Paretetatik munduari

Iaz munduan egindako ehun muralik onenen artean jaso dituzte Lian eta Udane Juaristi 'Udatxo' artistenak. Leitzan dago lehenbizikoak egindakoa, Oviedon bigarrenarena. Eskoziako 'StreetArt360' atari digital espezializatuak egin du sailkapena. «Aldarrikatzen» eta pareta zaharrak «berritzen» ari dira artista horiek.

Puxika efektua. Balloon Graff estiloaren sortzailea dela dio Jay Fanakapan artistak. Munduko ehun onenen artean dago Berlinen egindako irudi hori. NIKA CRAMER.
Iker Tubia.
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Leitzan (Nafarroa) bada emakume zahar bat, handia, bisai zuri-beltzezkoa, koloretako ilearekin txirikorda egiten duena. Ile-sorta gorriak, urdinak, berdeak, horiak, moreak eta laranjak estu lotzen dizkio elkarri Atekabeltz gaztetxeko pareta luze-zabalean behera. Lian artistak egindako horma irudia da: Eskoziako StreetArt360 atari digitalaren arabera, iaz munduan egindako ehun mural onenetan 46.a.


Udane Juaristi Udatxo artistak Oviedon eginiko murala. Argazkia: Fernando Alcala.

Euskaldun bat ere badago ehun onenen artean, 66. postuan. Zaharra eta berria, zuri-beltza eta kolorea, pareta eta mezua parez pare jarri ditu. Oviedoko (Espainia) taberna zahar bateko pareta zahar bat berritu du Udane Juaristi Udatxo artistak bere margoekin. Belaunaldiz belaunaldi aurrera egin du taberna horrek, eta ibilbide horretan ateratako argazki zahar batek piztu zuen Udatxoren inspirazioa. «Oso nirea da mural hau, paisaia urbanoa delako, eta zaharraren eta berriaren arteko kontrastea asko erabiltzen dudalako nire lanetan».

Lianek ezagun zuen Atekabeltzeko pareta. 2008an mural bat egin zuen han, baina, eraikinean lanak egin zituztenez, berria egin behar izan du aurten. Gaztetxekoek hitz batzuk eman zizkioten: auzolana, autogestioa, elkartasuna, feminista, euskalduna, askea... «Lehen begiratuan zaharraren eta berriaren nahasketa ikus liteke, baina, harago joan liteke: emakumea herria izan liteke, eta zenbait ideia —koloreak— batzen ditu zerbait eder eta indartsua egiteko —txirikorda—». Eraztunean Alde hemendik kanpainaren irudia dago, eraikin hura gaztetxe izan aurretik Guardia Zibilaren kuartela zela gogoraraziz.

«Oso harro nago mural hau egin izanaz; zalantzarik gabe, nire gogokoena da», esan du Lianek, Australiatik idatzitako erantzunetan. «Modeloa oso garrantzitsua da niretzat, amatzat baitaukat». AEBetan sortu bazen ere, katalana dela dio, han bizi izan baita denbora luzez, duela gutxi Euskal Herrira etorri zen arte. Atxondon (Bizkaia) du orain etxea, munduko kaleak lantoki. AEBak, Alemania, Italia, Espainia... han eta hemen ibili da aurten ere muralak egiten. Euskal Herrian ohikoak dira haren irudiak: «Askotan egiten dut lan herri mugimenduekin, herriarekin komunikatzeko modurik onenetako bat paretak baitira», azaldu du. «Gune grisak errekuperatzeko eta auzokoekin konektatzeko alternatiba bihurtu da adierazpen artistiko hau, eta, gainera, identitate soziala indartzen du».

Zaharrak berri

Hasi zenean baino onarpen handiagoa dute orain muralek, Lianen ustez. Modernotzat jo badaiteke ere, betiko kontua izan da: «Paretak margotzea Neolitoa bezain zaharra da, eta bere marka propioa duen kaleko artista bat bezain gaurkoa». Kale artearen jaialdiak asko zabaltzen ari direla dio Udatxok, eta hirietan zokoraturik dauden auzoetara artea zabaltzen dutela-eta, ongi ikusi du: «Pareta zahar bat berritzen duzu, eta piztu, eta hori ederra da».


Jay Fanakapan artistak Berlinen egindako murala. Argazkia: Nika Cramer.

Dena den, lan handia dago mural handien atzean: «Leher eginda bukatzen dut, oso intentsoa delako: 3-5 egunean egin behar duzu, garabian igota, dimentsio handiak dira... Gero ederra da ikusteko eta asko gogobetetzen du, baina nekagarria da». Hemendik gutxira Marokora joanen da Udatxo, beste mural bat egitera, baina Euskal Herrian ere baditu: Maulen, Baionan, Azkoitian, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Lekunberrin (Nafarroa Beherea), besteak beste. Muralen bidez artea jende gehiagok ikus dezakeela dio, eta hori goraipatu du.


Arnaud Florentin artistak Nancyn (Frantzia) egindako Flow Painting murala seigarrena da, munduko muralik onenen sailkapenean. Argazkia: Arnaud Florentin.

Lianentzat, kaleko artea aldarrikapena ere bada. Emakume gisa, zalantzan jarri nahi izaten du arteak urteetan garatutako diskurtsoa: «Eliteko kulturak emakumeok ukatzen gaitu kultura eta esanahi ekoizle gisa». Komunikatzea baita kaleko artisten helburua. Jaialdietan parte hartuz zein bezeroen enkarguz, haien eskuak mintzo zaizkio paretatik munduari.


Munduko ehun muralen zerrendako onenetatik lehenbizikoa da hau, Nils Westergard artistak Virginian (AEB) egindakoa. Argazkia: Nils

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.