Albistea entzun

Verterrek irabaziak ia bikoiztu egin zituen amildu aurreko bi urteetan

2019an, Zaldibarko zabortegia hautsi aurreko urtean, 3,8 milioi euroren mozkin garbia atera zuen enpresak, eta ireki zutenetik, 15,1 milioi eurorena. Jabeek 5,5 milioi euro patrikaratu zituzten 2012tik
Zaldibarko zabortegia, zigilatuta, joan den urtarrilean.
Zaldibarko zabortegia, zigilatuta, joan den urtarrilean. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2022ko otsailak 13

Hautsi eta amildu ez balitz, aurten beteko zen Zaldibarko zabortegia (Bizkaia). 2011n ireki zuten, eta 35 urtez aritzeko baimena zuen, 2046 arte. Baina uste baino hiru aldiz azkarrago betetzen ari zen, eta, amildu zenean, Iñaki Arriola orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak azaldu zuen erritmo berean jarraitu izan balu aurten gainezka egongo zela zabortegia eta itxi egin beharko zuketela. Zabor meta handituz zihoan erritmo berean zihoazen diru sarrerak handituz jabeentzat, eta hori erakusten dute Verter Recycling 2002 SMren kontabilitate liburuek: 2018an eta 2019an ia bikoiztu egin zituen aurreko sei urteetako irabazi garbiak.

2016 arte, urteko irabazi garbiak inoiz ez ziren 1,5 milioira iritsi. 2017an azeleratu ziren irabaziak: 1,74 milioi euro. 2018an, gehiago: 2,72 milioi euro. Eta 2019an, askoz gehiago, aurreko urtean baino milioi bat gehiago irabazi baitzuten: 3,8 milioi euro. Guztira, 15,1 milioi euroren irabazi garbiak jaso zituen enpresak 2012tik 2019ra. Eta horietatik 6,5 milioi (%43), zabortegia amildu aurreko bi urteetan.

Bada datu deigarri bat hazkunde horretan: 2019an aurreko urtean baino hondakin gutxiago jaso zituen Zaldibarko zabortegiak, 30.000 tona gutxiago. Eta, hondakin gutxiagorekin ere, 2018an baino milioi bat euro gehiago irabazi zituzten jabeek 2019an —jasotako tonako kobratzen dute zabortegiek, eta materialaren arabera—.

Hondakin tonako 6,2 euro

2012tik 2017ra bitartean 1,76 milioi tona hondakin jaso zituen Verterrek, eta 8,6 milioi euro irabazi. Horrek esan nahi du jasotako hondakin tona bakoitzeko 4,9 euroren irabazi garbia atera zutela. 2018an eta 2019an, berriz, 1,05 milioi tona hondakin jaso zituzten, eta 6,5 milioi euro garbi irabazi. Alegia, 6,2 euro hondakin tona bakoitzeko. Agiri ofizialei begiratuta, ez dago garbi errentagarritasunaren hazkunde hori nola gertatu zen —auditoriak aipatzen du gastu batzuk murriztu zituztela—. Baina kontuak berez egin litezke: amildu ez balitz eta 2022 arte erritmo berean jarraitu izan balute zaborrez betetzen, beste hamar bat milioi euro gehiagoren irabazi garbia pilatuko zuten 2022 arte.

Ahoztar Zelaieta kazetariak argitara eman ditu Verter Recyclingen 2019ko diru kontuak. 2020ko abenduan sinatu eta aurkeztu zuten 2019ko diru kontuen auditoria —Gaurve auditoreek egin dute txostena—, baina orain arte 2018 arteko kontuak soilik izan dira publiko.

9,5 milioi euro gordeta

Auditoreek nabarmentzen dute enpresaren egoera ekonomikoa ona zela amildu aurreko garai horretan. Finantza egoera egokia zuen luze gabeko zorrei aurre egiteko —zor hori ia erdira murriztu zuen 2019an—, enpresa abiatzeko maileguak ia kitatuak zituen... Eta 9,5 milioi euroko funts bat gordea zuen zabortegia betetzean hura zigilatu eta erabat ixteko. Kontuak egiteko: 2018an 8,5 milioi euro zituzten gordeak obra horretarako, eta horrek esan nahi du urte batetik bestera milioi bat euro gehiago atera zutela lan horietarako.

2019ko diru kontuen berri ematen du auditoreak, baina ez du aztertzen —ez dagokiolako— ezbeharra gertatu ondorengo finantza egoera. Auditoria egin zuten garaian, enpresako jabeak negoziatzen ari ziren zabortegian hildako bi langileen familiekin. Iazko irailean akordioa egin zuten, eta langileen kontrako delituagatik Durangoko Instrukzioko 1. Aretoan egiten ari ziren epaiketa itxi egin zuten. Zuhurtziagabekeriazko bi hilketa egin zituztela aitortu zuten inputatuek —Jose Ignacio Barinaga enpresaren sortzaileak, Arrate Bilbao haren iloba eta enpresaren kudeatzaileak eta Juan Etxebarria ingeniariak—, eta senideei kalte ordaina ematea hitzartu zuten: 2,75 milioi euro guztira. Verter Recycling enpresa likidatzen hasi ziren iaz —senideekin akordioa egin eta gutxira—.

Auditoriak argitzen du 500.000 euroko berme bat jarria duela enpresak, eta aktibo likidoak blokeatuta dauzkala. Eusko Jaurlaritzak hartu zituen bere gain, subsidiarioki, hildako bi langileak bilatzeko eta zabortegia egonkortu eta zigilatzeko lanak. Administrazio publikoari 30 milioi euro baino gehiago kostatu zaio zabortegia lehengoratzea.

Jaurlaritzak hiru zigor txosten irekiak ditu enpresaren kontra; Bizkaiko Diputazioak, beste bat; zabortegia egonkortu eta ixteko egindako obren kostuari aurre egin beharko diote, hildako langileen senideei kalte ordainak eman, eta Durangoko azken epaiketaren emaitzaren zain egon, beste zigorrik ere jasoko duten jakiteko. Eta, azken urteetan irabazi handiak izan bazituen ere, hemendik aurrera gastu handiak izango dituzte Verter Recyclingek eta haren jabeek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

MHLI taldeko ikertzaileak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, gaur, aldundian. ©JON URBE / FOKU

Euskal liburu asko zentsuratu zituzten Franco hil ostean ere

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Torrealdairen lanari «jarraipena» emanez, MHLI taldeak 1975. eta 1983. urteen arteko zentsurari buruzko liburu bat ondu du. Zentsoreen obsesioa «separatismoa» zela nabarmendu du Ana Gandara ikertzaileak.

Urkullu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ©Endika Portillo / Foku

Urkulluk uste du euskararen aurkako epaiek ez dutela zalantzan jartzen hizkuntz politika

Iosu Alberdi

Urteko lehen kontrol saioa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana babestu du lehendakariak.

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute ©Lezetxikiren Lagunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak dio AHTak ez duela «inolako kalterik eragin» Lezetxikin

Isabel Jaurena

Ekologistak Martxan taldeak erran du AHTaren obrek «haitzuloko lurpeko ekosistema hauskorrari» kalte egin diotela.

«PSNrentzat noiz da eremuz aldatzeko garai egokia? Inoiz ere ez»

«PSNrentzat noiz da eremuz aldatzeko garai egokia? Inoiz ere ez»

Joxerra Senar

Ustekaberik ez zen izan atzo Nafarroako Parlamentuan, baina Mañerun «amorruz eta etsipenez» hartu dute albistea, euren nahiari jaramonik ez dietelako egin Navarra Sumak eta PSNk. Alkateak salatu du «bigarren mailako herritar» sentitzen direla.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Mikel P. Ansa

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...