Euskal presoak. Urruntzea eta sakabanaketa

Preso gutiago, distantzia bera

Mirentxin Gidariek euskal presoen senide eta lagunen bidaiak arindu ohi dituzte astez aste. Azken urteotan preso gutxiago baina urruntze eta sakabanaketa bera izateak, ordea, arazoa sortu die: bidaiak antolatzeko zailtasun gehiago, eta zulo ekonomikoa.

Mirentxin Gidarien furgoneta bat. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
Lezo
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Kontraesana ematen du, baina zenbat eta preso gutxiago, zailagoa da guretzat. Arazoak dauzkagu bidaiak antolatzeko. Eromena da». Hondarribikoa (Gipuzkoa) da Imanol Arzuaga Sarratea, baina Lezora (Gipuzkoa) etorri da, ez elkarrizketara bakarrik: euskal presoen aldeko mugimenduaren bilera daukate 19:00etan, eta, pixka bat lehenago, BERRIArekin hitzordua jarri dute hark, Luisa Bera Bengoetxeak eta Asensio Viaña Baldak: Mirentxin Gidarien furgonetak gidatzen eta antolatzen aritzen dira. Arazo baten berri emateko bildu dira: «Zorionez, gero eta preso gutxiago daude, baina espetxeak berak dira», azaldu du Viañak. Eta Mirentxin Gidarien furgonetek, beraz, senide gutxiagorekin egin behar izaten dituzte bidaiak: «Geratzen diren presoak ez dira biltzen espetxe gutxitan; sakabanaketak hortxe jarraitzen du, eta, gainera, bisitak egiteko ordutegi ezberdinak dituzte».

Espainiako Estatuko eta Frantziako Estatuko kartzeletan dauden euskal presoei bisitan doazkien senide eta lagunei bidaiak arintzeko sortu zen Mirentxin Gidariak. Viañak azaldu du furgonetak beteta joan ohi zirela preso anitz zeuden garaian : «Orain arte, lau seniderekin joaten ginen gutxienez». Orain, kartzela bakoitzean preso gutxiago izanik, egoera aldatu egin da, eta gidariek egoera berrira egokitu behar izan dute: «Orain bi senide eraman behar baditugu, eramaten ditugu».

Arzuagak zehaztu duenez, euskal presoak gutxiagotzeak antolaketa zaildu die bereziki: «Etxerat-eko arduraduna erotuta ibiltzen da bidaiak egokitzen: furgoneta bai, furgoneta ez...». Izan ere, bisitan doazenek Etxerat elkarteko kide bati deitu ohi diote Mirentxin Gidariekin joanen diren ala ez zehazteko, eta hark antolatzen ditu bidaiak. Gero, asteko plana gidariei bidaltzen die. Arzuaga: «Euskal Herrian 11 talde gaude Mirentxinekoak, eta Etxerat-eko kideak astero bidaltzen digu bidaia plana: zein senide doazen, haien telefono zenbakiak, non jaso behar ditugun eta nora eraman...». Antolaketa horri garrantzia eman dio Berak: «Hor, lana atzetik dago; ez da bakarrik joatea».

Bidaiak egokitzen

Lehen, Frantziako espetxeetara ere joaten ziren furgonetak, baina orain Espainiako Estatuko kartzeletara baino ez doaz, eta, horietan, Andaluziakoak dira Euskal Herritik urrunen daudenetakoak: Puerto de Santa Mariakoa, Sevillakoa, Algeciraskoa eta Huelvakoa. Distantziagatik eta preso kopuru handiagatik, urte anitzetan autobusa antolatu izan dute horietara joateko, baina gaur egun maiz autobusa ez da betetzen, eta, beraz, hamabi ordurainoko bidaia luze horiek furgonetan egin behar izaten dituzte. «Autobusik antolatzen ez denean ez dagoelako senide nahikorik, furgonetan joan behar dugu Huelvara, Algecirasera, Sevillara, Puertora...», azaldu du Viañak. Ohartarazi du bidaia nekezak direla. «Ez da gauza bera Madrilera joatea edo Andaluziara. Puertora joateko, 18:00etan atera behar duzu, eta goizaldeko seietara arte hamabi orduko bidaia duzu. Lanetik atera, saiatzen gara aurretik lo pixka bat egiten, baina...».

Ibilgailuak ere egokitu behar izan dituztela zehaztu du Arzuagak: «Orain arte, furgonetak genituen, baina orain bi monobolumen erosi ditugu, gastu handia baita bederatzi pertsonako furgoneta bat bizpahiru seniderentzat». Ibilbideak ere aldatu behar izan dituzte azken urteotan: Oiartzualdeko (Gipuzkoa) Mirentxin Gidariek Herrera eta Huelva zituzten orain arte helmuga, baina bertzelakoetara ere joan behar izaten dute orain, furgoneta batzuk ez direlako ateratzen, Berak azaldu duenez. «Gero eta jende gutxiago dago barruan, baina, sakabanaketak hortxe jarraitzen duenez, hainbat tokitara joan behar dugu. Gutxi gorabehera errepikatzen dugu bidaia, baina aldatu behar izaten dugu». Horrek dakarren ziurgabetasunarekin. «Guk ja bagenuen gure txipa: Herrera eta Huelva. Eta orain, adibidez Murtziara joatea egokitzen bazaigu, gidariak prestatu behar dituzu nola joan, nondik joan, zer hoteletan lo egin...».

Gastuak areagotzen

Logistika arazoak ez ezik, euskal presoak gutxitzeak bertze zailtasun bat ere ekarri die. Viaña: «Bidaia bakoitzean zuloa egiten dugu». Furgonetak ez betetzeak dakar hori. Baina senideei diru gehiago ez eskatzea erabaki dute, Arzuagak azaldu duenez: «Senideei ahal den merkeena jarri nahi diegu, eta erabaki genuen, nahiz eta kostuak ez berdindu, gure gain hartuko genituela; hori da gure lana». Duela urte batzuetatik, distantzia edozein izanik ere diru kopuru bera eskatzen diete adinez nagusiak diren senideei: 50na euro bidaia bakoitzeko; eta adingabeei, dohainik. Horrek astero ehunka euroko zuloa dakar, ordea, eta furgonetaren erosketak eta mantentzeak ere badu kostua: «Furgoneta bat bospasei urtean zaharra gelditzen da». 10.000-12.000 euro artean behar dituzte urtero ibilgailu bat mantentzeko, eta, hori lortzeko, askotarikoak egiten dituzte: zozketak, laguntza bonuak, kamisetak... Azkenaldian, baita sagardotegi bazkariak ere. Edozer gauza, senide eta lagunik gelditu ez dadin joan gabe: «Asteburuero atera dira furgonetak, eta ez da preso bat bisitarik gabe geratu gidaria falta delako; ez dugu hutsik egin», dio Viañak.

Urruntzea eta sakabanaketa bukatzeko itxaropenik galdu gabe, aitzina segitzen dute, Arzuagak dioenez: «Beti antolatzen gara okerrena pentsatuz, eta furgoneta berria behar badugu, erosten dugu. Baina nik esperantza txiki bat badut». Azken bidaia izanen den esperantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.