Positiboek gora egin dute berriz ere, eta agintariek neurriak irmotzera egin dute

Beste 155 kasu zenbatu dituzte Hegoaldean. Udalekuak eta eguneko zentroak ixteko erabakia hartu du Jaurlaritzak. Zahar etxeetan neurriak zorroztu ditu; Nafarroak ere egin du

Nekane Murga, atzo, kazetarien aurrean mintzatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Arantxa Iraola - Jon Olano Urain
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Egoera «kontrolpean» dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak atzo Donostian COVID-19az eman zuen agerraldian segurtasun mezu bat plazaratu nahi izan zuen, baina datuak gora ari direla onartu zuen; hain justu, atzo beste 115 kasu jakinarazi zituen, eta, Nafarroako berrogei positibo berriak zenbatuta, 155 kasu gehitu behar zaizkio kutsatuen kontaketari. Gorako joera agerikoa izan da aste osoan, eta izurriaren bilakaeran maiatz hasierara egin behar da atzera horrelako kopuru altu bat aurrez topatzeko. Hortik dator adi ibiltzeko gomendio orokortua: «Birusak aktibo jarraitzen du».

 

Egoerak sortzen duen kezkaren erakusgarri dira Jaurlaritzak atzo bertan udal eta aldundiei begira hartutako erabakiak: eguneko zentroak ixtea, zahar etxeetako bisitak mugatzea, egoitzetan bizi diren pertsonen irteerak murriztea eta udalekuetako jarduna bertan behera lagatzea. Murgak adierazi zuen «segurua» dela ostatuetan eta etxeetan topaketak egitea: «Segurtasun neurriak betetzen badira». Maskara soinean zuela mintzatu zen: egun «guztiz beharrezko» babes neurria dela gogorarazi zuen. Nafarroako Gobernuak ere neurriak zorroztu ditu zahar etxeetako segurtasuna areagotzeko; irteerak urritu dizkie egoitza horietan bizi direnei, eta bisitetako baldintzak zorroztu egin ditu.

Murgak nabarmendu zuen hein handi batean PCR probak ugaritu dituztelako egin dutela gora datuek. Azaldu zuen astebetean 25.000 PCR proba egin dituztela, eta birusak eragindako «izozmendia lehenago» ikusten ari dela orain, egiten ari diren aparteko «baheketen» ondorioz: «Oso goiz atzematen ari dira kutsatzeak, eta soilik kasu batzuetan artatu behar izan dituzte erietxeetan». Kutsatuen soslaia ere aldatu dela azaldu zuen: batez ere gazteak dira orain, eta kutsatze eremua, aisialdia. Nafarroako Gobernuko iturriek ere adierazi dute izurriari aurrea hartzeko ahalegina egiten ari direla. Jarraipena egiteko baliabideak indartu dituzte: 38 profesional ari dira orain. Jaurlaritzak adierazi du 180 dituela.

Herrialdeka

Bederatzi Araban, berrogei Nafarroan, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan. Horra positibo berrien kopuruak, herrialdeka. Murgak errepasoa egin zien aktibo dauden COVID-19 agerraldiei, eta onartu zuen azken positiboak Gipuzkoan «nahiko sakabanatuta» daudela. Halere, agerraldiak «identifikatuta» dituztela esan zuen. Esaterako, hona Gipuzkoako egoera: Orioko agerraldia bukatutzat jo zuen, eta Ordiziakoa «ia-ia» ere bai; Tolosan, kasu berriak apaltzen ari dira, baina agerraldia ez dute etentzat jo oraindik; Getarian, «talde oso zehatz» baten inguruan ari dira ikertzen; Zarautzen, kanpina zabalik dago, baina festa gune batean izandako positiboen jarraipena «oso fase aktiboan» dago oraindik; Eibarren ere festa baten osteko positiboak aztertzen ari dira.

Ermuan ere (Bizkaia) aparteko jarraipen bat egiten ari direla esan zuen Murgak, baina aztertutako guztiek negatibo eman dutela orain arte. Bestalde, jakinarazi zuen begirale batek positibo eman duela kanpaleku batean, eta 250 laguni PCR probak egingo dizkietela orain: ez zuen zehaztu non; «kostaldeko» leku batean izango da. Nafarroan, azken zenbaketako hemezortzi kasu aurrez atzemandako agerraldiekin lotuta daudela adierazi dute. Kezka handia eragiten ari da Iruñeko Mendillori auzoko agerraldia; gazteen aisiarekin lotu dute hori ere, eta jada beste 51 positibo kontatu dituzte horrekin erlazionatuta. Kasu berrien soslaiari begira, erakunde guztiak ari dira gazteei zuhur jokatzeko eskatzen. Murga bakartuta daudenei zuzendu zitzaien bereziki, gogorarazteko ez dagoela saihesbiderik: «Ondo bete behar da berrogeialdia».

Zahar etxeetako egoera

Murgak esan zuen udaleku eta zaharren egoitzetarako hartutako neurriak «behin-behinekoak» direla, eta «prebentzioa» dutela helburu: erabaki horiek ez dituzte toki horietan kasuak ikusi dituztelako propio hartu. Ahal bezain pronto kenduko dituzte. Hasieratik egon da kezka handia zahar etxeekin; izan ere, birusa oso oldarkorra da adineko pertsonekin. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, adibidez, diagnostikatutako 90 urtez gorakoen lautik bat baino gehiago hil dira. Zahar etxeetako azken ordukoari begira, aintzat hartu behar da LAB sindikatuak jakinarazitako kexu bat: Ordiziako agerraldiaren harira, deitoratu dute ez dietela eman erarik Zumarragako Argixao egoitzan egindako testen «emaitzei jarraipenik» egiteko. Eguneko zentroa itxita ere «langileen eskubideak» urratu egin direla kritikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.