Behar bereziak dituzten haurrek sartzea baliabide eskasiarekin egin dute

Laguntzaileen egoera prekarioa da, eta erakunde publikoek geroz eta baliabide gutxiago jartzen dituzte; egoera salatu dute Oihana ikastolan

Arano, laguntzailea, eta Kilian, Oihana ikastolako ikaslea. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Behar bereziak ditu Kilianek. Oihana ikastolako ikaslea da, lehen urtean. «Kontent» da sartzea eginik, eta, gainera, irakasle berria du. Irakaslea berria, bai, baina haren laguntzailea ongi ezagutzen du: iaz ere Ainara Arano zuen ondoan, laguntzeko. Oihana ikastolan, bost haurrek beharrezkoa dute laguntzaile bat, baina bik soilik dute, oraingoz. Lanbide arras prekarioa da, eta ikastolak ez du oraino langilerik atzeman. Horren ondorioz, ikasle batek ezin izan du sartzea egin, ezin baita eskolan laguntzailerik gabe egon.

Egoera hori deitoratu du Lola Garcia Oihana ikastolako zuzendariak: «Zinez larria da». Alta, haurrari eskubidea eman diote laguntzaile bat ukaiteko. Izan ere, erakunde publikoek eta haurraren inguruko osasun langileek erabakitzen dute laguntzailea behar duten ala ez. «Behar bereziak dituzten haurren artean diferentziak badira. Badira behar batzuk segidan ikusten direnak eta beste batzuk kukutuak direnak. Horrek erran nahi du sendagileek erabakitzen dutela zein laguntza mota behar duten», zehaztu du. Baina zailtasunak dituzte laguntzaileak atzemateko; horien lan baldintzekin lotu du eskasia. Gainera, aurten, Frantziako Gobernuaren erreforma baten ondorioz klaseetatik kanpoko orduak ez dira beraien ordutegiaren barne; ikastolak hartu behar du bere gain laguntzailea bazkalordurako ordaintzea.

Sistemaren mugak

Lanbide prekarioa izanik ere, Ainara Aranok Kilian laguntzen segitzeko erabakia hartu du ikasturte honetarako, eta harekin batean egin zuen sartzea atzo. «Ezin dut sartzerako prestaketa anitz egin, Kilianekin batean egokitzen baitugu dena; ez diogu aldez aurretik ezer inposatu nahi», esplikatu du.

Kilianek ere azaldu du zer egiten duen laguntzailearekin: «Goxak eta musuak. Eta dantza ere!». Eta hark osatu du: «Hori bai, baina ez hori bakarrik, ezta? Matematikak ere egiten ditugu». Eta Kilianek, baietz. «Eta ni babestu», gehitu du. Baiezkoa egin du buruarekin laguntzaileak, begirada konplizearekin. Lagunen zerrenda osatu du Kilianek, eta luzatu da franko. Gustuko ez dituen ikaskideena, berriz, ez du egin; izen bakarra erran du laguntzailearen belarrira. Joan da gero, gelan diren jostailuekin jostatzera; horietako bat da gelako argia piztu eta itzaltzeko botoia.

Aranok bere lanaren nondik norakoak azaldu ditu. Kilianen beharretara egokitzen da, eta bere araberakoa da ordutegia. Aldez aitzinetik badaki zer eginen duen, Aranok prestatutako iruditegiari esker. «Hamabost bat minutuko jarduerak egiten ditugu, eta, gero, kanpora ateratzen gara energia kanpoan uztera. Prest denean, berriz sartzen gara klasera».

Laguntzaileen egoera «penagarria» da, Aranoren arabera. «Haurrarentzat kezkagarria da; lansaria ikaragarri apala da, ardura anitz bada, eta nehor ez da motibatzen lan hori egitera. Ondorioa da haur batzuk laguntzaile gabe gelditzen direla», deitoratu du. Alta, «ahalik eta tresna gehien» ezartzen dituzte martxan. «Sistemak mugak baditu», ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.