Donostiako 80. Musika Hamabostaldia
Gazteak igo dira agertokira

Trio Esaldiren kontzertuarekin hasi zen atzo Donostiako Musika Hamabostaldiko Interprete gazteen zikloa; hilaren 23ra bitarte egingo dituzte emanaldiak. Orotara bost kontzertu egingo dituzte, eta 19:00etan hasiko dira, egunero, Miramar Jauregian. Gaur, Alberto Abengozar piano jotzaileak izango du saioa. «Programa nahiko osatua» interpretatuko duela azaldu zuen atzo, zikloa aurkezteko agerraldian. Frederic Chopin, Isaac Albeniz eta Johann Sebastian Bachen obrak joko ditu, besteak beste.
Four Beats perkusio laukotea, berriz, bihar igoko da oholtza gainera. Jon Pachek, Luis Manuel Alvarezek, Guillermo Eizagak eta Carlos Rubiok osatzen dute taldea, eta esan dute «musika garaikideagoa» egiten dutela. Joko dituzten abestiak «edonorentzat atseginak» izan daitekeelakoan daude, eta, besteak beste, Nigel Westlake eta Djuro Zivkovic konpositoreen obrak emango dituzte.
Luz Seseño bakarlariak klarineterako lau pieza joko ditu ostegunean emango duen kontzertuan: Johann Friedrich Burgmullerren Klarinete eta pianorako duoa, Luigi Bassiren Verdiren Rigolettori buruzko Fantasia, Debussyren Klarinete eta pianorako rapsodia, eta Franco Donatoniren Clair.
Trio Garaiz izango da Interprete gazteen zikloko azken kontzertua emango duena. Miguel Aierrak (klarinetea), Jesus Cuestak (biolontxeloa) eta Ander Marzanak (pianoa) osatzen dute taldea, eta Ludwig van Beethovenen Pianorako trioa eta Johannes Brahmsen Trio joko dituzte, ostiralean.
Interprete gazteen zikloa Trio Esaldi taldeak hasi zuen, atzo. Pau Fogas biolin jotzaileak, Maria Rodriguez biolontxelo jotzaileak eta Maria Teresa Saiz pianoak Beethovenen pianorako hirugarren trioa eta Dmitri Xostakovitxen pianorako bigarren trioa jo zituzten. Rodriguezek esan duenez, obra horiek hartu dituzte elkarrekin «alde handia» dutelako.
Datozen ostegunean eta ostiralean egingo duten Musikeler zikloa ere aurkeztu zuten atzo egindako prentsaurrekoan. Bi duok (Duo Ezust eta Duo Arai) kontzertu bana eskainiko dute, Donostiako Convent Garden aretoan, 20:00etan. Lehen bikoteak jazzarekin eta musika klasikoarekin nahasten ditu Argentinako tangoa eta musette bals frantsesa; bigarrenak, berriz, jazza eta musika klasikoa fusionatzen ditu. Kontzertuak «giro informalago batean» izango dira; bi taldeek azaldu dute errepertorioa horren arabera osatu dutela. Joko dituzten piezen artean Astor Piazzolla, Yann Tiersen eta Paquito D'Riveraren obrak daude, besteak beste.
Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak uste du bi zikloak oso egokiak direla jendea musika klasikora erakartzeko: «Berez horretarako diseinatuak ez dauden arren, ziklo onak dira musika klasikoa entzuten ez duen norbait gerturatzeko. Giroa eta tokiak [Miramar Jauregia eta Convent Garden aretoa] lasaiak, atseginak eta erakargarriak dira. Oso erraza izaten da bertan ondo pasatzea».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.