Argentinako kereilara batuko dituzte 1978ko sanferminetakoak

'Martin Villaren txostenaren' berri publikoki eman du 78ko Sanferminak Gogoan plataformak. Gizateriaren aurkako krimentzat jo du Poliziaren esku hartzea. German Rodriguez hil zuten

Mahaian Lourdes Etxeberria, Amaia Kowasch eta Jacinto Lara, atzo, Iruñean, 78ko Sanferminak Gogoan plataformaren agerraldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Azken finean, gureak akatsak dira; haienak, krimenak». Hala mintzatu zen Rodolfo Martin Villa 1978an, Espainiako Barne ministro zela. 1978ko uztailaren 8an Poliziak German Rodriguez hil zuen tiroz, Iruñean, eta horri buruz ari zen. 40 urte geroago erantzun dio Jacinto Lara Giza Eskubideetan eta Justizia Unibertsalean aditu den abokatuak: «Ez dira akatsak. Krimenak dira. Nazioarteko krimenak».

Horregatik, zenbait ekinbide judizial iragarri zituen atzo 78ko Sanferminak Gogoan plataformak, Iruñean egindako prentsaurrekoan. Berriki, Martin Villaren txostena eskuratu dute, Espainiako Kongresuko zenbait talde politikori esker, eta bertan ageri den informazioak bultzatu ditu pauso gehiago ematera; atzo zabaldu zuten, publikoki. Rodriguezen hilketa Argentinako kereilaren barruan salatuko dute, eta dokumentazio berria Maria Servini epaileari igorriko diote.

Ez dira hor geldituko. Lehenik eta behin, joan den urtarrilaren 22an aurkeztutako kereila kriminala zabaltzeko eskatuko dute, txosten berria aintzat har dezaten. 1978ko sanferminetako gertakariak epaitzeko kereila tramiterako onartzen duenetz ebatzibehar du auzitegiak oraindik. Martin Villaren ardura gogorarazi zuen atzo plataformak: «Erantzukizun penalen exijentzia bururaino eramanen dugu».

Horrekin batera, eskuratu berri dituzten txostenak ezkutatzeagatik kereila jarriko diote Espainiako Gobernuari, eta 1978ko sanferminetan gertatutakoari buruzko txosten eta dokumentu guztietarako sarbidea eskatu dute. «Errepresioaren dokumentuak ezagutzea oso garrantzitsua da. Horiek ukatzeak giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsonen benetako babes judizialean eragina du», esan du Larak. «Egia jakiteko eskubidea oinarrizkoa da».

Kereila jartzeko arrazoi nagusia ere azaldu du: «Espainiako errepresio aparatuak jokamolde patroi bat erabili zuen herritarren kontrako eraso orokor, jarraitu eta sistematizatu bat egiteko. Gizateriaren kontrako krimenak dira». Iruñekoak bezala, Gasteizkoak, 1976ko martxoaren 3an.

Aurretik pentsatuta

Martin Villaren txostena deitutakoaren barruan, hiru txosten biltzen dira: Dionisio Bartrech, orduko Polizia Armatuko Bigarren Ikuskaritzaordetza Nagusiko jeneral buruarena; Jose Sainz, garai hartako Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko zuzendariorde orokorrarena; eta Ignacio Llano, garai hartako Nafarroako gobernadore zibilarena. Gaia Espainiako Kongresuan eztabaidatu zuten urte hartako uztailaren 19an.

Amaia Kowasch 78ko Sanferminak Gogoan plataformako bozeramaileak eta Lourdes Etxeberria abokatuak egin dute dokumentuen balorazioa. Polizia zezen plazan sartu eta indarrez esku hartu izana aldez aurretik antolaturik zegoela ondorioztatu du Etxeberriak. Llanoren txostenak dakarrenez, sanferminei buruzko bilera egin zuten uztailaren 1ean poliziaburuek. «Erabateko zuhurtziaz jokatzeko adostu zuten». Zezen plazan ez sartzea erabaki zuten bileran. «Zergatik hitz egin zen horri buruz? Aurretik erabakia zuten sartzea?».

Txostena Espainiako Barne Ministerioak egin zuen, «interesa duen aldeak» Kowaschek azaldu zuenez, baina, hala ere, gertakari batzuk «baieztatzen» ditu, eta «kontraesanak» agertzen ditu «egungo egia ofizialarekin». Txostenek «erasoa justifikatu» eta erantzukizunak saihesten dituzte.

Bertsio ofizial horretan, baina, zenbait datu baliagarri eskuratu dituzte. Adibidez, beste dokumentu batzuk ere badirela baieztatu dute: balistika probak, erabilitako armei buruzkoak.... Horregatik, 1978ko sanferminetako gertakariei buruzko informazio guzia argitan nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.