Koronabirusa

Poteoaren ordez, paseora

Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bezala, itxita daude ostatuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Mandatutarako edo paseorako baliatu dute herritarrek larunbata.

Donostiako ostatu bateko terraza bat, bilduta. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Oiartzun-Donostia
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Goizeko euriak bustita daude kaleak Oiartzunen (Gipuzkoa). Eguerdia da, eta itxita daude ostatuak, baina jendea ez da etxean gelditu. Hara eta hona dabiltza batzuk, paseoan; ogia, tabakoa eta egunkaria erostera atera dira bertze batzuk; bakarren bat farmaziara. Eta bada atseden hartzeko udaletxeko arkupeen gerizaz baliatu denik ere. Jose Ignacio Lasa Gorostidi da horietako bat, 83 urteko gizona: arkupeetako banku batean eserita dago, maskara jantzita. Larunbat arrunta balitz, lagunekin egonen litzateke, trago bat hartzen, baina aitzineko asteetan Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan gertatu bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere itxiak dituzte ostatuak, atzotik. Oiartzunen ere bai, beraz.

Larunbat eguerdiko plana aldatu dio horrek Lasari, baina «ongi» ikusi du neurria, halere: «Jendea bata bestearekin juntatu egiten da nahi ez dela ere, eta musukoa kenduta-eta...». Kuadrillakoak ez zaizkio hurbildu, baina bakarrik bada ere, nahiago izan du plazara atera. Eta arratsaldean ere paseo bat emateko asmoa duela iragarri du: «Etxean gelditzea sujezio handia da niretzat». Adina tarteko.

Ez dira iritzi berberekoak Amaia Larrañaga, Gurutze Aranburu eta Mari Jose Zugarramurdi. Eramateko kafea ematen duen Txokolategiaren parean daude, kalean, kafe bat hartzen, maskara jantzita. Larrañaga kexu da ostatuak itxi dituztelako: «Ez dakigu kutsadura non dagoen, eta beti sektore berari egozten zaio. Eta egun batetik bestera...». Informazio faltagatik daude haserre. Aranburu: «Gero igual libre utziko da Eguberriak baino lehenago, eta orduan ez al da kutsadurarik izango?». «Eta hau herri txiki bat da, jende kopurua ez da hain handia», jarraitu du Zugarramurdik: «Gure inguruan ez dugu ikusi kutsadura handirik, neurriak hartuta».

Egun batetik bertzera itxi behar izan dutenetako bat da Patxi Oiartzabal, Tolaita ostatuko jabea. Tabernaren barnean dago, gauzak biltzen: «Aste bukaerarako eskaera guztia egina genuen, pentsatuz lan egingo genuela, baina...». Espero zituzten neurri gogorragoak, baina ez hain azkar: «Asteartean esan izan balute, ez genuke erosketa egin izango». Ostatu «txikia» du, eta «etxerako» aprobetxatuko dute janari gehiena, «ahal den bezala»: «Baina pentsatzen dut jatetxe handiei kalte handia egingo diela honek». Ulertzen ditu neurriak, halere: «Tristea da, baina ikusia zegoen. Eta nik uste gehiagora egingo duela honek, konfinamendu totalera. Badaukat lagun bat erizaina dena, eta esaten ari da gainezka daudela ja».

Donostian, jendetza kalean

Herri txikitik hirigunera badago aldea: Donostian, jendez beteta zeuden kale eta paseoak atzo, tabernen faltan. Maite Sanz Madariagak eta Antxon Mendizabalek horixe zuten plana, Bulebarrean. Sanz: «Normalean trago bat hartzera joan ohi gara, baina, gaur, ibiltzera». «Ondo» ikusten dute neurria, «onerako bada eta zerbaiterako balio badu», baina baldintzaren zalantzaz. Mendizabal:«Egoera zail dago, eta ezagutzen ez dugun zomorro baten kontra ari gara». Osasungintzaren egoeraz arduratuta dago Sanz: «Batzuetan deitzen duzu, eta ezzaituzte artatzen».

Parte Zaharrera sartuta, janari dendek ilarak dituzte, baina ostatu gehienak itxiak daude, eramateko janaria eskaintzen duten gutxiak salbu. Mejillonera tabernako langile Andres Navasek azaldu du haiek ezin izan dutela halakorik egin, eta etsita mintzo da, ostatua garbitzen ari dela: «Sei-zazpi lankide gara, finkoak, baina ez dakigu hau nola bukatuko den: ez dugu argirik ikusten tunelaren bukaeran». Inguruko taberna askok urtarrilera arte gutxienez itxiko dutela dio, abenduan irekita ere ez litzaiekeelako errentagarri aterako: «Bizitza soziala galdu egin da. Jendea normalean joaten da tabernara jendearekin egotera, eta, hori kentzen badigute, bizitza kenduko digute».

Erdi hutsik dago, adibidez, Juan de Bilbao kalea, Ikatz izenez ezagunagoa. Eider Arizkorreta han da, egoeraz haserre: «Gazteoi aisialdia murriztu digute, eta ez daukagu zereginik». Ados da June Iartza: «Jopuntua gazteongan eta ostalaritzarengan jarri dute, baina horrela gaude neurriak berandu, gaizki eta haiek bakarrik hartu dituztelako».

Nolako egoera, halakoa baita kaleko jendearen iritzia: neurri bakoitzak nori, nola, eta zergatik eragiten dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.