Demografia. Jaiotza tasaren beherakada

Zahartuta, konponbide bila

EB Europako Batasun osoan da kezka adin piramidearen iraultzea; gero eta edadeko gehiago daude. Familia eta lana bateratzen laguntzeko neurriak behar dira.

Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Demografiaren piramidea irauli egin da, eta hala berresten dute Eurostatek iragan urtean argitaratutako datuek: 2001ean, EB Europako Batasunean, 65 urte baino gehiago zituzten herritarren %3,4k: 2020an, %21ek. Adinekoen kopurua handitzea kezkatzekoa den arren, jaiotza tasen beherakada apalak tartea ematen du arazoari baikor begiratzeko. Izan ere, deigarria da jaiotzen kopuru absolutuek beheraka egitea eta, aldi berean, emakume bakoitzeko jaiotza kopuruak gora egitea. 2001ean, 1,43 jaioberri zeuden emakume bakoitzeko. 2019an, berriz, 1,53 da kopurua. Hala eta guztiz ere, kezkatzekoa da EBko batez besteko adina: 44 urte. 2001ean, 38 urtezen.

Demografiaren piramidea bere horretara itzultzeko, jaioberrien tasa handitzea da irtenbideetako bat. Hori erdiesteko, giltzarri da familiaren eta bizitzaren bateratzea erraztea, gurasoek gero eta erraztasun gehiago izan dezaten umea jaiotzen denean; besteak beste, lanean malgutasuna eskainiz, eta etxetik lan egiteko aukera emanez. Horiez gain, garrantzitsua izango da haurra haurtzaindegira eramateko aukerak izatea, eta familiei laguntza ekonomikoak eskaintzea.

Alde horretatik, Europako herrialdeek hainbat motatako politika publikoak gauzatu dituzte familia eta lana bateratu ahal izatea helburu duten neurriak hartzeko. Pau Miret Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea familiaren eta bizitzaren kontziliazioan aditua da, eta uste du Europa hegoaldean ia ezinezkoa dela bateratze hori lortzea, politikak ez daudelako horretara bideratuta: «Herrialde horietan, familiek eskuratzen duten errenta lotuta dago lan merkatuarekin. Izan ere, lan merkatua ondo badoa, jaiotza tasa igo egiten da, eta krisi garaietan, ordea, alderantziz gertatzen da: jaiotza tasak apaldu egiten dira». Horrez gain, gehitu du Europa hegoaldeko herrialdeetan ez dagoela politika publikorik politika ekonomikoekin lotuta ez dagoena.

Lan merkatuaz harago

Miretek esan du Europa iparraldean kontrakoa gertatzen dela: «Herrialde horietan, lan merkatua edonolakoa dela ere, politika publikoak bermatuta daude. Hori lotuta dago ugalkortasunarekin, zeina handia izaten baita krisi garaietan ere, Europa hegoaldeko herrialdeekin konparatuta».Hegoaldeko eta iparraldeko alderaketa amaitzeko, Mireten laburpena: «Umeak edukitzearen ardurakontu pribatua da Europa hegoaldean; iparraldean, aldiz, kontu publikoa eta soziala».

Europa erdialdean bestelakoa da kontua. Miretek azaldu du laguntza ekonomikoak eta zerbitzu publikoak ematen dituztela jaiotza tasa bultzatzeko. «Frantzian, esaterako, jaiotza tasa bultzatzeko politikak dituzte, eta laguntza ekonomikoak ematen dizkieteumeak dituzten familiei». Frantziaren modura, herrialde anglosaxoietan ere jaiotza tasa bultzatzeko laguntza ekonomikoak dituzte.

Norvegia eredu

Kontinente zaharrean, Europa iparraldeko herrialdeak dira lanaren eta bizitzaren bateratzean politika gehien garatu eta gauzatu dituztenak. Elisa Stinus politika publikoko eta gizarte eraldaketako doktorea da,eta Norvegiako politika publikoak aztertu zituen doktore tesian. Azaldu du Norvegiak familia eta lana bateratzeko bultzatu dituen politikak hiru euskarri hauetan oinarritzen direla: batetik, zerbitzu publikoak; bestetik, lanean malgutasuna; eta, azkenik, laguntza ekonomikoak.

Lehenengoan jarri du arreta Stinusek: «Norvegia aitzindaria izan zen, 0-3 urte bitarteko haurrentzako haurtzaindegi publikoa ezarri zuelako». Haren ustetan, herrialde horrek zainketa zerbitzu unibertsalak eskaini ditu, prezio eskuragarri eta kalitatezkoan. Herrialde horretan, familia bakoitzak 200-300 euroko diru laguntza jasotzen du haurra haurtzaindegira eramateko. Horrez gain, Stinusek azaldu du Norvegiako ezkerreko eta eskuineko alderdien artean eztabaida dagoela ea zeini eman lehentasuna: laguntza ekonomikoei ala zerbitzu sozialei. «Laguntzaekonomikoetan, familia bakoitzak erabakitzen du zertan inbertitu, baina zerbitzuek beste helburu batzuei erantzuten diete. Adibidez, sexu berdintasunari», adierazi du Stinusek.

Izan ere, laguntza ekonomikoek errazten dute emakumea izatea etxean geratzen dena. Zerbitzuek, berriz, ekitatea erdiesten laguntzen dute. «Familia xeheetako haurrek haurtzaindegira joateko aukera izateak haien etorkizuneko aukerak handitzen ditu, eta horrek ekitate soziala lortzen laguntzen du», gehitu du Stinusek.

Lanaren eta bizitzaren kontziliazioa errazteko beste euskarrietako bat dira lanean ematen dituzten baimenak, haurrak zaintzeko astia izateko pentsatuak. Horien harira, Stinusek esan du Norvegia aitzindaria izan dela aitatasun baimen nahitaezkoa ezarrita: «Ez da soilik baimena aitari edo amari ematea; garrantzitsua da, era berean, sexu berdintasuna bultzatuko duten politikak sustatzea». Izan ere, haren ustetan, haurra zaintzeko baimena nork hartuko duen erabakia familiaren esku uzten bada, litekeena da gehienetan emakumea geratzea etxean, eta horrek eragin negatiboa edukiko du emakumeen ibilbide profesionalean. Aldiz, biek hartzen badute umea zaintzeko ardura hori, errazagoa izango da lana eta bizitza benetan kontziliatzea.

Hori erdiesteko, Norvegian batez beste urtebeteko epea dute gurasoek baimena hartzeko. Eta gobernuak hala aginduta, urte hori honela banatu behar da: herena emakumearentzat, beste herena gizonezkoarentzat, eta geratzen den herena, gurasoen erabakiaren esku.

Baimenak ez ezik, garrantzitsua da laneko ordutegi malguakere izatea. Stinusek argi du Norvegian kultura kontua dela familiari denbora eskaintzea: «Norvegian ondo ikusita dago guraso bat lanetik ateratzea ikastetxeko bilera batengatik». Hori gutxi ez, eta, umea gaixo jartzen bada, Norvegiako gurasoek urtean zenbait egun dituzte halakoetan lanera ez joateko, opor egunez gain. Bukatzeko, Stinusek gehitu du Norvegian telelana oso hedatuta dagoela. Gainera, langileenganako «konfiantza handia» dago herrialde horretan, langile bakoitzak antolatu dezan bere ordutegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.