Koronabirusa. Mundua

Errotik moztu behar da

Afrikako herrialde askotan martxo hasieran agertu dira lehen kasuak, eta agintariak orain hasi dira neurriak hartzen. Baina adituek ohartarazi dute gogorrago jokatu behar dela.

Boluntarioak informazioa banatzen Johannesburgeko txabola auzo batean, Hegoafrikan. KIM LUDBROOK / EFE.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusa Afrikako herrialde gehienetara iritsi da. Kasu gehienak Europa eta Arabiatik hegazkinez etorritakoak dira, Hego Afrika, Egipto eta kontinentearen iparraldean izan ezik. Martxoaren lehen hamabostaldian, Afrikako aireportu gehienak irekita egon dira; COVID-19a zabalduz joan den heinean, ordea, gobernuak neurri askoz gogorragoak hartzen hasi dira. Afrikako herrien etorkizuna jokoan dago. Transmisio lokala eten beharra dute: batetik, herritarren konfinamendua Europan baino are gogorragoa litzatekeelako, eta, bestetik, aurreikus daitekeelako ezen, kutsatzeak bizkortzen hasiko balira, osasun egiturek arazo itzelak lituzketela gaixoak bakartu eta behar bezala tratatzeko.

Negua ate joka dute Hegoafrikan, Senegalen eta Etiopian, eta guztietan agertu dira COVID-19ak kutsatutakoak. Hegoafrikan, esaterako, 202 kasuren berri eman dute. Burkina Fason, legebiltzarreko bigarren presidenteahil da. Infekzioa Europatik ekarri zuen hark; baina Italiako enbaxadorea ere gaixotu da Uagadugun, eta hilabeteak daramatza Italiara joan gabe. Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburuan beste hiru kasuren berri eman zuten herenegun, eta horietatik bi bertan kutsatu ziren, Osasun ministroaren arabera horiekin 23 dira kutsatutakoak. Ekonomia ministroaren bulegoko arduraduna ere hil egin da. Aldi berean, sendatutako lehen gaixoaren berri ere eman dute.

Arrisku faktoreak

Afrikako testuinguruan, faktore anitz daude birusaren hedapena erraztu dezaketenak. Kenyako hiriburuan, adibidez, egunero bi milioi ibilgailu irteten dira kalera. Hori dela eta, ahal den neurrian, etxean geratu eta segurtasun tartea gordetzeko eskatu zaie herritarrei, baita garbiketa neurriak arreta handiz betetzeko ere. Dentsitate handiko txabola auzoetan, adibidez, ez dute iturriko urik, eta, etxean geratuz gero, janaria eta xaboia erosteko dirurik ere ez lukete izango.

Egoera horrek guztiak are nabarmenago egin ditu osasun egitura publikoen ahuleziak. Izena eman nahi izan ez duen hango mediku baten arabera, «arazoak izango ditugu COVID-19a eta Kenyan ohikoak diren arnasketa sistemaren gaixotasun kronikoen artean bereizteko». Gainera, konderrietako ospitaleek ez dute oraindik koronabirusaren azterketak egiteko gaitasunik. «Protokoloen arabera, 4. eta 5. mailako ospitaleek zainketa intentsiboetarako eta erreanimazioak egiteko behar diren baliabideak behar lituzkete, baina ez dituzte». Itxaropen bakarra da prebentzioa eta osasun neurriak ahalik eta ondoen lantzea, transmisioa geldotzeko, izuak gizartearen egiturak ez hondatzeko, eta ahalik eta pertsona gehien salbatzeko.

Prebentzio neurriak

Eskolak itxi eta elkarretaratzeak debekatu dituzte herrialde gehienetan, baita Zimbabwen eta Ugandan ere, kasurik agertu ez den arren. Are zailagoa izan da hegaldiak bertan behera uztea. Ruandan —11 kasu daude han—, bertan behera utzi dituzte Kigalitiko eta Kigalirako hegaldiak. Kongon ere agertu berri da lehen kasua.

Kenyan zazpi kasu agertu dira oraingoz, guztiak atzerritik joandakoenak, eta herritarren mugimendua murriztu dute. Berdin egin dute Etiopian ere; han bederatzi izan dira baieztatutako kasuak. Eskuak aldiro garbitzeko xaboiak eskuratzen laguntzea—horretarako diru publikoa mahai gainean jarrita— eta segurtasun tartea uzteko gomendioak ematea dira, gobernuaren ustez,itxialdia saihesteko neurri eraginkorrenak. Izan ere, Uhuru Kenyatta presidentearen esanetan, neurri gogorragoek ekonomiaren gainbehera eragingo lukete.

Kongoko Errepublika Demokratikoan hamar ebola izurrite ezagutu dituen Jean Jacques Muyembe birologoak ohartarazi du COVID-19a ebola baino kutsakorragoa dela, eta iritsi dela unea konfinamenduak indarrean jartzeko. Urte eta erdi iraun duen ebola epidemiaren aurkako kanpaina zuzendu du Muyembek, eta hari eman dio Felix Tshisekedi presidenteak koronabirusaren aurkako erantzunaren ardura ere. Europan baino are zailagoak dira Afrikan konfinamenduak, etxeetako elikadura segurtasuna kolokan jar lezaketelako.

Nairobin jende asko euren jatorrizko nekazaritza guneetara itzultzen ari da, segurtasun tarteari eustea errazagoa izango dela pentsatuz. Beste askok lana galdu dute, eta ez dute inolako diru laguntzarik; eta badira uste dutenak Kenyako osasun sistema ez dela pandemiari aurre egiteko gai. Gobernuak konderrietara ez alde egiteko eskatu die hiritarrei, eta Murang'ako gobernadoreak sarrera debekatu die beste konderrietakoei. Lehenengo aldiz hartu da horrelako giza bakartze neurri bat.

Herri mailan, gehienak jabetu dira koronabirusaren arriskuez. Adinekoen artean beldurra zabaldu da. Garbiketak inoiz baino zorrotzagoak dira orain etxeetan, eta arratsaldeko elkarrizketetan maiz Jainkoari buruz mintzatzen dira. Irtenbidea harenesku bakarrik dagoela esaten dute batzuek, eta beste batzuek, berriz, gizartea zigortua izan dela Jainkoaren borondatea ez obeditzeagatik, eta COVID-19a ez dela hasiera besterik, gero otien izurritea eta gosetea etorriko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.