Komikiaren Nafarroako topagune

Nafarroako XII. Komiki Azoka bihar abiatuko da. Hamabi erakusketa izango dira ikusgai, Iruñean eta Lizarran. Inoiz baino artista nafar gehiago izango dira.

Komiki azokaren kartela, letrak ezabatuta. NAFARROAKO KOMIKI AZOKA.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun

Nafarroako Komiki Azoka ez da ohiko azoka bat. Ez du asmo komertzialik, eta diziplinaren alderdi artistikoan jartzen du indarra: egileen arteko topagune gisa funtzionatzen du, haien lana ezagutarazteko espazio gisa. «Interesgarriagoa iruditzen zaigu erakusketa onak antolatzea eta hainbat egunez ikusgai edukitzea, den-dena lauzpabost egunetan pilatzea baino; arraroak gara, baina horrek berezi ere egiten gaitu», adierazi du Alberto Rodriguez azokako zuzendaritzako kideak. Tiza elkarteak antolatzen du azoka, 2010etik. Elkartearen helburua komikia sustatzea da, eta asmo berarekin sortu zuen egitasmoa. Aurtengoa irailaren 3tik urriaren 3ra egingo dute.

Orain arte egindako azoken artean aurtengoa izango da «bertako talentu gehien» izango duena, artista nafar askok parte hartuko baitute. Hori da aurtengo eskaintzaren «bereizgarri nagusia», Rodriguezen hitzetan. Proposamen zabalena, ordea, ez da artista nafar batena izango, David Rubinena baizik. Rubin Espainiako komikigile nabarmenetako bat da, eta haren 300 lan original baino gehiago erakutsiko dituzte Sacrificio y ascensión (Sakrifizioa eta igoera) izeneko erakusketan, Kondestablearen jauregian. Azokaren inoizko erakusketarik handiena izango da, eta, hura osatzeko, artistak horma irudi bat egingo du aretoan.

Kondestablearen jauregia izango da azokaren egoitza nagusia, eta han egongo dira, Rubinena ez ezik, beste erakusketa nagusiak ere. Nabarmentzekoa da Begoña Zia komikilari nafarraren omenez antolatuko dutena. Zia 2019an zendu zen, eta haren neba Jesus Ziaren ekimenez, haren lan batzuk bildu dituzte El retrato de papel (Paperezko erretratua) liburuan. Horietako batzuk erakutsiko dituzte.

Omenduko duten beste marrazkilari bat Rafa Ramos da, Leo Verdura pertsonaiaren sortzailea. Ramos ez zen Nafarroan jaio, Malagan (Espainia) baizik, baina Iruñean bizi izan zen urte luzez, eta haren emaztearekin eratu zuen Leo Verdura pertsonaia, Nieves Egiluz iruindarrarekin. «Askok haurtzaroko pertsonaia kutun moduan gogoratzen dugu, eta komikietako lehen pertsonaia beganoetako bat ere izan zen», adierazi du Rodriguezek. Ramos 2000n zendu zen, eta antolatzaileei «ilusio handia» egiten die haren pertsonaia berreskuratzeak.

Nabarraldek antolatu duen Imago Navarrorum izeneko erakusketan aukera egongo da Euskal Herriko zenbait komikigileren lanak ikusteko. Izan ere, talde horrek historiari buruzko bost komiki argitaratu zituen, eta horietako pieza originalak, zirriborroak eta erreprodukzioak bilduko dituzte Kondestablen. Bilduman, Joseba Larratxe Josevisky-k Eneko Aritza irudikatu zuen; Adur Larreak Inkisizioak zapaldutako Zugarramurdiko (Nafarroa) emakumeak; Asisko Urmenetak Nafarroarentzat erabakigarria izan zen garai bat, 1620. urtearen ingurukoa; Ainara Azpiazu Axpi-k Katalina Foixkoa; eta Iñaki Martinez Iñaket-ek eta Mikel Begoñak Benjamin Tuterakoa. Mahai inguru bat ere egingo dute, marrazkilari eta gidoilariekin, urriaren 1ean.

Ezohiko ereduetatik gehien aldenduko den erakusketa Antonio Altarribari eskainitakoa da. Izan ere, eleberri grafikoen sormen prozesuaren faseak erakutsiko ditu, gidoitik azken emaitzara arte; horretarako, Iruñeko Arte Eskolako hamabi ikaslek Altarribaren El ala rota (Hego apurtua) liburutik abiatuta egindako interpretazioak erakutsiko dituzte.

Bestetik, egitasmoaren kartela —irudian ikus daitekeena— sortu duen ilustratzaileak, Laura Perez valentziarrak, atzera begirako erakusketa bat osatuko du, eta, hilaren 9an, hiria bisitatuko du.

Ohi bezala, azoka Lizarrara ere zabalduko da, bi erakusketarekin. Lehena Miguel Porto eta Fernando Llor espainiarren Subnormal. Una historia de acoso escolar (Subnormala. Eskola jazarpeneko istorio bat) lanean oinarrituta dago; bigarrenean, Donejakue bidearen ikonografia jasoko dute. Azkenik, aurten beste bi egoitzatara zabalduko dituzte erakusketak. Iruñeko Geltoki gunean, Tizak argitaratu ohi dituen bildumetako marrazki batzuk jarriko dituzte, baita bigarren eskuko komiki azoka bat ere. Karlismoaren Museoan, berriz, hainbat sortzailek gai horren inguruan egin dituzten lanak jasoko dituzte, En trazo rojo (Trazu gorriz) erakusketan.

Erakusketez gain, aurtengo proposamen berezienetako bat Lucio Urtubiaren omenezko ikuskizun bat izango da: Lucio, una reflexión escénica (Lucio, hausnarketa eszeniko bat). Mikel Santos Belatz-ek 2018an argitaratutako Gerezi garaia liburuan oinarriturik, The New Jazz Colective taldeak «zuzeneko musika, ikus-entzunezko lengoaia eta Lucioren beraren hitzak» uztartzen dituen pieza bat osatu du. Gaiarre antzokian aurkeztuko dute, irailaren 23an. Antzokiaren sarreran laneko irudietako batzuk ikusi ahal izango dira, originalak eta erreprodukzioak.

Bi argitalpen

Aurten bi liburuxka argitaratuko dituzte azokaren testuinguruan. Nagusia Tiza elkarteak hirugarren urtez prestatu duen Zart izeneko bilduma da: topaketarekin loturaren bat duten egileen lanak jasotzen ditu. Aurreko aldietan bezala, denek gai jakin bat landu dute; aurtengoa maskara izan da. Azala Virginia Santosek sortu du, eta parte hartzaileen artean daude Patxi Huarte Zaldieroa, Joaquin Resano, Teresa Castro, Esteban Zozaia Birilo eta Aizpea Lasa, besteak beste.

Beste argitalpena Parisko Komunarekin lotuta dago. Pedro Oses eta Javier Mina nafarrek Los apaches de Paris (Parisko apatxeak) bilduma argitaratu zuten 1984an, Pamiela etxearekin. Komunak aurten 150 urte beteko dituenez, egileek fanzine bat sortu dute, gertatutakoa gogoratzeko. Doan eskainiko dute, azokaren egoitzetan. «Parisen garai hartan banatzen zituzten fanzineen antzekoa izango da», azaldu du Rodriguezek.

Azokaren programazioa osatzeko, tailerrak, proiekzioak, kontzertuak, sinatzeak eta aurkezpenak egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.