Eskulturari hauspoa emateko

Euskal Herri osoko hamarnaka artistak Euskal Eskultoreen Elkartea sortu dute. Beren lana ezagutaraztea dute xede nagusi; horretarako, erakusketa kolektiboak aurkezten ari dira

Uxue Lasa Euskal Eskultoreen Elkarteko lehendakariordea, Kilometroak festari laguntzeko berrogeitik gora artistak egin duten erakusketan, Ibarran. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Eskultura izan da euskal artearen ikur nagusietako bat urte luzez. Gaur egun ere, ugari dira adierazpide hori lantzen duten artistak, baina arlo horretako hainbat sortzailek uste dute horietako askoren izenak eta obrak ez direla hain ezagunak herritarren artean. «Egia da hemen figura handiak ditugula eskulturan, gure maisuak izan direnak, baina gaur egungo eskultore gazteei buruz ez dugu askorik entzuten, eta zaila da haien lana ikustea», Uxue Lasa Ameztoiren hitzetan. «Beti Oteiza, Txillida eta Basterretxea aipatu ohi dira; lan handia egin zuten bere garaian, eta erreferenteak dira gu guztiontzat, baina iruditzen zaigu eskultore berrien lanak ikustea falta dela, izen berriak ekartzea, emakumeenak bereziki». Hutsune hori betetzeko asmoz, Euskal Eskultoreen Elkartea sortu dute Euskal Herri osoko dozenaka artistak. Haien lana herritarrei hurbiltzea dute xede nagusi, elkarteko lehendakariordeak BERRIAri azaldu dionez. «Oraintxe sortu gara, eta batzarrak egiten gabiltza, baina uste dut ahalik eta erakusketa gehien egitea dela denon helburua. Euskal Herrian ari gara oraingoz, eta, ahal bada, gure lana kanpora ere eramatea da ideia».

Azken sei urteotan Aralarren egin izan den Azken Muga jaialdiak badu zerikusirik elkartearen sorreran. Hainbat sortzaile bildu izan ditu jaialdiak urtero, eskultoreak tartean, eta hartan ernatu zen elkartea sortzeko ideia, Lasak azaldu duenez. «Jendea batzen hasi zen, eta antolatzeko beharra ikusi genuen». 70 kide inguruk osatzen dute gaur egun elkartea, eta eskultoreak ez ezik, bestelako lagunak ere badira. «Elkartea irekia da, eta laguntzaileak ere baditugu, eskulturan ez dabiltzanak baina beren lana eskaintzen digutenak erakusketak prestatzeko edo herriz herri mugitzeko».

Hain zuzen ere, Gaurko euskal eskultura erakusketa ibiltaria martxan dute. Euskal Herri osoko ehun eskultore baino gehiagoren lanak biltzen ditu. Egun euskal eskulturan lantzen ari diren bideen aniztasunaren lekuko da, askotariko obrak baitaude. «Gainera, jende gehiago ari zaigu biltzen astetik astera, eta gero eta handiagoa da». Lanek neurri jakin bat izatea da parte hartzeko baldintza bakarra, Lasak zehaztu duenez; horregatik, zabala da artisten ezaugarriei eta lan moldeei dagokienez. «Estilo pila bat daude, eta Euskal Herriko toki guztietako jendea. Kultura askotako jendea ere badago, egun Euskal Herrian bizi dena, eta gustatuko litzaiguke are gehiagok parte hartzea».

Elkarteak bere buruari jarritako zenbait helburu betetzen ditu erakusketak. Izan ere, artistei beren obrak aurkezteko bidea ematen die, batetik. Lasa: «Eskulturatik bizitzea oso zaila da egun, eta jende gehienak beste lan bat dauka. Erakusketa handi bat betetzea oso zaila da horretan bakarrik lan egiten ez duen artista bakar batentzat. Hortaz, ehundik gora pertsonarekin erakusketa egiteko aukera edukitzeak asko errazten du gure lana erakustea». Eta, bestetik, artista horiek eta haien lanak ezagutzeko bidea ematen die herritarrei. «Nik uste dut jendeak askotan pentsatzen duela eskulturaz disfrutatzeko ulertu egin behar dutela, eta erakusketa hauetan ematen ditugu bisita gidatuak eta azalpenak, baina, dena den, inportantea da esatea zerbait gustatzen zaizun jakiteko, askotan, ez duzula ulertu beharrik, sentsazio kontua dela».

Jendea eskulturara «konplexurik gabe» hurbiltzea nahi dute, azken batean. «Gustatzen zaigu denetariko jendea joatea erakusketara, eta bereziki umeak; orain, pantailekin, dena bi dimentsiotan ikusten dute, eta eskulturak aukera ematen du ukitzeko eta beste era batera sentitzeko».

Jada egin du bidea: Lekunberrin (Nafarroa) izan zen ikusgai lehenik; Santurtzi (Bizkaia), Beasain (Gipuzkoa) eta Angelura (Lapurdi) heldu zen gero; Hazparnen (Lapurdi) ikus daiteke egunotan; eta, maiatzaren 6an, Tolosara (Gipuzkoa) ailegatuko da.

Era berean, Kilometroak ikastolen festari laguntzeko —aurten Ibarran (Gipuzkoa) izango da—, beste erakusketa bat prestatzen ari dira. Atzo inauguratu zuten, Ibarrako Kultur Etxean, eta berrogeitik gora artistaren lanak biltzen ditu. Eskoletan haurrei tailerrak emateko asmoa ere badutela gaineratu du Lasak.

Ibilbide baten segida

Barakaldoko (Bizkaia) Ilgner eraikinean hilaren 7an zabaldu zuten Bigarrena izeneko erakusketan aurkeztu zuten elkarte sortu berria. Hain zuzen, eraikin hartan Euskal Artearen Erakusketa antolatu zuten duela mende erdi: 1971ko abendutik 1972ko otsailera ikusgai egon zen. Obren aukeraketaz arduratzen zen komisariorik ez zenez egon, ezta parte hartzea definitzeko irizpiderik ere, La indiscriminada (Bereizi gabea) izena hartu zuen, eta berrehun artistaren laurehun bat lan bildu zituen. Urteurrenaren harira zabaldu dute Bigarrena erakusketa, elkartean bildutako artisten bultzadaz. Fernando Golvano izan da komisarioa, 74 eskultoreren beste horrenbeste obra bildu dituzte, eta ekainaren 17ra arte izango dira ikusgai; haren osagarri, jarduera programa zabal bat ere antolatu dute.

Aurkezpenean azaldu zutenez, 70eko urteak euskal eskulturaren urrezko aroaren hasieratzat hartu izan dira. Ordutik bilakaera bat izan dela uste du Lasak: «Elkartean 60 urtetik gorako jende asko dago: asko irakasten digute, eta eskarmentua eskaini, baina gazteok lan egiteko beste era batzuk ditugu. Burdinatik, harritik eta egurretik atera gara; beste material batzuk erabiltzen ditugu, beste kolore batzuk...».

Garai batean euskal artistek elkartzeko zuten joera ere apalduz joan da urteekin, eta, egun, atomizatuagoa dago kolektiboa. «Gizartea ere indibidualistagoa da, nork bere etxean egiten du lan... Eta hau aukera ona da guretzat ere besteek nola lan egiten duten ikusteko; ekarpen handia egiten digu talde lan honek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.