Urtarrilaren 9an giza katean parte hartzeko deia egin dute Bakegileek

Pankarta bat eskegi dute Miarritzeko itsasargian, irudikatzeko «bakerako bidea argitu» nahi dutela. «Kartzelak husteko garaia» dela erran dute, eta, horretarako, beharrezkotzat jo dute mobilizazioa

Miarritzeko itsasargian pankarta eskegi zuten Bakegileek atzo arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Miarritze
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Dozena bat lagun Miarritzeko (Lapurdi) itsasargira igo ziren atzo arratsaldean, eta bertatik Bakegileen eskuaren irudia eta Orain presoak! leloa zeramatzan pankarta bat zabaldu zuten, heldu den urtarrilaren 9an Bakegileek Baionan antolatu duten giza katean parte hartzera deitzeko. Argi dugu! lelopean antolatu dute giza katea, Frantziari eskatzeko preso guzien auzia «behin betiko» konpon dezala. «Bakerako bidea argitu nahi dugu. Eta argi horren xerka joan gara Miarritzeko itsasargira», adierazi zuen Emili Martinek Bakegileen izenean. «Azken erabaki baikorrak kolektiboki irabaziak izan dira, eta gure bideari jarraitzera animatzen gaituzte. Gure bidea oztopatzen duten paretetatik harago, argiaren bila joanen gara».

Urtarrilaren 9an, 17:30ean ezarri dute topaketa Baionan, eta gutxienez 2.000 pertsona batu nahi dituzte Errobi ibaiaren inguruan. Parte hartzaileei aitzinetik izena eman eta bakoitzak bere metroa erreserbatzeko deia egin diete, eta kultura, kirola, politika eta gizarte eragileei ere dei berezia egin diete egitasmoan kolektiboki parte har dezaten.

Frederic Haranburu Xistor euskal presoa baldintzapean aske lortuta, 2020. urtea «argi izpi batekin» bukatu dela erran izan dute behin eta berriz Bakegileek, eta gisa bereko erabaki eta urrats gehiago laster etorriko direla espero dute. Hala, abenduaren 19rako aurreikusia zuten desobedientzia ekintza «bertan behera uztea» erabaki zuten, egoera «alda» zitekeelakoan. «Osoki mobilizatuak eta erne egon arren, blokeo politikoak etapa berri bati tokia emango diola sinetsi nahi dugu, eta erritmo azkarragoan, gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzeko aurrera eginen dela», adierazi zuen Anaiz Funosas bakegileak urtarrilaren 9ko mobilizazioa iragartzeko agerraldian. Haranbururen erabakiaren jarraipenean, Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroten kasuak, biziki eri diren presoak, preso zaharrak eta gainerako guziak aipatu dituzte.

Gisa bereko mezu bat zabaldu zuen atzo Martinek ere Miarritzeko itsasargiaren atarian, Haranbururen baldintzapekoa onartzeak sortutako argi izpiari aipamena eginez. «Argi hori oraindik ahula da. Elkarbizitza lortzeko, euskal gizartea gerorantz proiektatu ahal izan dadin, gure iraganari begiratu behar diogu. Baina azken urteetan errepikatzen den ziklo judiziala ere hautsi behar da. Ez da kartzelak betetzeko garaia, husteko garaia baizik», adierazi zuen. Ildo horretan, Frantziako justiziaren ondoko erabakiei «adi» egonen direla ohartarazi zuen. Mikel Barriosen kasua azpimarratu zuen, bereziki: Parisko Dei Auzitegiak heldu den urtarrilaren 7an emanen du haren kontrako epaiketaren erabakia; prokuradoreak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen joan den azaroan, ETAko kidea izateagatik. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak lekuko gisa deklaratu zuen auzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.