak zeruan, bidean tripaz gora geratu diren gurdikadari eta idi-pareari noiz helduko zain. Akaso, jada, bueltaka hasi dira.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...