Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Koronabirusa. ANALISIA

Asko falta da

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan marka beltzenak hautsi ditu koronabirusak Euskal Herrian: asteazkenean, ofizialki, 78 pertsona hil ziren. Orain arteko egunik beltzena izan zen arlo horretan. Ostegunean, datu beltz gehiago azaleratu zen: Bizkaiko eta Nafarroako zahar etxeetan gutxienez 236 egoiliar hilak ziren COVID-19 gaitzagatik: 157 Bizkaian, 79 Nafarroan. Gainerako herrialdeetakoekin batuta, 541 hildakoko datu beldurgarria osatu zuten.

Zientzialariek arrisku bereziko talde moduan definitutako kolektibokoak dira zahar etxeetan zendutako ehunka pertsonak: adinduak. Zientzialarien arabera baita ere, koronabirusak jo eta larri erasateko aukera gutxien haurrek dute, eta horiek ere gero eta toki gehiago hartu dute iritzi publikoan aste honetan. Ipar Euskal Herrian eskolara itzuliko direla iragarri duelako Frantziako presidenteak, Emmanuel Macronek. Iragarpena gurasoak lantokira atzera bidali ahal izateko urrats gisa ulertu du askok, eta kontra agertu. Hego Euskal Herrian, berriz, alderantziz gertarazi dute: asteartetik, milaka langileren itxialdia bukatutzat eman dute, eta lanera itzuli dira. Langile horien umeek, berriz, etxetik irten ezinean segitu dute, gai hauetan guztietan eskumen erabatekoa duen Espainiako Gobernuko ordezkarien hitzak kontuan hartuta. «Haurrak eta haien familiak egiten ari diren esfortzu ikaragarriaz jabetzen gara», adierazi zuen Salvador Illa Osasun ministroak ostegunean bertan, eta esfortzu hori ez zutela arinduko erantsi. Itxialdi hasieratik nabarmendu dute arrazoia: haurrak asintomatikoak dira, eta, ondorioz, besteak kutsatzeko bitartekari kontrolaezinak gerta daitezke. Kontrolaezina, batez ere, testik eta maskararik gabeko erresuman, murrizketaz murrizketa ahuldutako osasun zerbitzu publikoak ez kolapsatzea helburu nagusi duten garaian.

Zaintzaileek oinarrizko erosketak eta mugimenduak egitera atera behar dutenean irten daitezke adingabeak ere, baina jendea —tartean, arrisku taldeetako gutxi ez— batzen den toki itxi batera umeekin ez joaten saiatu dira Hegoaldeko heldu gehienak. Hala, adina irizpide, etxetik ez irteteko de facto-ko debekua ezarria zaie Euskal Herriko 466.749 biztanleri —2019ko uztailean hori zen zenbakia, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera—.

Asteazkenean hilabete bete zuten itxialdian Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako adingabeek. «Asko falta da?», galdetu zuen Aitziber Garmendiak egun horretan, ezagun egin duen Gorane haurraren rolean, bideo batean. Bezperan, Maialen Lujanbiok Akerra ikusi dugu kantaren hitzei egindako moldaketa bat biral bihurtu zen, honako bukaera honekin: «Haurrak kalera lehenbailehen,/ le-hen-bai-lehen!».

Ostegunean, Mursegok trap kanta bat sareratu zuen, Haurren Desataskapenerako Fronte Nazionaleko kide gisa: Txakurran lepokoa erosi dut merke online. Europan egonik ere gai honetako politiketan antipodetan dagoen herrialdea aipatzen du kantuak: «Norvegian sailburua haurrekin da bildu/ beraien beldur eta kezkak/ dizkie argitu». Antipoden antipodetan, Espainiakoa da Europako Batasuneko zorrotzena egun, adingabeei dagokienez. Italiak berak ere, Espainiaren orain arteko ispilutzat jo izan denak, malgutu du araua, eta haurrei egunean ordubeteko irteera egiten uztea erabaki; heldu batek lagunduta betiere, eta etxetik asko aldendu gabe. Frantziak herritar heldu zein adingabeei ezarria dien irizpidearen berdina da hori. Ondorioz, kalera egunero irten daitezke Ipar Euskal Herrian, itxialdi hasieratik.

Hau ez da Norvegia, eta hau hauek da, bi estaturen esanetara egoteak bi araudiren arabera bizitzera ekarri baititu hemengo biztanleak. Bipolaritate horretan, eta Europako beste herrialdeetako neurrietan, kultura politiko eta sozial kontrajarriak ageri dira. Txinako itxialdi zorrotzaren arrakasta hangoa gizarte autoritario bat izatearekin lotu zuen iritzi publiko berak normaltasun airea eman dio osasun publikoko arazo bati paramilitarki erantzun nahi izateari; eta aurretik osasun eta bizi baldintza okerrenak zituztenen egoera kontuan hartu ez izana konpontzeko dekretu-adabakiak sinatzeari. Eta arrakasta ez da inon ageri.

Asteak aurrera egin ahala, Espainiako Gobernuak haurren itxialdia arintzeko asmoa zeukala zioten ahotsak ugaldu egin dira. Testuinguru horretan jakinarazi zuen Iñigo Urkulluk, langileak atzera lantegietara itzul daitezen bereziki ahalegindu den Jaurlaritzako buruak, haurrei eta behar bereziak dituztenei egurastera irteteko aukera ematea eskatuko ziola Espainiako presidenteari. Herenegun izan zen hori, eta atzo ilunabarrean agertu zen Pedro Sanchez, bihar zortzitik aurrera egunero irteteko aukera emango dietela iragartzera. 12 urtera artekoei, behintzat, bai. Generalitateak plan propioa iragarri du, adingabe guztiek egurasteko baimena izan dezaten. Jaurlaritzak eta NafarroakoGobernuak ez dute halakorik jakinarazi. Ikusi beharko da erkidego autonomikoetako buruek Sanchezekin gaur egingo duten bileratik zer irteten den.

Transmisioa kontrolatu ahala hartutako erabakia da haurrei dagokiena, Sanchezen esanetan, eta nazioarteko ikerketa desberdinak ari dira berresten: transmisio katean gako diren kutsatu asintomatikoen kopurua handia da oso, helduen artean ere. Hori ikusita, pentsa liteke aste honetan heldu asintomatiko asko lanera itzuli dela. Testak egin ezean, ezin da jakin horien kopuru zehatza; ezta kutsatuena eta hildakoena ere.Adierazpen ofizialak entzunda, asko falta da koronabirusaren erasana benetan kontrolatzeko behar litzatekeen test-egite masiborako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.