Bitartekoek moldatutako artea

'Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora' erakusketak zinemaren eta artearen arteko harremana aztertzen du. Donostiako Tabakaleran jarri dute ikusgai, 2021eko urtarrilaren 31ra bitarte

Lehen planoan, Jose Antonio Sistiagak ...ere erera baleibu izik subua aruaren... filmerako margotutako hainbat zeluloide zinta, eta, atzean, Joana Mollen The Hidden Life on an Amazon User obra. Bi horiek eta beste hamaika artistaren lanak bildu dituzte Donostiako Tabakaleran ikusgai dagoen erakusketan. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Bidaia bat zinema esperimentalaren mende beteko historian: horixe da Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketaren proposamena. Horretarako, hainbat belaunalditako 30 artista eta zinemagileren lanak bildu dituzte Donostiako Tabakalerako 1. solairuko aretoan. Ikus-entzunezko piezak dira gehienak, baina badira instalazioak eta koadroak ere, formatu eta teknika askotarikoak erakusten dituztenak. Izan ere, azken ehun urteetan bitarteko teknologikoek izan duten garapenaren isla ere bada bilduma; garaian garaiko baliabideekin sortzaileek gauzatutako esperimentazioa ere aztertzen baitu. Florian Wustek egin ditu komisario lanak, eta Tabakaleraren, Donostiako Zinemaldiaren eta Elias Kerejeta Zine Eskolaren arteko elkarlanaren emaitza da. Atzo zabaldu zuten erakusketa, kultura garaikidearen zentroak ateak ireki zituela bost urte bete ziren egunean, eta 2021eko urtarrilaren 31ra bitartean egongo da ikusgai.

Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariaren hitzetan, «azken ehun urteetako artearen ibilbide berritzaile bat» erakusten du bildumak. Formatuen eta bitartekoen aniztasuna nabarmendu zuen, sorkuntza artistikoaren eta baldintza materialen arteko lotura argiki islatzen duelakoan. «Bitarteko teknikoek eta garapen teknologikoak sorkuntza artistikoa eta ekoizpen kulturala baldintzatu dituzte, garai bakoitzean bere moduan, eta arteak ere gaitzat hartu izan ditu baldintza material horiek; batzuetan, modu berritzaile, kritiko edo esperimental batean».

Aise antzeman daitekeen aniztasun horren adibide dira, besteak beste, Ruth Wolf-Rehfeldtek idazmakinaz landutako marrazkiak, teknologiaren inpaktua ezbaian jartzen duten obrak —hala nola Joana Mollen The Hidden Life of an Amazon User (2019)—, eta kamerarik gabe egindako zinema piezak —Jose Antonio Sistiagak ...ere erera baleibu izik subua aruaren... (1968-1970) filmerako eskuz margotutako zeluloidezko hainbat zinta daude ikusgai—.

Wustek gogora ekarri zuenteknologiak «garapen izugarria» izan duela azken mendean, eta nabarmendu bilakaera horrek sorkuntzan izan duen eraginean sakondu behar dela. Arte konputazionala aipatu zuen horren adibide gisa, baita Sony Portapak kamerak bideo artean ekarritako iraultza ere —kameretako bat ikusgai dago aretoan—. Komisarioak zehaztu zuen bildumak erakusten duena mende beteko historia horren interpretazio subjektibo bat dela, «historia horren mila historia» daudela iritzita. «Erlazio berriak sortzeko saiakera bat da erakusketa hau».

Lehen bideo-lan esperimental abstraktuetatik pieza digitaletaraino doan ibilbide horretan, askotariko lanak aurkituko ditu bisitariak. Horien artean dira, aurrez aipatutakoez gain, Walter Ruttmanek eta Bauhauseko ikasle Lore Leudesdorffek ondutako Opus IV (1925) film abstraktua; Robert Jankerrek X izpiekin sortutako pelikulak; Javier Agirre euskal zinemagileak 1967 eta 1971 artean filmatutako Anti-Cine sortako bost lan labur; Salvador Dalik eta Philippe Halsman argazkilariak New Yorkeko estudio batean grabatutako Chaos and Creation (1960) filma, eta Baloji musikari eta multimedia artista kongoarraren Zombies (2019) film labur satirikoa, besteak beste.

Ziklo berri bateko lehena

Erakusketa sorta baten lehen alea da Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora. Izan ere,Tabakalerak zinemaren eta artearen arteko harremana aztertuko duen ziklo berri bat abiatu du harekin. Irailero, eta Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez, lotura hori aztergai izango duen erakusketa bat hartuko du zentroak aurrerantzean. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, «tabakaleraren xede nagusietako bat artearen eta publikoaren artean bitartekotza egitea da. Esperientzia artistikora inguratzen gaituen horretara, hirira eta han gertatzen direnetara hurbiltzeko ahalegin horretan, erabat logikoa iruditu zitzaigun erakusketa ildo berri honi hasiera ematea». Haren iritziz, gainera, bide horrek aukera ekarriko du zinema ardatz duten eta Tabakaleran lanean ari diren erakundeen arteko lankidetzan sakontzeko, hala nola Zinemaldiarekin, Elias Kerejeta Zine Eskolarekin eta Euskadiko Filmategiarekin.

Ideia hori nabarmendu zuen Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak ere. «Tabakalera proiektu zoragarria da; ziur nago urte batzuk barru emango dituela bere fruiturik sendoenak, eta uste dut horiek, neurri handi batean, pixkanaka garatzen ari den elkarlan horren ondorio direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.