Guggenheim Urdaibain? Ez eta ez!

Eider Gotxi Aurtenetxea eta Erroxeli Ojinaga
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
EAJren izenean Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaia den Elixabete Etxanoberen hitzetan, «bai ala bai» egingo da Guggenheim Fundazioak Urdaibairako atondu duen proiektua. Gainera, egitasmo horrek Busturialdeko gaitz guztiak konponduko ei ditu: artea eta natura integratu, inguruneari balioa eman, jarduera ekonomikoa sustatu, kalitatezko enplegua bultzatu... Baina kontuz, ez gaitzatela euren sareetan harrapatu: proiektu honek ez ditu herritarrak ardatz; beste interes batzuk ditu, eta, zoritxarrez, horien artean ez da sartzen Busturialdearen etorkizuna.

Guggenheim Urdaibai proiektua ilunpean sortu eta garatu dute, eta ustez ezinbesteko proiektu bat bada ere, isilean gorde dute hauteskunde-garaia heldu arte. Gainera, administrazio publikoetan zatika aurkeztu behar izan dute, osotasunak bultzatzaileak eurak ere beldurtzen dituelako.

Halandaze, amaitu berria den hauteskunde-kanpainan behin eta berriro entzun dugu museoa bai ala bai egingo dela, eta aldundian Unai Rementeriaren ordezko izango den Etxanobek haren hitz berak erabili ditu proiektua aurkezteko. Gu kezkatuta gaude, oso. Etxanobek «bai ala bai» egingo dela esaten duenean, zer adierazi nahi du? Urdaibaiko biosfera-erreserba babesten duten arau eta lege guztien gainetik bada ere, egin egingo dela? Herritarren nahi eta benetako beharren gainetik bada ere, egin egingo dela?

Ez dituztela errespetatuko Unescok ezarritako arauak? Ez dutela beteko Eusko Jaurlaritzak 1989ko uztailean aho batez onartutako Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Babes eta Ordenamendurako Legea? Ez dietela jaramonik egingo Europa 2000 Sarearenbarnean babestuta dauden hiru Kontserbazio Bereziko Eremuei eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuari? Ez dutela begiratuko mundu mailan Urdaibaiko hezegunea babesten duen Ramsar legea? Ez dituztela aintzat hartuko arriskuan dauden edo Komunitatearen interesekoak diren 85 espezieak eta horiek babesteko eurek egin dituzten lege eta planak?

Izan ere, EAJk ondotxo daki Urdaibaiko biosfera eremu babestua dela eta, gaur egungo legea kontuan hartuta, ezinezkoa dela eurek proposatzen duten proiektua egitea. Zergatik eskatu dio Espainiako Gobernuan kostaldeez arduratzen den ministerioari babes-eremua ehun metrotik hogei metrora murrizteko? Zer eskatu diote: legea aldatzeko, oro har, ala kasu eta leku zehatz honetan malgu jokatzeko?

Komunikabideetan behin eta berriro errepikatzen dute eskualdeak behea jo duela ekonomikoki. Jakina: herritarrei proiektu bat saltzeko, lehenik eta behin arazo bat dutela sinetsarazi behar zaie, gero irtenbidea eskaintzeko. Eta, noski, irtenbide bakarra Guggenheim museoa ei da. Non geratu dira Busturialderako egin diren plan sozioekonomiko ugariak? Horietako batzuk aho batez onartu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, halere, ez dituzte sekula martxan ipini. Administrazioek zor itzela dute Busturialdearekin. Eurak dira eskualdea hiltzen utzi dutenak, eta orain hortxe datoz, euren proiektuarekin eta guztion diruarekin berpiztu nahian.

Bat gatoz eurekin: behar-beharrezkoa da lur kutsatuak eta akuiferoak garbitzea. Egin ditzatela lan horiek, baina ez inori euren proiektuak inposatzeko, baizik eta herritarrok eta ingurumenak horrenbeste merezi dugulako. Museoaren egitasmoa ezkutuan eta legeak gutxietsiz garatzea eta gero hauteskunde-kanpainan ezinbesteko proiektutzat aurkeztea... Hori ez, herritarrok ez dugu horrelakorik merezi. Jarrera inposatzaileak albo batera utzi, eta herritarren partaidetza bultzatu behar lukete; eskura duten informazioa partekatu, eta adituei entzun.

Pandemia-garaian hau eta hori ikasiko genuela eta, hauek behintzat ez dute ezertxo ere ikasi. Zer gertatu zen turismoarekin eta horren inguruko guztiarekin? Erreka jo zuen. Baina,dirudienez, ahaztu zaie daborduko. Orain, eskualde osoaren etorkizuna proiektu honen menpe jarri nahi dute. Gure etorkizuna, turismoaren esku. Gure bizi-kalitatea, turismoaren esku. Gure gazteentzat behar luketen etxebizitzak, turismoaren esku. Gure hizkuntza, gure kultura... gure Urdaibai! Eta hori guztia, zeren truke?

Guk argi dugu ez dela enpleguaren truke, baizik eta prekaritatearen eta eskubideak urratzearen ordean. Bilboko Guggenheim Fundazioko beharginen lan-baldintzei begiratu besterik ez dago. Esate batera, turismo-gidariek euren poltsikotik ordaindu behar dituzte bisitariei azaltzeko ikasi behardituzten gaien gidaliburuak, eta orduko 5,35 euro gordin ordaintzen diete, inolako egonkortasunik eskaini gabe. Ildo beretik, garbitzaileen lan-baldintzak ere penagarriak dira; besteak beste, euren soldatak ez dira gutxienekora iristen, eta astelehenetik igandera bitartean lan egin behar dute.

Kultura ere ez dute bultzatuko;are gutxiago hemengoa. Orain arte, behintzat, behin ere ez dute aipatu ez kultura, ez artea, ez artistak... Pentsa, eraikinen ardura ere kanpoko arkitekto bati esleitu diote, New Yorkeko bati, eta diskurtsoan dirutzak, milioi dantzak eta sekulako etekin ekonomikoak baino ez dituzte aipatzen.

Hemendik eta handik saiatuko zarete. Legeak urratuz, malgutuz, gutxietsiz, alboratuz. Herritarrei gezurrak esanez, informazioa ezkutatuz, nagusikeriaz... Goitik behera, horixe baita zuen estiloa, horixe zuen ibilbide politikoan harrotasunez findu duzuen «kudeatzaile teknikoaren profila».

Zuek «bai ala bai» diozue. Guk, ostera, «ez eta ez» diogu. «Ez» diotsegu legeak urratzeari, eta «ez» diotsegu herritarren nahi eta beharren gainetik zuen diru-gosea aseko duten proiektuak inposatzeari.

Ez dugu etsiko, aurrean izango gaituzue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.