Joao Gilberto

Bossa nova ezaugarritu zuen ahotsa

Antonio Carlos Jobimekin eta Vinicius de Moraesekin batera, Brasilgo musika irauli zuen Joao Gilbertok 1950eko hamarkadaren amaieran. Estilo berri baten sortzaile eta hedatzaile izan zen.

DARIO ZALIS / EFE.
mikel lizarralde
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gutxitan lotzen dira musika estilo bat eta ahots bat hain modu estuan. Bossa nova hitza entzun, eta segidan azaltzen da Joao Gilbertoren ahotsa (1931-2019). Hark marraztu zuen, Antonio Carlos Jobimekin (1927-1994) eta Vinicius de Moraesekin (1913-1980) batera, 1950eko hamarkadaren amaieran Rio de Janeiroko auzo burgesetan sortu zen estilo berri hura, sanbatik nahiz jazzetik edaten zuena, eta Brasilgo musika mundu osora zabalduko zuena. Gilberto, bossa novaren ahotsa, Chega de Saudade, Desafinado, Insensatez, Corcovado eta beste hamaika kantu esanguratsu kantatu zituena, larunbatean hil zen, 88 urterekin, eta azkeneko urteetan arazo ekonomiko larriak igaro ostean.

Jobimek eta De Moraesek idatzitako Chega de Saudade-k eman zion aukera bakarlari gisa estreinatzeko. 1959a zen, eta, bitxia bada ere, aurreko urtean Elizeth Cardosok grabatutako bertsioan gitarra joa zuen. Baina Gilbertok grabatu zuenean hartu zuen kantuak beste arnasa bat, bossa novaren olatuari hasiera emanez. Ez zen nolanahikoa izan estilo berri hark mundu osoan baina batez ere AEBetan 60kohamarkada osoan izan zuen eragina. Hainbat jazz musikari bete-betean sartu ziren estilo berrian—Stan Getzek, esaterako, Gilbertorekin eta Jobimekin grabatu zuen Getz/Gilberto (1964) bossa-jazz fusioaren emaitza laudatu bezain arrakastatsua—, baina beste hainbatek ere sartu-irtenak egin zituzten bossa novan: Dave Brubeck, Coleman Hawkins, Dizzy Gillespie, Charlie Byrd...

Ahots goxoa zuen Gilbertok, eta gitarra jotzeko modu soil baina harmonikoarekin batera —batida deitu zutena—, eremu egokia jarri zuen bossa nova heda zedin. Bere lehen disko luzean (Chega de Saudade) Jobim / De Moraes bikotearen pieza batzuk jaso zituen, bai eta sanba batzuk eta beste hainbat herri kanta ere, baina bossa novak ekarritako soinu bereizgarrira moldatuak. Berehala zabaldu zen estilo berria herrialde osora, eta hamaika kantarik segitu zioten Gilbertok markatutako bideari: Chico Buarque, Toquiño, Elis Regina... Eta hurrengo urteetan Brasilgo musikaren ikur nagusiak izango zirenek ere (Caetano Veloso, Gilberto Gil, Maria Bethania) bossa novaren eragina izan zuten, nahiz eta rock-and-rollarekin, psikodeliarekin eta herri musikarekin uztartu zuten mugimendu berri batean (tropikalismoa).

Hain zuzen ere, Velosok, Gilbertoren heriotzaren berri jakin berritan, «artista brasildarrik handiena» izan dela adierazi zuen. Eta Gilberto Gil abeslari eta ministro ohiak ere laudorio hitzak izan zituen harentzat: «Ehun urtetik behin, bat agertzen da, eta 25 urtetik behin, dizipulu bat. Bat hori da Joao. Eta berak hezi zuen dizipulu sorta ere hor dago».

1965era bitartean grabatu zuen bere diskografiaren corpusa Gilbertok, eta, orduz geroztik, denbora tarte luzeak igaro zituen diskotik diskora. Azken bi hamarkadetan, berriz, oso noizbehinka baino ez zen igotzen oholtzara ezagun egin zuten kantuak interpretatzera. Gitarraren laguntza hutsarekin aritzen zen; soil, beti gustatu zitzaion moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.