Hots txiki, intxaur ugari

Eva Ferreira
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Apirilaren amaieran ohorea izan nuen buru izateko Euskal Herriko Unibertsitatean erretiroa hartu duten langileak omentzeko ekitaldian. Pertsona horiek beren lan bizitza eskaini diote gure erakundeari, unibertsitate publikoari, eta, beraz, goi mailako hezkuntza eta euskal gizartea hobetzen lagundu dute. Erretiroa hartutakoan, bakoitzak bere bidea aukeratzen du, zeregin berriak bilatzen ditu, ohiturak aldatzen ditu eta jadanik ez ditu ikusten lankide ohiak lehen bezain sarri.

Horrek bereziki xamur egiten ditu honelako ekitaldiak. Erakundeak egindako aitorpenaren abaroan, bizipenak eta oroitzapenak partekatzen dituzten pertsonak berriz ere biltzen dira eta aukera baliatzen dute egunean jartzeko, ezagunez galdetzeko, gogoetak trukatzeko eta, agian, etorkizunean berriro elkartzeko planak egiteko.

Errektorea naizen aldetik, nire egitekoa izan zen haiei nire esker ona eta aitorpena adieraztea beren bizitza profesionalean egindako lanagatik. Atsegin handiz egin nuen. Elkartze horren lekuko pribilegiatua sentitu nintzen, eta esker onaz eta aitorpenaz gain, zerbait pertsonalagoa ere adierazi gura izan nien: nire begirunea eta estimua.

Ekitaldi apala baina oso xamurra izan ohi da: ikur bat, errektorearen eta bere taldearen agurra, eta oroimenerako argazkia. Oraingoan ia berrehun pertsona igo ziren agertokira, bakoitza bere oroitzapenak aldean hartuta eta unibertsitateari egindako ekarpena gogoan.

Ekitaldiak aurrera egin ahala, gutxitan hain biziki sentitu dudan gauza batez jabetu nintzen: pertsona horietako bakoitzaren lanaren garrantziaz eta, bereziki, neugan izan duten eragin zuzenaz, ni ere, akademikoki, eta hein handi batean, baita pertsonalki ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen emaitza naizelako. Eta ehunka, milaka pertsonak hartu dute parte, bakoitzak bere ekarpenarekin, lan kolektibo horretan.

Halako batean, nire Analisi Matematikoko irakaslea agurtu ahal izan nuen, teorema askoren mamia ulertarazi eta irakaskuntzarekiko grina kutsatu zidana; harekin ikasi nuen zorroztasunez eta pazientziaz ikasten. Nire beste irakasle ohi bat ere igo zen oholtzara, lehen ikerketa beka eskaini zidana eta ekonomiako master bat egitera bultzatu ninduena. Eta nire tesi zuzendaria ere igo zen. Berari ikasi nion ikaslea dela lehena, eta erreferentzia ukaezina izan da nire karrera akademikoan. Argitalpen Zerbitzuaren arduraduna ere igo zen. Zenbat solasaldi atsegin izan genituen urteetan zehar, azterketak multikopistatik ondo ateratzen zirela gainbegiratu behar zenean, alerik katigatuta ez geratzeko arraboletan. Nire saileko idazkaria ere igo zen. Zenbat aldiz eskatu nion laguntzeko, eta zenbat aldiz lasaitu ninduen, baita arazoak konpondu ere, paper lanean galduta nenbilenean unibertsitatera sartu berritan (eta geroago ere bai!). Beste lankide bat ere igo zen, zeinarekin duela urte batzuk eztabaida bat izan nuen. Ez genuen lortu ados jartzea, baina behin ere ez genion elkarri begirunea galdu eta, harrezkero, gure opera zaletasun sutsuak elkartu gaitu. Aurreko errektoretza taldeetako kide bat ere igo zen. Hamaika hizketaldi amaigabe izandakoak ginen bete ezinezko utopiez, eta une gozo eta garratzak bizi izan genituen elkarrekin, betirako lotura sortzen duten horietakoak. Errektoreordea nintzela izan nuen idazkaria ere igo zen oholtzara, beti goxoa, irribarretsua, eraginkorra, ausarta, kontatzeko hamaika istorioren jabea. Ikertzaile ospetsu eta solaskide handia den beste lankide bat ere igo zen, urteetan zehar mintzaide izan dudana interes handiko berbaldi atseginetan, mundu akademikoaz eta bizitzaz, oro har. Irakasle mediko bat ere igo zen, asko eta askotan erreferentzia izan dudana osasunaren arloko hezkuntzaren hobekuntzaz hausnartzeko, eta helduleku sendo gertatu zaidana familiakoen osasunagatik igarotako trantze zailetan.

Eta jarrai nezake; askoz pertsona gehiago igo ziren: ikertaldeko kide bat, institutu garaiko irakasle ezagun bat, nire fakultateko eta beste fakultate batzuetako administrariak eta lankideak. Konturatu nintzen zenbat zor nien eta, ekitaldia aurrera zihoalarik, unibertsitatea horixe dela pentsatu nuen. Unibertsitatea ez da izaki abstraktu bat, pertsona konkretuen mosaiko bat baizik, eta pieza horiek bidea egiten dute eta proiektu kolektibo bihurtzen dute akademia, jakintzaren bidez gizartea hobetuz. Bide horretan egiten diren ekarpenak ez dira isolatuak, lan kolektibo batean bilbatzen dira, eta haren arrakasta gure arteko harreman profesionalen eta pertsonalen mende dago.

Beraz, apirileko egun horretan eskerrak eman nizkien pertsona horiei beren lanagatik eta nire bizitzan utzi duten aztarnagatik. Haiei zor diet, hein handi batean, ni naizena, eurek urratutako bidetik joan bainaiz, haien lorratzari jarraituz. Arrakasta eta porrotekin, batzuetan asmatuz eta bestetan huts eginez, lehengoek guri lagundu digute, eta orain geuk laguntzen diegu datozenei. Gure leloaren emaitza gara: Eman ta zabal zazu.

Akorduan izan behar dugu hori,zeren, ohitura izaten denez erruak eta merezimenduak gizabanakoei edo talde txikiei egoztea, errealitate hori ezkutuan geratzen baita sarri. Ohikotik aldentzen dena albiste bihurtzen da, baina, paradoxikoki, normalean ikusten ez dena da garrantzitsuena, ohikoa da erabakigarria. Gogora ekarri nahi dut ideia xume bezain ahaztu bat: hots ttiki-ttikia eginda intxaur ugari ematen dituzten pertsona askok eta askok eraikitzen dute egunero unibertsitatea. Eskerrik asko bihotzez guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.