KRITIKA. Musika

Itzulera emankorra

2017ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun

BBCko Orkestra Filarmonikoa

Zuzendaria: Juanjo Mena. Pianista: Stephen Hough. Egitaraua: Vaughan Williams, Sergei Raxmaninof eta Edward Elgarrenlanak. Non: Bilboko Arriaga antzokian. Noiz: Maiatzaren 16an.

Ikusmin handia sortu du Bilbon Juanjo Menak, BOSeko (Bilboko Orkestra Sinfonikoa) zuzendari izandakoak eta gaur egunBBC Philharmonic orkestrako pupitrearen aurrean dagoenak. Izan ere, Gasteizko maisua baita, zorionez, nazioarteko mailan euskaldunok daukagun musika zuzendaririk kontsakratuena. Eta, zinez, ez zuen batere makur egin. Ezin da kontzertu bakar bati erreparatuta artistaren bilakaera behar bezala aztertu, baina nabarmena da Menak lehengo gorputzaldi estetikoari eusten diola: hots, entregari, agintaritzari, sentsibilitate eta zehaztasun musikalei. Beharbada, egun, horiei gaineratu beharko diegu haren kultura musikalaren hedapena eta heldutasuna. Bada, horren adibide izan da orkestra britainiarraren aitzinean eskaini digun kalitatezko egitaraua, zati handi batean ezohikoa gure artean. Gutxi ezagutua baita, Vaughan Williamsen The Wasps edo Liztorren Obertura, herrikoi doinuez igurtzitako musika erakargarria. Bertan, BBCko orkestrak lan ordu askotan lortu dituen diziplina, talde-zentzua, zehaztasuna eta soinu propioa agerian utzi zituen.

Aldiz, ezagunagoa da guretzat, Sergei Raxmaninofek Paganiniren gai baten gainean egindako Rapsodia piano eta orkestrarako. Haren 24 aldakiak pianorako labirintoa baino ez dira bakarlarientzat, eta ariketa ona orkestra batentzat. Stephen Hough musikari eta pianistak neurrizko irakurketa egin zuen, digitazio egokia adieraziz pasarte guztietan, eta modu birtuosoan irten zen konpositoreak jarritako arazoetatik. Publikoari esker ona adierazteko Debussyren Ilargiaren argiunea eskaini zigun.

Gutxitan entzuten da gure artean BBCko orkestrak jo zigun Edward Elgarren 1.Sinfonia: aberastasun, eta aldi berean, konplexutasun handiko sinfonia luzea da, eta egokia orkestra baten boterea eta adierazkortasuna azaltzeko. Lau zatitan banatzen den pieza andante-arekin hasten da Ponpazia eta Zirkunstanzia izeneko martxa gogoratu diguna, sinfoniaren gai-motorra bihurturik. Ahalegin handia egin zuten bai musikariek eta baita zuzendariak ere, allegro molto, adagio zoragarria eta azken lento-allegro-arekin hasierako gaiarekin bukatzeko, apoteosi batean. Kontzertua ez zen horretan amaitu. Juanjo Menak eta BBCko orkestrak, esker onez, omendu nahi zituzten Bilboko konpositoreak, Arriaga eta Kleto Zabala, hain zuzen ere; bakoitzaren pieza bana eskaini zuten. Ondarroako kritiko eta musikologoa zen J.A. Zubikarai ere omendu zuten. Artegintzaren parean gizatasun lege.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.