Pintura beti itzultzen da

Idoia Monton artista donostiarrak azken hiru hamarkadatan egindako lanaren berri ematen duten 90 artelan batu ditu Bilboko Rekalde aretoak, 'Zazpi leihoak' izenburupean

Bilboko Rekalde aretoan 90 margolan batu ditu Idoia Monton artista donostiarrak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Bertigoa sentitu duela dio. Azken hiru hamarkadatan sortutako 90 margolan bildu ditu Idoia Monton artistak (Donostia, 1969) Bilboko Rekalde aretoan. Zazpi leihoak deitu du erakusketa, eta eskulturatik gertuen sortutako hasierako lanetatik hasi, eta oraindik ere lantzen dabilen azken lan ildorainoko guztiak erakusten ditu. «Hau da nire pintore bizitza umila, osorik». Otsailaren 27ra arte egongo da ikusgai.

Leioako Arte Ederren Fakultatean egin zituen ikasketak, eta hamabost urte egin zituen Bilbon bizitzen. Angel Bados eta Bonifacio Alonsorekin ere izan zen Artelekun, eta eskulturarekin hasi zuen bere ibilbidea. «Oso garrantzitsua zen eskultura orduan». Lehen sasoi haren oihartzuna mantentzen duten pieza erdi eskultoriko batzuk ere topatuko ditu bisitariak. Hastapen horretan kokatu ditu sortzaileak 90eko hamarkadako paper ebakiz eta kartoi puskaz sortutako collageak, esaterako; baina pinturan gero eta gehiago murgilduz joan zen Monton hortik aurrera. Euskal Herrian «bakartu antza» sentitzen zen, ordea, eta Bartzelonara joan zen bizitzera orduan, eta han bizi da geroztik.

Operazio erakargarriagoak

Baina Bartzelona ere ez zuen bere lekua berehalakoan topatu. «Pintura oso menostua zegoen sasoi hartan, eta Bartzelonan are menostuago. Antzinako lengoaia bat balitz bezala zen jendearentzat, baina badakigu pintura beti itzultzen dela».

Eta kontrako giro horren eta hari aurre egiteko artistak topatutako bideen berri ematen du, hain justu, erakusketako gelaxketako batek. Ezkerreko horman,hiru erretratu klasiko topatuko ditu bisitariak, baina, Bartzelonan harrera epela izango zutela jakinik, lan horiek beste era batera aurkezten saiatzen zen Monton. Gela bereko eskuineko horman dago horren froga. Bertan, ezkerreko hormako hiru erretratuen irudiak daude, baina, kasu horretan, margo gorriz egindako hainbat forma geometriko dituen plastiko garden batekin bilduta. Montonek azalpena: «Erakargarriago suerta zitezkeen halako operazioak bilatzen nituen».

Ez du argi orain pinturak harrera hobea duen, baina, dioenez, jada ez dabil hain bakarrik.

Erakusketa ez dago kronologikoki antolatuta, eta gaiaren, formaren edo sasoiaren arabera antolatu du ibilbidea. Eta gelaz gela, bistakoa da artistak darabiltzan baliabideen eta tekniken ugaritasuna. Badira margolan errealistak, errealismo barrokoa, sinbolismo handiko irudiak, baita hoditeria puskak itsatsiak dituzten margolanak ere. Bilaketa etengabean deskribatu du bere burua artistak. «Beti landu dut alor hori. Baliabide sorta bat baliatu dut pintatzen hasi nintzenetik beretik, baina baliabide horiek inoiz ez dira nahikoa, eta horregatik jarraitu dut gehiagoren bila. Lengoaia aldatzen joan naiz irudiak eraikitzeko darabiltzadan tresnak aberasteko. Aurrera eta atzera ibili naiz horretan».

Zakur burudun izaki mitologiko moduko batek emakume ilegorri bat lagunduko du eskutik koadroetako batean, alboan esfinge hegodun gisako bat daukala. Ez da bisitariak errealismo magikotik gertu topatuko duen lan bakarra. Baina bada umore tantaren bat ere tarteka. Paradisurako bidea adierazten duen seinalearen ondoan geldi dirudien furgoneta zuri bat erakusten duen koadroa, kasurako. «Transzendentziarako joera du», onartu du Montonek, «baina saiatzen naiz egiten dudanak bere grazia izan dezan eta zainduta egon dadin».

Duela bi urte Kurdistanen egindako egonaldi batean sortutako lanekin ixten da ibilbidea. Artistaren hitzetan, oraindik ere lan multzo horretan dabil buru-belarri, eta beste bi urte gehiago eskainiko dizkiola kalkulatu du.

Erakusketa trukea

Joan-etorriko erakusketa izango da Montonena. Izan ere, Vigoko Marco Arte Garaikideko Museoarekin elkarlanean ondu du Rekalde aretoak, eta elkarren truke moduko bat antolatu dute bi espazioek. Bilboko egonaldia amaitzean, Galiziara eramango dituzte Montonen lanak, eta Vigon jarriko dituzte ikusgai apirilaren 12tik uztailaren 17ra. Vigoko museoak, trukean, Manuel Quintana Martelo artistaren lanekin prestatu duen erakusketa ekarriko du Euskal Herrira, eta 2022ko martxoaren 11tik uztailaren 3ra arte egongo da Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.