Koronabirusa. Eskuin muturraren diskurtsoa

Nola ezereztu ultraeskuina

Belgikako Flandria eta Valonia eskualdeen errealitatea aztertuta, Leonie de Jong ikerlariak ondorioztatu du hedabideen eta alderdi tradizionalen rola giltzarri dela eskuin muturra gelditzeko.

Van Grieken Flandriako VB ultraeskuindarraren burua, iazko boz federalen emaitzak aztertzeko agerraldian. O. HOSLET / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Berezitasun politiko eta sozialen herrialdea da Belgika: gizartea, egiturak eta barne zatiketak aztertzea besterik ez dago horretaz jabetzeko, batez ere Flandria eta Valonia eskualdeen artekoak. Huts egindako estatua kontzeptua askotan erabili da herrialde horretaz aritzerakoan, harremanek, desadostasunek eta desberdintasunek duten pisuaren erakusle, eta gobernu federalak ez duelako ia ahalmenik bi eskualdeen artean bitartekari lana egiteko. Estatu mailako desegonkortasun politikoa, gainera, ohikoa bilakatu da, eta herrialdeak gobernurik gabeko egunen errekorra du: 541. Yves Leterme lehen ministro ohiaren arabera, Belgika «historiaren istripu bat» da. Desberdintasun horien artean, ordea, bada bat bereziki deigarria dena: Flandrian pisu handia duela eskuin muturrak, eta Valonian, aldiz, batere ez.

Belgika hiru eskualdetan antolatuta dagoen arren —Brusela da hirugarrena—, politikoki bitan dago zatituta. Flandrian, Interes Flandriarrak (VB) ultraeskuindarra eta Flandriako Aliantza Berria (N-VA) kontserbadorea dira nagusi, eta, azken inkesten arabera, bien batura botoen %50ra iritsiko litzateke. Valonian eta Bruselan, ezkerrekoago indar politikoek jasotzen dute boto gehien, hau da, Alderdi Sozialistak (PS) eta Mugimendu Erreformista (MR) liberalak.

Eta hori ez da kasualitatea; izan ere, Leonie de Jong Cambridgeko Unibertsitateko ikerlariaren arabera, bi faktore direla-eta dauka eskuin muturrak arrakasta handia eskualde batean eta beste bietan, berriz, emaitza txarrak: lehen faktorea, alderdi tradizionalek zer jarrera duten ultraeskuindarrek lehenetsi nahi duten agendarekiko; bestetik, zer rol duten hedabideek, osasun hesi bat ezarrita.

Belgikaren kasuan, giltzarri izan da alderdi ultraeskuindarrek izan duten testuingurua, herritarrek haiekiko duten ikuspuntuaren araberakoa izan baita bozetako arrakasta. Ikerlariaren arabera, eskaria eta eskaintza dira faktore nagusiak eskuin muturraren gorakada aztertzeko: ultraeskuindarren mezuak eta ideiak ez badira boto emaileengana iristen, horiek ez dute aukera politiko hori eskatuko. Eta, hortaz, paisaia politikoa kontrakoa badute, arrakastarako aukera gutxiago dute.

VBren gorakada, mugarri

Alderdiek jasotzen dituzten botoen araberako ordezkaritza dute telebista eta irrati publikoen zuzendaritza batzordeetan, eta, hortaz, ikusgarritasuna horren menpe dago. Alde horretatik, 1991ko boz federaletan gertaturikoa mugarria izan zen: VB alderdiak —garai artean Flandriar Blokea deitzen zen—, botoen %6,6 eskuratu, eta hamabi diputatu lortu zituen Ordezkarien Ganberan; horrek ahalbidetu zion VRT telebista eta irrati publikoaren zuzendaritza batzordean sartzea, eta herritarrekiko presentzia handitzea.

Erreakzioa berehalakoa izan zen Valonian. RTBF telebista eta irrati publikoak gidalerro batzuk zehaztu zituen eskualde horretan gauza bera gerta ez zedin, eta, horien arabera, «muturreko jarrerek» ezin zuten eztabaidetan parte hartu, eta ez zituzten inoiz zuzenekoetan aipatuko. Horrek Belgikako Fronte Nazionala (FNb) ultraeskuindarraren haserrea eragin zuen, 1994ko udal bozen kanpainan ez zuelako tokirik izan programazioan. Alderdiak erabaki zuen RTBF auzitara eramatean; hasiera batean, auzitegiek FNb-ren alde egin zuten, RTBFk ez zuelako «nahikoa froga alderdia arrazista eta xenofoboa» zela ziurtatzeko.

Hortaz, hori ikusita, Valoniako telebista eta irrati publikoak «beto prozesu» zehatz bat adostu zuen, eta, orduan bai, Belgikako Estatu Kontseiluak arrazoia eman zion: alderdiei sarrera debekatzeko ahalmena duela, horiek «demokraziaren aurkakoak» badira. Azkenean, alderdien iritzia ahobatezkoa zenez, Ikus-entzunezkoen Kontseilu Nagusiak ofizial egin zuen osasun hesia, eta legezkoa bilakatu zen hauteskunde kanpainetarako; berez, kasu horietarako bakarrik zehaztu zuen arren, hedabideek urte osoan aplikatzen dute.

Flandrian, kasua guztiz ezberdina izan da, De Jongeren arabera. Hasieran, VBk «kontrako testuingurua» izan zuen hedabideen aldetik, baina, urteek aurrera egin ahala, eta alderdi horren arrakastak gora besterik egiten ez zuela kontuan hartuta, «jasangaitza» bilakatu zen jarrera horri eustea. Batez ere 2004tik aurrera, VBk izena aldatu behar izan zuenean bere aurkako sententzia batengatik; De Standaard egunkariaren 2004ko editorial bat izan zen horretarako mugarria, argudiatzen baitzuen izen aldaketak «paisaia politiko normal batera itzultzeko» bidea ematen zuela.

Indar politikoak eta agenda

Horrekin batera, alderdi tradizionalek izan duten jarrerak azaltzen du eskuin muturraren arrakasta, «zentro-eskuinekoak eta zentro-ezkerrekoak beren agendak eskuindarragoak bilakatzera» behar ditzakeelako, batez ere migrazioarekiko jarrera.

Kasu horretan ere zerikusi handia du zatiketa sozialek herritarrengan duten pisuak eta garrantziak. Valonian, esaterako, botoa erabakitzeko erabakigarriak dira auzi sozioekonomikoak, eta eskualdearekin zerikusia duten gaiak. Hortaz, lehentasunak eta agenda politikoa horiei buruzkoak badira, «eskuin muturrak ez du arrakastarako tokirik izango», ikerlariaren arabera; izan ere,ultraeskuinak agenda hautsi eta bere ikuspuntua lehenetsi beharko luke eztabaida politikoan: «Valonian, ezker-eskuin ardatz tradizionala da erabakigarriena jarrerak argitzeko».

Besteak beste, Valonia Flandria baino pobreagoa da, II. Mundu Gerraz geroztik jasan duen beherakada ekonomikoagatik, eta PS alderdi hegemonikoak «ezkerreko agenda tradizionalari» eutsi dio —eta, beraz, boto-emaileekiko lotura mantendu du—. Ez hori bakarrik: sozialdemokratek «ikuspegi nazionalistak» dituzten politikariak «hartu» dituzte, eta «arrakasta» izan dute beren «egituretan» sartzerakoan.

Aldiz, De Jongeren arabera, Flandriako indar tradizionalek «despolitizatu» egin zuten desberdintasun sozioekonomikoen auzia, eta, hortaz, eztabaida politiko berri bati bidea ireki.

Ikerketa ohartarazpen batekin borobildu du ikerlariak: «Eskuin muturra ez da kutsakorra, eta hedatu egiten da soilik hori hedatzeko faktoreak badaude. Faktore horiek ez badira existitzen, edo ez badute hedatzaile lana egiten, aukera gutxiago daude ultraeskuina zabaltzeko eta normalizatzeko». Hori bai, zehaztu du zalantzak dituela Valoniaren eredua esportatzearen inguruan, «Europako herrialde askotan «jada agertu» delako eskuin muturra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.