Albistea entzun

Defentsaren lekukoekin ekinen diote berriz 13/13 auziari, etzi

Fiskalak 77 urteko espetxe zigorra eskatua du zazpi euskal herritarrentzat, euskal presoen bitartekaritzan egindako lanagatik. Hilaren 28ra arte iraun dezake Madrilgo makroepaiketak

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko irailak 5

Euskal herritarren aurkako azken makroepaiketa izan beharko lukeenak etzi emanen dio jarraipena uztailean abiatutako bideari. Abuztuan etena egin ohi dute auzitegiek, hain zuzen, eta, hilabeteko atsedenaldia eginik, asteartean abiatuko da berriz uztailaren 12an hasi zen 13/13 epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Zazpi euskal herritar epaitzen ari dira Madrilen, euskal presoekin bitartekaritza lana egiteagatik ETAko kide izateaz akusatuta, eta orotara 77 urteko espetxe zigorra eskatua du fiskalak haientzat. Zortzi ziren hasieran auzipetuak, baina horietako bat, Juan Mari Jauregi, ostiralean zendu zen. Uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalera joateaz salbuetsi zuten, hain justu, haren osasun egoeragatik.

Epaiketaren hasieran, auzipetuek ez zuten akusazioekin akordiorik erdietsi, eta auziaren uztaileko saioetan akusatuek eurek eta haien atxiloketa eta miaketetan arituriko guardia zibilek hartu zuten hitza. Heldu den astean, berriz, defentsaren lekukoek deklaratu beharko dute.

AUZIPETUAK

13/13 auziak 2010eko apirilaren 14an egindako polizia operazio bat du abiapuntu. Hamar lagun atxilotu zituzten orduan, eta zazpik joan beharko dute heldu den astean Madrilera: Arantza Zuluetak, Iker Sarriegik, Jon Enparantzak, Julen Zelarainek, Naia Zuriarrainek, Saioa Agirrek eta Nerea Redondok.

Euskal presoen abokatuak edota euskal presoen aldeko mugimenduan arituriko kideak dira auzipetuak, eta horixe da haiek epaitzeko arrazoia, hain justu. Izan ere, lan horren bidez Halbokako, Koordinazio Taldeko (KT) eta, finean, ETAko kide izatea leporatu nahi diete.

Auzipetuen abokatu lanetan, berriz, bertze bortz abokatu arituko dira: Alfontso Zenonek izanen du Zulueta eta Enparantza defenditzearen ardura, Aiert Larrartek Sarriegi eta Zelarainena, Jone Goirizelaiak Zuriarrainena, Jose Mari Elosuak Redondorena, eta Ibon Altunak Agirrerena.

Fiskal eta epaile lanetan ere izen ezagunak ariko dira: Jose Perals da fiskala, Altsasuko auzian aritu zena; eta epaimahaiburua, berriz, Angela Murillo magistratua, bertzeak bertze Bateragune auziko epaile izandakoa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren zigor salan iraganen dira auzi saioak, San Fernando de Henaresko epaitegian.

DATAK ETA SAIOAK

Akusatuek eta guardia zibilek deklaratu zuten uztailaren 12tik 28ra egin ziren auzi saioetan, eta oraingo honetan defentsaren lekukoek eta perituek hartuko dute hitza. Defentsaren testiguena izanen da lehendabiziko txanda: hilaren 7an, 8an eta 9an deklaratuko dute, eta espero da euskal presoekin eta euskal gatazkarekin loturiko hainbat euskal herritarrek deklaratzea.

Bi aste geroago egokituko zaie perituei hitz egitea, hilaren 21etik 23ra; eta, azkenik, hilaren 27an eta 28an nork bere ondorioak, argudioak eta zigor edota absoluzio eskaerak egin beharko ditu. Ia irailaren akaberara arte segituko du auziak Espainiako Auzitegi Nazionalean, beraz.

BABESGABETASUNA

Auzipetuen abokatuek uztaileko lehen auzi saioko aurretiazko gaietan nabarmendu zutenez, babesgabe ekin diete akusatuek auziari. Izan ere, defentsaren abokatuen hitzetan, zenbait eskubide urratu egin dizkiete epaitzen ari direnei: non bis in indem edo delitu beragatik bi aldiz epaituak ez izateko eskubidea da bat —batzuk epaituak eta zigortuak dituzte jada ETAko kide izateagatik—, bidezko epaiketa bat izateko eskubidea bertzea, eta errugabetasun presuntzioarena azkena.

Alfontso Zenon abokatuak lehen saioan azpimarratu zuenez, erraterako, Zuluetaren eta Enparantzaren aurkako akusazioak Guardia Zibilaren «gezur» batean oinarriturik daude. Izan ere, Poliziak David Pla etakide ohiarekin lotu zituen Enparantza eta Zulueta, ustez Pla Mimizanen (Landak, Frantzia) identifikatu zutelako ETAko kide batzuekin bilduta egon ondotik. Poliziek pentsatu zuten bilera hartan aipaturiko bi ezizen Zuluetari eta Enparantzari zegozkiela, baina egun hartan Pla kartzela batean zegoen, Mimizandik urrun; beraz, bilera hartan zegoena ez zen bera. Defentsaren arabera, Zuluetari eta Enparantzari egotzitako ezizenak ere ez ziren haienak.

Guardia zibil batek epaiketaren hirugarren saioan deklaratu zuenaren arabera, gainera, Poliziak «zantzu» gisa egin zituen ezizenen eta izenen arteko lotura horiek, «ikerketa abiatu» ahal izateko. Zantzuen ondoren iritsi ziren atxiloketak, galdeketak eta inkulpazioak, auzian akusazioari sostengua ematen diotenak.

CNI Espainiako zerbitzu sekretuek auzipetuei egindako entzuketak ere jarri zituzten jopuntuan abokatuek, «lege babesik gabe» egin baitziren; eta guardia zibil batek onartu egin zuen CNIk ikerketan parte hartu zuela. Epaileak sententzian ebatziko du gai horiei guziei buruz.

TORTURAK

Auzipetuetako batzuek jasandako tortura testigantzak izan dira orain arteko auzi saioetan nabarmendu diren bertze elementuetako bat. Saioa Agirrek eta Naia Zuriarrainek epailearen aitzinean salatu zituzten jasandako tratu txar eta eraso sexualak: indarrez biluztu, ukitu, iraindu eta jo zituztela, bertzeak bertze.

KONPONBIDERAKO GILTZA

Akusatuen arabera, abokatuek lan garrantzitsua egin zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak espetxe legeria baliatzeari buruzko eztabaida ahalbidetzeko eta, funtsean, gatazkaren konponbide prozesuan pausoak eman ahal izateko. Halaxe erran zion Enparantzak epaileari: «Abokatuek jokatu genuen rola oso garrantzitsua izan zen». Lekukoen hitzak baliagarri izan daitezke tesi horien argipenean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Abeberriren omenezko ekitaldia, atzo, Miarritzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Abeberriren ibilbide oparoa ohoratu dute

Oihana Teyseyre Koskarat - Garazi Aduriz

«Hats luzeko» abertzale eta kulturgilea izan dute gogoan. Eragile anitzetako ordezkariak izan dira miarriztarrari egindako omenaldian

Eba Blanco (erdian), azaroko biltzarrean, idazkari nagusi izendatua izan ondoren. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

EAren primarioak berriz egiteko aginduaren aurkako helegiteak aztertuko dituzte

Xabier Martin

Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu du EAren eskaera, eta alderdiaren primarioak berriz egiteko agindu zuen probintzia auzitegiaren epaia balekoa den ala ez erabakiko du.

Juan Alberto Belloch, artxiboko irudi batean. ©Javier Cebollada / EFE

Juan Alberto Belloch: «Galindo, borrokalari antiterrorista moduan, onena zen»

Iosu Alberdi

Justizia eta Barne ministro ohiak adierazi du bera izan zela Galindori jeneral kargua ematea ahalbidetu zuena, nahiz eta jakin atxilotuak torturatzen zituela.

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...