«Iruñean egin dituzte arauak, ez Pirinioetan»

Pirinioetan bizi diren ikasleek ez dute aukerarik Batxilergoa etxetik gertu egiteko, eta, ikasturtea hastear dela, Iruñera joateko autobus zerbitzurik ere ez. Familiek salatu dute arazo larriago baten isla dela: despopulazioarena eta baliabiderik ezarena.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek soilik dute autobus zerbitzua Pirinioetan. Gainerakoek, ez. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Etxandi.
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Umeek eta gazteek tristuraz hartu ohi dituzte udako azken egunak, ez baita atsegina oporrak agurtu eta ikasturteari hasiera emateko unea. Nafarroako Pirinioetako ikasleentzat, ordea, ez da hori kezka nagusia. Erronkari, Zaraitzu, Nabaskoze, Aezkoa, Artzibar, Erroibar eta Esteribarko ikasleek ez dute aukerarik Batxilergoa edo Lanbide Heziketa etxetik hurbil egiteko —oraingoz ez dago instituturik eskualde horietan—, eta Iruñera joan behar dute egunero. Horretarako, baina, Nafarroako Gobernuak ez du garraiorik eskaintzen. Ikasturtea hastear den honetan, gazteek oraindik ez dute aukerarik herrietatik hiriburura joateko.

Ekainaren 4an, indarrean sartu zen eskola garraioaren foru arau berria, eta, bertan, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei ere joan-etorriak autobusez egiteko eskubidea aitortzen zitzaien. Hala ere, horrek ez du konpondu Pirinioetan bizi direnen arazoa: bazter utzi dituzte, beste behin ere. Familiek urteak daramatzate Pirinioetako herriak eta hiriburua lotuko dituen garraio zerbitzua eskatzen. Abuztuaren 25ean, Hezkuntza Departamentuarekin bilera izan zuten, eta ustezko konponbide bat proposatu zien administrazioak: Agoiztik ateratzen den autobusaren ibilbidea Garraldaraino luzatzea.

Horren arabera, baina, autobusa 06:20ean irtengo litzateke Garraldatik, eta bertan bizi ez diren gazteek beren kabuz joan beharko lukete haraino. Kasu askotan, 05:00etan jaiki beharko lukete garaiz iristeko, eta, joan-etorriak kontuan hartua, egunero lau ordu inguru emango lituzkete autobusean sartuta.

Bizkarreta herrian bizi da Sonia Iriarte. Alabak Iruñeko Eunate institutuan ikasten du, herritik 32 kilometrora. Gobernuak proposatu dien ibilbide berriarekin, ordea, 73 kilometro inguru egin beharko lituzke joateko, eta beste horrenbeste itzultzeko. Egunean 146 kilometro: «Aukera bat eman digutela pentsatzen dute, baina ibilbide berri horrek ez du inongo zentzurik», adierazi du Iriartek.

Garraldan bizi diren familiek ere desadostasuna erakutsi dute. Autobusa herrian bertan hartuko luketen arren, ibilbide berria «zentzugabekeria» iruditu zaie. Hori dela eta, garraio zerbitzu propioa antolatzen hasiak dira Pirinioetako zenbait familia. Uztailaren 30ean, bilera izan zuten eskualdeko udalekin. Dagoeneko badituzte aurrekontua eta ibilgailu batzuk, eta diru laguntza ziurtatu diete tokiko entitateek.

Ez da aldarrikapen berria, dena den. Pirinioetako familiek hogei urte daramatzate borroka horretan murgilduta: «Aurten gure kabuz egingo dugu, baina borrokan segituko dugu, gure gazteentzat aukera berdintasuna bermatzeko», azaldu du Iriartek.

Izozmendiaren tontorra

Gutxieneko ratioak ez betetzea. Hori da Nafarroako Gobernuak eman dizkien argudioetako bat, Pirinioak eta Iruñea lotuko dituen autobus zerbitzu berria ezartzeko. Familiek badakite ez direla iristen gutxieneko kopurura: «Biztanle kopurua aintzat hartuta, ez ditugu ratioak beteko, ez orain, ez datozen ikasturteetan». Pirinioetan, izan ere, populazio dentsitatea 3,8 biztanlekoa da kilometro koadroko, Nafarroako batezbestekotik oso urrun (68,1). «Iruñean egiten dituzte legeak, eta han ez dute gure ikuspuntu bera», azaldu du Bizkarretako bizilagunak.

Despopulazioaren arazoa gero eta larriagoa da Pirinioetan, eta «azken 30 urteetan aplikatu diren politiken ondorio» dela adierazi du Karlos Buenok, Aezkoako Batzordeko presidenteak. Ikasketekin jarraitzeko arazoak izateak ez du laguntzen horretan; izan ere, familia askok Iruñera joateko hautua egina dute: «Seme-alabak Iruñera ikastera joan direnean, familia asko joan dira haiekin bizitzera, familia osoa. Hori gogorra da eskualdearentzat, urtez urte gero eta biztanle gutxiago baititugu», dio Iriartek.

Eskola garraioarena ez da Pirinioetan duten arazo bakarra. Garraio zerbitzu publiko eta eraginkorrik ere ez dago, Pirinioetako errealitatea aintzat hartu gabe ezarri baitira ordutegiak eta maiztasuna. Etxebizitza eta langabezia ere nabarmendu dituzte bizilagunek, baita behin-behinekotasuna ere: «Osasungintzan, adibidez, norbait lanera etorri, eta, astebete igarota, badoa».

Iriartek uste du agintariei «ahoa betetzen» zaiela despopulazioaren gaiarekin, baina gero ez dutela neurri eraginkorrik hartzen. «Enpatia pixka bat behar da, eta bestearen larruan jarri. Adibidez: ez dut uste Hezkuntza Departamentuko inor autoa hartu eta Pirinioetara etorri denik hemengo errepideetan barna ibili eta proposatu diguten ibilbide hori egitera».

Aurten, familiek ez dute helburua lortu, baina argi dute borrokan jarraituko dutela: «Ez dira gure seme-alabak bakarrik, atzetik etorriko diren guztiak baizik. Ez dugu behin-behineko adabakirik behar, behin betiko konponbide bat baizik», laburbildu du Iriartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.