AEBetako hauteskundeak. Erlijioa

Jainkoak du eskura Etxe Zurirako giltza

Trumpi ebanjelistek eman zioten garaipena 2016an; lau urte geroago, txukun eginak ditu haien babesa ziurtatzeko lanak; Bidenek, berriz, afro-amerikar sinestunengan jarri du begia, kristauak erabakigarriak baitira gaur egun ere AEBetako bozetan.

SHAWN THEW / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Donald Trump hitzaldi bat ematera joan zen Siouxko unibertsitate kristau batera, Iowara, 2016ko urtarrilean. Ehunka lagun ilara egiten ari ziren egoitzaren aurrean, ezustean hautagai faborito bilakatzen hasia zen eta. Haiek denek nahiago zituzten Mike Pence—egun presidenteorde— edo Ted Cruz ebanjelistak presidente izateko, baina prest zeuden entzuteko, jakin-minez, zer zuen esateko gizon entzutetsu eta harro hark.

Siouxko hitzaldiko esan batek AEBak zeharkatu zituen, baita munduko beste hainbat herrialde ere, eta gaur egunTrumpen hamaika esaldi eskandaluzkoen zerrendan ageri ohi da: «Jenderik leialena dut alboan. Bosgarren etorbidean inor tirokatuko banu ere ez nukeen boto emaile bakar bat galduko. O.K.?».

Hitzaldi areto hartan zeudenengan, ordea, ez zuen eskandalurik sortu. Garrantzitsua izan zen haientzat honako hitz hauek entzutea: «Kristauak AEBetako gehiengo ikaragarria dira, baina ez dugu beharko genukeen boterea. Hori aldatu egingo da. Kristautasunak boterea izango du».

Handik bederatzi egunera, Iowako caucus-en ostean, Etxe Zurirako ibilbidea hasi zuen. Trumpek ez zuen orduan Siouxeko ebanjelisten babesa lortu: %11k soilik eman zioten botoa, baina azaroko hauteskundeak iritsi zirenean, %81ek egin zuten haren alde, herrialde osoko ebanjelisten %81ek egin zuten bezala. Argudio nagusia zuten txarretan onenari botoa emateko aukera besterik ez zutela izan, eta giltzarri bilakatu ziren Trumpek irabaz zezan. Datozen azaroko bozetarako, berriz, argiago dute noren alde egingo duten, Pew Research Centerren arabera: bozetara begira azterketa bat egin du politikarien eta erlijioaren arteko harremanari buruz, eta %81en babesa izango du berriz.

Abortua geraraztea helburu

Izan ere, lehentasunezkoa da haientzat Auzitegi Gorenean epaile kontserbadoreak nagusitzea, besteak beste, eta Trump hamarkadetan izan duten aliaturik egokiena da abortua geldiarazteko. Barack Obamaren urteak gogorrak izan ziren ebanjelistentzat, zeren, emakume, gay, lesbiana, trans eta gutxiengoan diren taldeen aldeko erabakien ondorioz, pentsatzen baitzuten euren eskubideak murrizten ari zirela. Eta «ustesendoa» dute, Pew Research Centerren arabera, Trumpek «askatasunak berrezarriko» dituela. Horren premia handia sumatzen dute, «AEBetako kaukasoarrak oso azkar ari direlako bilakatzen gutxiengo».

Zuri supremazistek presidenteari buruz duten pertzepzioa ere jaso du ikerketak, eta ondorio honetara heldu da: ez zaie horrenbeste axola presidentea bera oso erlijiosoa ez izatea. Gainetik daude lorpenak, ebanjelisten bi herenentzat. Lautik hiru bat datoz herrialdea arriskuan jartzen duten auzi politiko nagusietan presidentearen jokaerarekin ados daudela beti edo ia beti.

Are gehiago, kristau zurien hiru talde nagusietan kokatzen direnen ustez, handituz joan da beren eragina Trumpekin —zuri ebanjelista protestanteak, ebanjelistak ez diren zuri protestanteak eta zuri katolikoak—. Ebanjelista protestanteen %83 identifikatzen dira alderdi errepublikanoarekin; protestanteen %64, eta katolikoen %65.

Baina AEBetako sinestunen paradisua txikitzen ari da etenik gabe —botere izugarria izaten jarraitzen dute—, eta kezka horrek berak azal dezake Trumpenganako joera. 2009an herritarren %51k zeukaten euren burua protestantetzat. Hamarkada bat geroago, %43k. Katolikoak, berriz, %23 ziren 2009an; 2019an, %20. Ateo, agnostiko edo «bereziki ezertan sinesten ez» dutenek %17tik %26rako aldea egin dute hamarkada batean.

Biden ere sinestunen bila

Joe Bidenek konfinamendua beltzen eliza batean haustea erabaki zuen, ekainaren 1ean. Gori-gori zegoen orduan kalea, Poliziak George Floyd afro-amerikarra hil berritan. Justizia soziala eskatu zuen, eta doktrina kristauaren beharra aldarrikatu, fedea baita, haren hitzetan, justiziarako bidea, orobat fedea baitu beltz eta hispano sinestunak erakartzeko tresna. 2016an, protestante beltzen %43k pentsatzen zuten egoerak hobera egin zuela, eta orain %26 dira; afro-amerikarren %80k nahiago dute Biden Trump baino. 2016an ebanjelistentzat Trump bezala, afro-amerikarrentzat ere Biden txarretan onena da. Hispano katolikoen artean ere % 30era ez dira iristen pentsatzen dutenak 2106an baino hobeto daudela. Erlijioso ez direnentzat, hamahiru puntu egin du behera uste horrek.

Bidenek arrosarioa darama poltsikoan, eta mezara joaten da igandero. Trumpi aldaretik hitz egitea gustatzen zaio; Bidenek nahiago du eliztarren artean errezatu. Errepublikanoak, jantzi antiabortista soinean, Bizitzaren aldeko martxan desfilatzen du; demokrata katoliko praktikanteak, berriz, Hyde zuzenketa defendatzeari utzi zion azkenean, 2019ko ekainean, lau hamarkadaren ondoren —abortatzeko funts federalak erabiltzea eragozten du zuzenketa horrek—.

Ekainaren 2an, Biden beltzen elizan egon eta biharamunean, Trumpek Whashingtongo Lafayette parkea zeharkatu zuen oinez, Floyden aldeko protesta baketsua leherrarazi eta armada kalera aterako zuela mehatxu egin ondoren. St Johns eliza enblematikoan indar erakustaldia egin zuen Biblia eskuan zuela, Jainkoak emango diolakoan oraingoan ere Etxe Zurirako giltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.