Donostiako 70. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera

Gizonek sexualitateaz diotena

Ruth Beckermanek dozenaka gizon filmatu ditu XX. mendearen hasierako testu pornografiko baten inguruan hizketan 'Mutzenbacher'-en. Eskola magistral bat eman du haren aitzakian

Ruth Beckerman zinemagilea, herenegun, Nest sailaren barruan antolatutako eskola magistralean, Tabakaleran. ULISES PROUST / DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Soila da, itxuraz, Ruth Beckermanen (Viena, 1962) film berria, Mutzenbacher; sofa bat ageri da fabrika zahar batean, eta han doaz esertzen, banaka zein talde txikietan, askotariko gizonak. Zuzendariaren ahotsa entzuten da kameraren bestaldetik, eta XX. mendearen hasierako nobela «pornografiko» bateko pasarteetatik tiraka —Josefine Mutzenbacher. Prostituta vienar baten historia (1906)—, pasarteak irakurri eta haren gaineko irudipenak kontatzen dizkiote kamerari adin eta eite askotako gizonek. Jakin-mina piztu du ekoizpenak—«oihartzun hau guztia ezusteko handia izan da niretzat; Berlingo saria [film onena Encounters sailean], bidaiak... beste lan batzuei baino denbora gutxiago eskaini diot»—, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean egin dio lekua Donostiako 70. Zinemaldiak. Filma aurkezteaz gain, Nest sailaren barruko eskola magistral bat eman zuen herenegun zuzendariak.

Bera zinema egitera nola heldu zen kontatu zuen aurrena, eta, entzuleen artean Elias Kerejeta zine eskolako ikasle ugari zirela, aipatu zuen berak ez duela klaserik inoiz hartu. «80ko hamarkadan, enpresa katoliko oso kontserbadoreen esku zegoen zinema Austrian. Gu ezkerreko mugimendu militanteetan ibiltzen ginen, eta konturatu ginen apenas zegoela filmik grebak, abortuaren aldeko borroka, apartheida eta beste erakusten zituenik». Hastapen horiengatik, tarteka «alde teknikoetan» ezjakin sentitzen dela aitortu zuen. «Tripodeak ez zaizkit batere gustatzen».

Filmografia oparoa du Reckermanek —The Paper Bridge (1987), East of War (1996), The Waldheim Waltz (2018) eta abar—, eta pandemiak bertan behera utzi zizkion bidean zituen bi lan berri, bata Afrikan filmatzekoa zena eta bestea Vienako eskola batean. Orduan ikusi zuen Mutzenbacher-i heltzeko aukera. «Gaztetxotan irakurri nuen, garai hartako beste askok bezala, eta nirekin izan dut ordutik. Internetik gabe, liburuetan aritzen ginen gauza debekatuen bila».

Proiektua edozein dela ere, lehen egitekoa ideia zentratu eta tratamendu bat idaztea da zuzendariarentzat. «Laburpen bat, finantzatuko nautenak edo ez nautenak seduzitzeko. Berme hori gabe, zaila zait aurrera egitea». Lortzen badu, orduan heltzen dio gidoiari. «Bidaia baten hasiera moduan hartzen dut. Gidoi oso itxi bat banu eta hori exekutatzea soilik balitz nire lana, zeharo aspertuko nintzateke». Mutzenbacher-en, garrantzia eman dio filmatu aurretik egindako lanari; garai hartako testuak irakurtzeari—«ordukoak dira Freuden sexualitateari buruzko teoriak»—, eta hainbat prostitutarekin hitz egin izanari.

«Josefine Mutzenbacher. Prostituta vienar baten historia-ren inguruko film baterako 16 eta 99 urte arteko gizonak behar ditugu». Iragarki bidez lortu zuten filmerako taldea. 150 agertu ziren, eta erdiek inguru hartu dute parte. Kamera martxan zela hitz egin zuen lehenengoz haiekin zuzendariak. «Liburuaren aitzakian, gizonak sexualitateaz hitz egiten jarri nahi nituen, modu espontaneo batean, erreparatzeko ez soilik zer esaten duten, baizik eta nola; nola esertzen diren sofan, nola irakurtzen duten...».

Muntaketa fasea, berriz, «berridazketa» dela defendatu zuen. «Ekarpena egiten duen materiala erreskatatu behar da, ez interesik gabekoa baztertu. Ni zintarekin lan egiten zen garaian hasi nintzen zineman, eta edizioa eta muntaketa erradikalki aldatu badira ere, niretzat aldatu ez dena da filma eraiki egin behar dela, eta ez osotasun batetik moztu».

Rolak iraultzea

Filmak ekarri dizkion ezuste eta bizipenez galdetuta, castingetako ohiko rolak irauli izana gustatu zaiola esan zuen —«ohikoena da sofan neskak egotea, zuzendari gizona liluratzen saiatzen»—, baita gizonek «aurreiritzirik gabe» jardun izana ere filmaketan. «Badago bat esaten duena neska gazte bat atzetik ikustean sentitu dezakezula txispa bat, nahiz etabuelta eman, eta neskato bat dela ohartzean muga bat izan. Zintzoa iruditu zitzaidan».

Kontrakoaren beldur bazen ere, emakume askok idatzi diote zuzendariari esateko filma gustatu zaiela —«baita, aspaldi, liburu pornografikoa ere»—. Poztu du horrek Beckerman, baina garbi esan du: «Ez dut inor buruan lana egitean. Niri interesatzen bazait, aurrera jotzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.