Duintasunaren horma da orain

1936tik 1945era arte frankistek fusilatutako 2.194 pertsonak omendu ditu Eusko Jaurlaritzak Derioko hilerrian. «Itxaropenerako memoria» aldarrikatu du Urkulluk.

Emakume bat, Derioko hilerrian fusilamenduak egin zituzten hormaren aurrean, atzo inauguratutako plakaren alboan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Derio
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Faustina maitea: ordubete barru, gutxi gorabehera, exekutatu egingo naute. Zaindu itzazu gure seme-alabak». Agurtzeko aukera izan zutenen azken lerroetako pasarteek ireki zuten atzo frankistek fusilatutakoei eginiko omenaldia. 1936ko gerran eta gerraostean exekutatutako 2.194 pertsonen «duintasuna, memoria eta eredua» goratu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Gogora institutuak, Derioko Vista Alegre hilerrian (Bizkaia). Hango hormak ere izan ziren bortxaren lekuko, hilerrian bertan 523 lagun fusilatu eta hobiratu baitzituzten. Murruaren zati batek bere horretan dirau, eta alde banatan bi plaka jarri dituzte, biktimen izen-abizenekin. Lekuaren esanahiaz mintzatu zen Iñigo Urkullu lehendakaria: «Horma hauek frankismoaren basakeriaren sinbolo dira; eta batez ere, askatasunaren eta demokraziaren aldeko duintasunaren sinbolo. Hau memoria positiboa da, konpromisoa duena, itxaropenerako memoria».

Hildakoen 300 bat senidek hartu dute parte omenaldian; lehen lerroetan, biktimen hogei seme-alaba inguru, hunkituta. Eta haiek ere hartu dute hitza. Rosario Valdivielso izan da lehena, 100 urterekin: UGTko kide zuen aita, Juan Jose Valdivielso, eta errepublikaren alde borrokatu zen. «Asturiasen harrapatu zuten, kartzelatu, txarto tratatu, eta heriotzara zigortu». Ordurako, ama ere hila zuen andreak: «Gerraostean aurrera egitea oso gogorra izan zen, gurasorik gabe, hainbeste beharrekin, gorriak izatearen estigmarekin eta, batez ere, gabezia afektibo latzarekin». Heliodoro Jorge Laka aitona izan du gogoan Maite Canedok: «Nire amak irailean utzi gintuen; ezin izan du hau ikusi. Aita galtzeagatik markatuta eta traumatizatuta egin zuen bizi osoa».

Azkenik, Florentzia Olazagoitiaren hilketaz jardun da Natividad Roa biloba: «Sozialista errepublikanoa zen. Hiru seme-alaba zituen, eta laugarrenaz haurdun zegoen, baina hori ez zitzaien inporta izan, ez salatu zutenei, ez erail zutenei». Bereziki krudelak izan ziren emakumearekin: «Odolusten ari zela, tiro bat jo zioten sabelean, esanez: 'Hazia ere hil behar da, ez dadin ernatu'». Roaren aitak ere jasan zituen gerraren ondorioak: «10 urte zituela, frontera eraman zuten erreketeek». Aitortu du bere familian tabua gailendu dela, baina gertatua kontatzera deitu ditu senideak: «Gu beldurrez bizi izan gara beti, baina isiltasunak irabazleei soilik egin die mesede».

Gehienak, fusilatuta

Urkulluk esker ona adierazi die senideei, memoria zaintzeagatik: «Gaurtik aurrera, gorde duzuen familia memoria hori gizarte memoria bihurtu da. Zuen arbasoak Euskadiren memoriaren parte dira». 1936tik 1945era ehunka lagun exekutatu zituzten frankistek: 2.134 gizonen eta 60 emakumeren berri jaso du Gogora institutuak. Araban eta Gipuzkoan, gehienak epaiketarik gabe erail zituzten, baina 1937ko martxoan Azazetako fusilamenduek eragindako egonezinaren ondoren, gerra kontseiluak egiten hasi ziren frankistak. Prozesu haietan, garrotez hiltzera ere kondenatu zituzten preso batzuk, baina gehienak fusilatuta hil zituzten.

Haien guztien izen ona aitortu du Urkulluk: «Zuen arbasoek askatasuna, demokrazia eta justizia defendatu zituzten, eta horregatik hil zituzten». Izan ere, lehendakariak nabarmendu du gerraren erantzukizuna ez dela «beti partekatua», eta bereizi egin ditu «norbere defentsa legitimoa» eta «eraso militarra». «Eragin ez zuen gerra bat bizi izan zuen belaunaldi hark. Irakatsi ziguten eraso faxistaren aurrean frontean askatasuna defendatzea bat zetorrela ikuspegi humanista eta demokratikoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.