Burgosko Prozesuak 50 urte.

Ez da kasualitatea ez jakitea

Burgosko Prozesuaren testuinguruari buruzko erakusketa bat ireki dute Gipuzkoako Aldundiak, EHUk eta Aranzadik. Gazteek arretaz entzun dituzte historialariaren azalpenak.

Zenbait liburu, errepresaliatuen gutun batzuk eta Txabi Etxebarrietaren betaurrekoak ere badaude erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
Donostia
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ez da kasualitatea guk ez jakitea Burgosko prozesua zer izan zen eta zer testuingurutan gertatu zen; beste gauza asko erakutsi dizkigute eskolan», esan du Mikele Etxekoloneak, eta Nahia Urdalletak gehitu du giro hori ezaguna egin bazaio izan dela etxean aitak kontatu izan diolako. Igor Telleriak, berriz, uste du gazteei historia telesailen bidez iristen zaiela zuzenen, eta, garai hura kontatzen duten telesailak ugaritzen ari direnez, kontakizun fikzioratu horien gaineko galbahe egokiaz gogoetatu du. Etxekolenea, Urdalleta eta Telleria EHUko ikasleak dira, eta BERRIAk elkartu ditu Aranzadiko Javi Buces historialariarekin, Burgosko prozesuari buruzko erakusketa elkarrekin ikusteko.

1970-2020 Burgosko prozesua. Frankismoari epaiketa izeneko erakusketa prestatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadik eta EHUk. Ikusgai dago EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria eraikinean, urtarrilaren 26ra arte.

Bucesek lehen paneletan aurkeztu du nola 1939an, 36ko gerra amaitu ostean, erregimena agintean jarri zen eta ez zegoen oposiziorik: «Lurperatuta, erbestean edo etxean beldurtuta zegoen oposizioa». Baina 1960. hamarkadako seme-alabek ez zuten gerra bizi izan. Hasi ziren unibertsitatean ikasten, fabriketan lanean, eta, gainera, frankismoaren erregimena hermetikoa bazen ere, gero eta gehiago hasi ziren iristen, modu klandestinoan bazen ere, liburuak, aldizkariak, egunkariak, telebista... Belaunaldi berriarekin, mundua aldatzeko indar bat mugitzen hasi zen. Euskal Herrian, eta bereziki Gipuzkoan, hiru faktorek eragin zuten giro hori pizten: batetik, euskal nortasuna berreskuratzeko ekimenak indartzen hasi ziren: «Ikurrinak mendi tontorretan, udalerrietako eraikin ezagunetan, frankismoaren aurkako pintaketak...»; bestetik, euskal kulturaren berpizkundea. Ez alferrik, Oteizaren Arantzazuko apostoluen jatorrizko molde batzuek irekitzen dute erakusketa: «Elizarentzat heresia ziren, eta urteak eman zituzten bide bazterrean botata»; eta hirugarren faktore gisa aipatu du lan gatazken gaineko aldarrikapenak indartzea. Hiru horien batuketatik hasten da gorpuzten frankismoaren kontrako oposizioa.

Frankismoak errepresioarekin erantzun zuen. Poliziaren oldarraldi bortitzak eta torturak eguneroko ogia ziren, erakusketan ilustratzen denez.

Marra gorri lodi batek zeharkatzen du erakusketaren bigarrenetik hirugarren faserako espazioa. 1968ko ekainaren 7an, ETAk Jose Pardines guardia zibila hil zuen, eta hiru ordu geroago guardia zibilak Txabi Etxebarrieta etakidea hil zuen. Panel berean daude. Bucesek argudiatu du polizia txosten berean daudela jasota Pardines eta Etxebarrieta hil zituztela. Ikerketek erakutsi dute atzetik tiro egin ziotela Etxebarrietari. Eta, garai hura ilustratzeko, gaur egun fikzioa hartzen ari den indarraz gogoetatu du: «Ezin dute esan: datu hori ez geneukan. Txosten berean daude, baina guk ez ditugu baliabideak La linea invisible telesaila moduko bat egiteko», esan du —ETAren lehen biktimatzat hartua da Pardines, eta telesailak lehen hilketa horren ingurukoa jasotzen du, fikzioan—. Eta fikzioa historiatzat hartzeak daukan arriskuaz ohartarazi du: «Denak dauka azalpen bat; ez da bat-batean sortzen. Gertaerak nondik datozen jakitea garrantzitsua da. Horrekin ez da ezer justifikatu nahi. Gizarte heldu batean eskubidea daukagu jakiteko zer gertatu zen garai hartan Euskal Herrian». Garrantzitsutzat jo du «historia osoa» jakitea. «Biktima asko daude ezer ez dakitenak, eta ikertzeko zailtasunak besterik ez daude zenbaitentzat». Eta hitz horiekin iritsi da azken panelera, Burgosko prozesuan epaitu zituztenengana. 16 auzipetu, Meliton Manzanas hiltzeaz akusatuta. Bederatziri heriotza zigorra ezarri zieten. Jendeak kalea hartu zuen. Heriotza zigorrak kommutatzea lortu zuten. Inor gutxik ditu gogoan, ordea, protesta giro haietan hildako hiru pertsonak. Erakusketan jasota daude: Roberto Perez Jauregi tiroz hil zuten manifestazio batean, «eta ez zen bala galdu bat izan». Antonio Goñi Igoa atxilotu eta torturatu egin zuten protesten ostean. Aske utzi zuten gero, eta handik egun gutxira bere buruaz beste egin zuen. Emazteari utzi zizkion gutun batean idatzita polizia etxean pasatutakoak. Jose Miguel Andueza Elizalde trafiko istripu batean geratu, eta poliziak tiroz hil zuen. Haien senideek ez dute biktima gisako aitortzarik izan, frankismoan beste askok bezala.

Hutsunea hezkuntzan

Gazteek interesez segitu dituzte Bucesen azalpenak. Urdalletak ondorioztatu du oso gainetik jaso dutela eskolan Burgosko prozesuari buruzko historia, eta testuingururik gabe. Bucesek testuinguruari eman dio garrantzia: «Ez du inporta 14 edo 16 izan ziren, baizik eta nola izan zen prozesu hori».

Telleriak telesailetan jarri du fokua. «Gazteengana iristeko ahalmena dute. Eta Patria edo La linea invisiblez gain, beste ikuspuntu batzuk ematen dituztenak ere egin beharko lirateke». Buces: «Ideia da ez beste ikuspuntu bat ematea, baizik eta osorik kontatzea. Helduak gara, eta bakoitzak bere irakurketa egin behar du, baina horretarako historia osoa jaso behar da». Gazteek zalantzan jarri dute galbahe nahikorik ba ote dagoen jasotzen den guztia deskodetzeko.

Garai hartakoa etxetik jaso du Urdalletak: «Orain dela gutxi, Burgosko prozesuari buruzko albiste bat eman zuten, eta aitak esan zidan: 'hara, badut pegatina bat garai hartakoa'. Etxean tokatu zaidalako dakit». Etxekoloneak, berriz, garai hari buruzko historiaz batxilerrean jaso duena Espainiaren ikuspuntutik jaso duela esan du: «Bukaera aldera aipatu zen gai hau, baina ez sakonki. Ez da kasualitatea hau ez jakitea, ezta hauek sortu izanaren oinarria ere; beste gauza asko ikasi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.