Koronabirusa. Hezkuntza

Aniztasunaren giltzarri

Aniztasun funtzionala duten haurrentzat ere Internet bihurtu da ikasteko tresna, eta aldaketara ohitzea ez da erraza. Hezitzaileek nabarmendu dute gurasoak inplikatzea beharrezkoa dela.

Haur bat etxean jolasten, konfinamendu egun batean. LUIS TEJIDO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ez da erraza ikasgelan ikasleen aniztasuna errespetatzea eta ume bakoitzaren beharretara egokitzea, eta are zailagoa da pantaila bat erdian jartzen denean. Zailtasun horiek gertutik bizi dituzte aniztasun funtzionala duten haurrek, baita haien familiek eta hezitzaileek ere.

Gema Loinaz Errenterian (Gipuzkoa) bizi da, eta 8 eta 9 urteko bi alaba ditu. Zaharrenak, Ametsek, urritasun motorra dauka. Itxialdian, programa baten bidez bidaltzen dizkiote astero etxerako lanak. «Nire laguntza behar du; bakarrik ezin ditu bete», azaldu du Loinazek. Nagore Arretxeak «posible dena egiten» daramatza azken hiru asteak. Bi seme-alabaren ama da, eta garun paralisia dauka 11 urteko semeak, Enaitzek. «Jarraibide orokor batzuk bidaltzen dizkigute: eskuak, hankak eta gorputza lantzeko, musika terapia egiteko... Ez dira gauza zehatzak, orokorrak baizik». Etxean geratzeak semeari batez ere desabantailak eragiten dizkiola azaldu du Arretxeak: «Ikastolan zaintzailea, musikoterapia eta fisioterapeuta ditu, beti berarekin egoten direnak, eta saiatzen dira bere adinekoekin gelan sartzen».

Hezitzaileek ezinbesteko rola dute ume horien garapenerako, eta egoera ez da erraza haientzat ere. Ordiziako Urdaneta-Oianguren institutuan (Gipuzkoa) heziketa bereziko irakaslea da Laura Morejon. Internet bidez matematika irakasten dihardu laguntza gelara joaten diren 12 eta 16 urte arteko bederatzi ikasleri. «Zortea izan dugu, denek wifia daukatelako etxean». Ordenagailuak ez zituzten bi ikasleri, berriz, institutuak berak utzi dizkie. Nahiko zailtasun izaten ari dira, nolanahi ere: «Badaude bi edo hiru ikasle oraindik ez direnak konektatu; mezuak bidali zaizkie, telefonoz deitu... Baina ez daukagu erantzunik». Beste ikasle batzuk, berriz, «edozein ordutan» konektatzen dira, Morejonen esanetan: «Batzuek, agian, 17:00etan mezu bat bidaltzen didate: 'Laura, bidali dizut lana'. Baina eskola lehen orduan zeukaten, eta ez dira sartu». Egoera hori ikusita, institutuan laguntza «handia» dutela nabarmendu du irakasleak, baina ezinbestekoa dela gurasoen inplikazioa ere: «Etxekoek eurekin egon behar dute. Autonomoak dira, baina gainean egon behar duzu; bestela, ez dute egiten».

Internet derrigorrezko tresna bihurtu da Azkoitiko (Gipuzkoa) Xabier Munibe ikastolan ere. Bertako hezitzaile Aroa Otaegikazaldu duenez, aplikazio baten bitartez bidaltzen dizkiete lanak ikasleei, baina denek ez daukate gaitasunik baliabide hori erabiltzeko. Senideek umeari laguntzea ezinbestekotzat du Otaegik ere: «Familia da momentu hauetan dugun baliabide bakarra».

Aurrez aurre nahiago

Hezitzaileek gabeziak nabari dizkiote Internet bidezko hezkuntzari. Adibide baten bitartez azaldu du Morejonek: «Ariketa asko eskuekin egiten ditugu, adibidez euroekin. Hori pantailen bidez ezin da egin, eta faltan sumatzen dut». Otaegik ohartarazi duenez, bakoitzaren helburuak lortzeko, garrantzi handia du eguneroko lanak, eta egoera honetan hezitzaileei «ia ezinezkoa» egiten zaie jarraipena egitea. Gainera, Morejonen hitzetan, «izugarrizko lana» da egunerokoa, bai hezitzaileentzat, bai gurasoentzat. Izan ere, bakoitzaren beharretara eta ezaugarrietara egokitzen dira: «Bakoitzak eduki desberdinak ditu. Ezin ditut edukiak aurreratu, eta errepasoa egiten ari gara». Gainera, teknologia berrietara egokitzea ere tokatu zaie: «Batzuetan, lau egoten dira bideo deian; bati ez zaiola entzuten, bestearen wifia ez dabilela ondo... Eromena da».

Umeek eta haien familiek ere faltan sumatzen dute egunerokotasuna. «Haur hauentzat ezinbestekoa da egoerak aurreikustea, aldaketak ahalik eta ondoen eramateko», ohartarazi du Otaegik. Arretxeak azaldu du fisikoki lan egitearen falta sumatzen dutela gehien: «Ez dakizu ondo egiten ari zaren edo ez, zer landu behar den gehiago eta zer ez...». Gurasoek ezjakintasuna daukatela azpimarratu du Loinazek ere: «Ez dakit noraino lagundu behar diodan. Irakasleek bai, eta zalantzak ditugunean, erantzuten digute».

Txarrenari onena

Itxialdia erraza ez den arren, alde positiboa ateratzen asmatu dute. Arretxearen etxean, esaterako, aparatu ortopedikoarekin ibiltzeko aprobetxatu dute. «Ikastolan izaten dituen estimulu guztiak ez ditu hemen, baina beste mota batzuetakoak, bai: familiarekin egotea, arrebarekin...». Loinazek dio «pixkanaka» ohitzen ari direla egoera berrira: «Bi astean horrela egon behar genuela esan zigutenean pentsatu nuen: 'Zer egingo dugu bi astean?'. Eta jada hiru astera iritsi gara». Gainera, alaba egoeraz jabetzen dela azaldu du: «Ulertzen du, eta kontziente da. Amorrua ematen dio ezin dugulako atera, baina badaki ezin dugula, eta ez dut gaizki ikusten». Hezitzaileek ere aurkitu dute puntu positiboren bat. «Besteei asko laguntzen ari zaien ikasle bat daukagu, eta horrek izugarrizko poztasuna ematen dio», azaldu du Morejonek.

Nolanahi ere, hezitzaileak kezkatuta daude beren ikasleen egoeragatik. Ordiziako irakasleak ohartarazi du ikasle batzuk «oso-oso galduta» daudela. Otaegik, berriz, buruan du ume horiek kalera ateratzen direnean nolako mehatxuak eta irainak jasaten ari diren; zapi urdina erabiltzea gomendatu diete , jendeak ez diezaien oihu egin. «Esango nuke gizarteko hainbat eremutan ikusezinak izan direla, eta egoera berezi honetan oraindik eta bereziago eginarazten dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.