Ezinegonak agerian, elkargoko aurrekontuaren eztabaidan

Martxoaren 4ko batzarrean bozkatuko dute Euskal Hirigune Elkargoko 2023ko aurrekontua. 2026 arte hogei milioi euro emanen dituzte herrientzat. Lurralde desoreka salatu dute hautetsi batzuek

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, joan den abenduan, Baionako Arteen Hirian. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Urteko lehen biltzarra izan zuen atzo Euskal Hirigune Elkargoak Baionako Arteen Hirian. Gai andana jorratu zituzten, baina 2023ko aurrekontuari eman beharreko norabideari buruzko eztabaida izan zen eguneko puntu nagusia. Eta eztabaida izan zen. Aitzineko biltzar batzuetan bezala, lurraldeen arteko desorekari buruzko arrangurak plazaratu zituzten hautetsi batek baino gehiagok, eta orain arte egin izan dena baino aurkezpen zehatzagoa egiteko eskatu zuten. «Konfiantza falta» deitoratu, eta elkargoak ematen dituen laguntzak kontuan ez hartzea gaitzetsi zuen Jean Rene Etxegarai lehendakariak. Oraindik ez da ezaguna exekutiboak aurkeztuko duen aurrekontua. Martxoaren 4ko batzarrean bozkatuko dute.

Kotte Ezenarrok erran zuen 2026ra arte «anbizioz» beteriko proiektu bat garatzeko borondatea dutela. Finantza lehendakariordearen hitzetan, egoera «zaila» da, baina elkargoaren finantzak «sano eta sendo» daude.Orain arteko zerbitzu maila bera eta herriko etxeei ematen dien laguntza atxikitzeko borondatea agertu zuen. 2020-2023 aldian, Ipar Euskal Herriko herriko etxeen artean hamar milioi euro banatu zituzten askotariko proiektuak laguntzeko. 2023-2026 aldian kopuru hori bikoiztuko dute. Herri bakoitzak 30.000 euroko gutxieneko laguntza izanen du. Laguntza horiek eskertu zituzten herri txikietako hainbat ordezkarik.

Baina kritika zorrotzak ere entzun behar izan zituzten elkargoko ordezkariek. Laurent Intxauspe Donibane Garaziko auzapezak lehenik eta Alain Iriart Hiriburukoak (Lapurdi) ondotik, lurraldeen arteko oreka eskasa deitoratu zuten. Aurrekontuetan, politika publiko bakoitzari eta lurralde bakoitzari dagozkion inbertsioak argitzeko eskatu zuten, azken urteetan behin baino gehiagotan egin bezala; Ezenarrok zein Etxegaraik datuak emanen zituztela erran izan badute ere, oraino ez dute erantzun argirik jaso. «Zerbait gordetzeko duzue?», galdetu zuen Intxauspek. Elkargoan hasieratik markatu den elkartasun printzipioaren kontra, inbertsioak nagusiki Lapurdi kostaldean egiten direla iradoki zuen. Elkarrekin Herriarentzat talde politikoaren izenean, informazio horren berri emateko eskatu zuen.

Iazko aurrekontuan 87 milioi euroren inbertsioak onartu baziren ere, ororen buru 50 milioirenak izan direla salatu zuen Iriartek. «Inbertsio inportanteak gibelatuak izan dira». Era berean, azpimarratu zuen lurralde proiektuan 500 milioi euro onartu zirela, aurrekontua baino gehiago. «Dena ez da egiten ahalko, erabakiak hartu beharko dira». Etxebizitzan eta garraioan jarri zituen lehentasunak. Jean Pelle Iriart Aloze-Ziboze-Onizegaineko (Zuberoa) auzapezaren ustez, «dena ez da negatiboa», baina orain artekoarekin «haustea» defendatu zuen.

Zenbakiak, ez denak

Hitzaldi andana izan ziren aurrekontuen eztabaidan. Horien artean, Gilbery Ozafrain Aintzilako (Nafarroa Behera) auzapez eta Garaz-Baigorriko lurralde eremuko erreferentearena. Euskal Elkargoak bere eremuan lagundu dituen proiektu guziak zerrendatu zituen, kostaldearen eta barnealdearen arteko desorekaren mamua uxatu nahian. Gogorrago mintzatu zen Martine Bisauta Trantsizio Energetikorako lehendakariordea: «Badakigu lurralde eremu batzuk gehiago dotatuak direla; bost axola zaigu. Zergatik ekarri batzuk bere interes pertsonalen alde ari diren ideia?».

Lehen aldiz, orain arteko zenbakiak lurraldeka agertzea ezinekoa dela argudiatu zuen Ezenarrok: «Hamahiru langile jarri behar lirateke horretarako bakarrik, urtebetez, lanaldi osoan». Herriko etxeen proiektuak laguntzeko ondoko hiru urteetan banatuko diren hogei milioiak lurralde eremuka nola partekatuak diren erakutsi zuen ondotik, barnealdeak gehiago jasoko duela adierazi nahian. Hainbat hautetsiren haserrea eragin zuen horrek. «Zenbakiak burugogorrak dira», bota zuen Etxegaraik ironiaz. «Hori lerro bat besterik ez da, aurrekontu guziarena nahi dugu», iharduki zuen Xavier Lacoste Irisarriko (Nafarroa Behera) auzapezak. Txaloka hartu zuten hainbat hautetsik.

Beste batzar batzuetan egin izan duen gisan, haserre mintzatu zen Etxegarai lurraldeen arteko desorekaz aritu zirenen kontra, eta Euskal Elkargoa zatitzeko aukera iradoki zuen. «Posible da zenbakiak lurralde eremuka ematea; lehenago hala zen. Duela bost urte sortu ginen, jadanik ahantzia duzue zer genuen lehenago». Hautetsiei eskatu zien «mesfidantzan» ez izateko, eta berretsi zuen herrien artean elkartasuna eta ekitatea lortzea direla helburu nagusiak.

Tentsioa agerikoa izan zen atzo biltzarrean, eta ondoko asteetan ere hala segituko duela aurreikus daiteke. Abenduan aurkeztu zituzten Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat talde politikoak, eta aurrekontuan kolaboratzaile bana ordaintzeko baliabideak integratzeko eskatu zuten. Oraindik ez dute lehendakaritzaren erantzun garbirik jaso. «Hori gabe ez dugu deus egiten ahalko», zioen atzo hautetsi batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.