«Bidelagunez» inguratuta

11/13ko auzipetuek beste hainbat sumariotako lagunen babesa jaso dute. Hilaren 14ko manifestaziora deitu dute: «Euskal Herrian urte luzez garatu den jarduera politiko oso bat epaitu eta zigortu nahi dute»

Imanol Karrera eta Haizea Ziluaga 11/13 sumarioko auzipetuak, haiei babesa adieraztera joandakoekin, atzo, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Azpeitia
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Presoak eta deserriratuak herrira itzul daitezen gurekin batera lanean aritu direnak, epaituak izan direnak, abokatu lanetan ondoan izan ditugunak, presoen osasuna artatu duten profesionalak, komisarietan torturatuak izan diren pertsonak, espetxean urte luzez egon direnak eta horien senideak, sakabanaketak hil dituen pertsonen hurbilekoak, gerra zikinaren eta estatu bortizkeriaren biktimak. Horiekin guztiekin aritu gara lanean, eta horiekin batera zabaldu nahi dugu gaurkoan gure mezua». Halaxe aurkeztu zuten atzo 11/13 sumarioko auzipetuek Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egindako agerraldia. Funtsean, beren jardunean «bidelagun» izan dituztenen babesean agertu ziren jendaurrean; uda guztian jasotako elkartasun keinuak «zinez eskertu» zituzten, eta hilaren 14 manifestaziora eta hilaren 16ko epaiketara begira jarri ziren: «Gu epaitzeaz gain, Euskal Herrian urte luzez garatu eta saretu den jarduera politiko oso bat epaitu eta zigortu nahi dute epaiketa honekin».

Euskal presoen babes taldeetan aritzea egotzita, bi aste barru hasiko da 47 lagunen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan, eta bi egun lehenago egingo dute manifestazioa, Bilbon. Atzokoa izan zen mobilizazioaren aurkezpen ofiziala. Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean egingo dela jakinarazi zuten Haizea Ziluagak eta Imanol Karrerak 47 auzipetuen izenean, eta milaka lagun espero dituztela, eta Casillatik abiatuko dela (17:30).

Analisi politikoari dagokionez, Madrilen epaituko dituztenak «errepresioak eta espetxeak eragindako minak arintzeko eta gatazka politikoa gainditzeko lan egin dutenak» direla nabarmendu zuten: «Azken urteotan urratsak egin dira gatazka politikoaren eta errepresioaren ondorioak gainditzeko, baina agerikoa da oraindik bide luzea dugula egiteko. Beraz, gure aldetik beharrezko deritzogu epaiketa honen jatorriari begiratzeari, eta bultzatu genituen aldarrikapenak gaur-gaurkoz indarrean daudela berresteari». Eta hor tartean aipatu zituzten, besteak beste, kartzelaren, deserriaren eta deportazioaren ondorioak, sakabanaketarenak, zigorren luzatzea, baldintzapeko askatasunen ukatzea, eta gaixo dauden presoak espetxean mantentzea.

«Min guztien» aitortza

Arestian aipatutako «errealitate» horiek «mahai gainean jarriz» eta gizarte sektore zabalak «mobilizatuz», Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial askoren babesarekin abiatutako prozesuan euren «ekarpena» egin zutela nabarmendu dute auzipetuek. «Baina oso bestelakoa izan zen estatuaren jarrera. Atxilotuak izan ginen, eta gutako asko, espetxeratuak. Lan hori egin izanagatik jazarriak izan ginen, eta jazarriak izaten ari gara».

Auzipetuen hausnarketa da «gatazkaren ondorioak konpontzea eta min guztiak errekonozituak eta erreparatuak izatea» desio dutela, baina gatazkaren jatorria «konpontzea» dela horretarako «berme nagusia»: «Eskubide kolektiboak eta indibidualak, justizia, benetako egoera demokratikoa eta askatasuna. Osagai horien gainean eraikiko dira bakea eta elkarbizitza, eta osagai horien gainean egingo dugu aurrera gatazka politikoa konpondu eta bere ondorioak arintzeko bidean».

Eta konponbidea hori izanda ere, haien aurkako epaiketa «kontrako norabidean» doala esan dute, baina horrek ez dituela aldatuko haien printzipio eta aldarrikapenak. «Jendearekin egin genuen lan, eta jendearekin aurre egiten ari gara jazarpen honi guztiari». Nabarmendu dute une honetan «urgentzia berezia» duela preso eta erbesteratuen herriratzeak, eta hilaren 14ko manifestazioan lekua egingo diotela aldarrikapen horri ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.