Koronabirusa

COVID-19aren indarkeria isila Kenyan

Pandemian ugaritu egin dira emakumeen genitalen mutilazioak, gazteen haurdunaldiak eta haurren arteko ezkontzak. Gobernua ez da gai izan beharrezko babes neurriak aplikatzeko horren aurka.

Namunyak Leposo da Naning'oiko barnetegiko ikasleetako bat. TXELL ESCOLA.
Txell Escola
Bartzelona
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Pandemiaren hasieran, Kenyako Poliziaren indarkeria arreta sozial eta mediatikoa bereganatzen ari zen bitartean, milaka neskatoren etorkizuna erabakita geratzen ari zen, ilun antzean. Martxoan eskolak itxi izanak milaka ikasle behartu zituen segurtasunik eskaintzen ez duten beren familietara itzultzera; izan ere, hortik kanpo dauden babes sareak ez dituzte erabat eskura. Zortzi hilabeteren ostean, bilana honakoa da: maila guztietan handitu da genero indarkeria. Horren defentsaren ardura ekintzaile komunitarioengan egon da, zeinak erakundeen baliabide urriak izan dituzten.

«Aitek uste dute COVID-19aren atzean ezkutatu daitezkeela neskatoak mutilatzeko eta zigorrik gabe geratzeko. Uste dute gobernua okupatuegia dagoela beraiek atxilotzeko», dio Chesang Domtilak. Ekintzaile feminista eta Irep Fundazioaren sortzailea da, eta egun mendebaldeko West Pokot konderrian bizi da, pandemian MGF emakumeen mutilazio genital gehien izan dituen eremuan. Domtilak uste du martxotik ekainera 800 kasu izan zirela; eskandalu horren aurrean, eta presio sozialari esker, lortu egin zuten Poliziak esku hartzea eta arduradunen kontrako neurri legalak hartzea.

MGF edo ablazioa osasun arrazoirik gabe emakumeen kanpo genitalen erauztea da. Lau mutilazio mota daude, bortizkeriaren araberakoak, eta haurtzaroaren eta nerabezaroaren artean egin ohi dira. Populazio Gaietako Nazio Batuen Funtsaren (UNFPA) arabera, Kenyan 15 eta 49 urte arteko emakumeen %21ak jasan du ablazio motaren bat; kopurua Afrikako beste herrialde batzuetakoa baino txikiagoa da, Somaliakoa (%98), Gineakoa (%97) edo Djibutikoa (%93) baino, esaterako, baina halere larria da, 2011z geroztik legez kanpokoa baita.

Praktika horren inguruan tradizio eta sinesmen asko daude, eta intzidentzia tasa talde etnikoaren araberakoa da; somaliek, esaterako, %94koa dute, eta luoek soilik %0,2koa. Landa eremuetan eta eskolatze tasa txikiagoa duten komunitateetan ohikoagoa da hirikoetan baino (%25,9-%13,8)

Neskato izatetik emakume izatera pasatzeko erritual bat da, ezkontzeko aukerak handitzen ditu eta horrekin batera emakumeen komunitateari loturiko hainbat konnotazio kultural izaten ditu elkartuta; horiei uko eginez gero, bazterkeria, abusuak eta estigma jasaten dituzte.

«Eskoletan bazeuden neskatoak babesteko programak, baina orain itxita daude eta komunitateak igarotze-errituak egitea beste alternatibarik ez dute. Mozten dituzte, eta horrela ezkontzeko moduan daude bi edo hiru urte geroago», azaldu du Domtilak. Egungo krisi egoeraren antzekoetan, ezkontza tratu ekonomiko gisara ikusten da, batez ere emakumearen familiaren ikuspuntutik, beren egoera ekonomikoa hobetzeko lagun dezakeelako.

Indarkeria horren egiazko kolpea eskolak berriz irekitzean ikusiko da; prozesu hori graduala da, eta iragan urriaren 12an hasi zen, lehen hezkuntzako maila batekin eta bigarreneko birekin. Ekintzaileek argi dute neskato batzuk ez direla itzuliko. «Neskatoak galtzen ari gara, eta horren aurrean ez da ezer egiten. Ez ditugu inoiz berreskuratuko», dio Masai Selina Nkoilek; hegoaldeko Kajiado konderrian neskatoentzako barnetegi bat zuzentzen du, Naning'oi izenekoa. Bere ikasle askorekin harremanetan egon ahal izan da, dena ondo dagoela ziurtatzeko, baina eskolara «inoiz joan ez diren horiek eta haiei buruzko daturik ez dugun horiek» dira ezkondu direnak. «Nire bihotza horiengatik odolusten da».

Intzidentzia lana

Iragan abuztuan COVID-19ari begirako kontrol neurriak arindu zituzten, eta horrek erraztu egin zuen organizazioak komunitate zaurgarrienetara iristeko aukera. Horren adibide da Tony Mwebia, Men end FGMren sortzailea eta genero berdintasunaren aldeko ekintzailea, zeinak berriz abiatu ahal izan dituen mutilekin eta gizonekin egiten dituen emakumeen mutilazio genitalari eta haurren arteko ezkontzari buruzko tailerrak.

«Berebizikoa da gizonak borroka honetan sartzea», dio Mwebiak. «Gizon gazteen maskulinitatea eraldatu behar dugu emakumeak ere gizakiak direla uler dezaten, eta haiek ere eskubideak dituztela uler dezaten. Eskubideak dituztela, eta horiek errespetatu eta zaindu behar ditugula». Ekintzailearen lanean eragina izan zuen mugikortasunaren murrizketak; epe horretan, #EndFGMLive eztabaida ziklo bat sustatu zuen sarean, herrialdeko ekintzaileek zituzten zailtasunen eta beharren bozgorailu izate aldera.

Aldi berean, testuinguruaren beharretara egokitzeko, ekintzaile gaztea lanean ari da buruzagi erlijiosoekin eta konderrietako talde komunitarioen ordezkariekin, elkarlanean aritu eta «ziurtatzeko kasuen berri garaiz» ematen dutela eta «neskatoak mutilak bezala babestuta» daudela.

Mutilazioa 2022rako amaitu

Kenyak 2022a finkatu zuen ablazioa erabat amaitzeko, eta 2030a genero indarkeriaren forma guztiak bukatzeko, baina badirudi orain arteko ekintzak ez doazela bide horretatik, koronabirusa oztopo handi izaten ari den bitartean. Gizarte zibilaren partetik lan handia egiten ari dira, baina konpromiso handiagoa behar da, eta gobernuaren partetik babes gehiago.

«Politika onenak ditugu, baina arazoa horien inplementatzean dago», azaldu du Nkoilek. «Espero dugu […] gobernuak bulegoan utziko dituela, eta eremuetara etorriko dela komunitateekin hitz egiteko eta elkarrekin irtenbideak aurkitzeko. [Ekintzaileek] Babes teknikoa eman diezaiokegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.