Euskal Elkargoak 586 milioi euroko aurrekontua onartu du aurtengo

Iparraldeko erakundeak 148 milioi ezarriko ditu 21 politika publikoak aitzina eramateko. Hautetsi batzuek kezka erakutsi dute finantza egoerarengatik

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, joan den otsailaren hasieran, Baionan, elkargoaren batzar batean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bi urtez eraikitze lanetan aritu ondotik, joan den abenduan onartutako 21 politika publikoen araberako aurrekontua bozkatu zuen Euskal Elkargoak atzo, Baionan. 209 hautetsi bildu ziren batzarrean eta 191ren babesa izan zuen. 586 milioi izanen ditu Euskal Elkargoak 2019. urterako,aurrekontu orokorra eta gehigarriak elkartuta; horietarik bi herenak funtzionamendu gastuetarako izanen dira, eta 354 milioi, inbestimenduak egiteko. «2019ko aurrekontuaren eraikuntzaren xedea, orain arte egin dugun sakoneko lanarekin segitu eta gure elkargo gaztearen dinamika zabaltzea da, gure lurraldearen desafioak altxatzeko», adierazi zuen Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak. Nabarmendu zuen instituzioaren finantza egoera «sanoa eta sendoa» dela, eta hori atxikitzea hartu zuen helburu nagusi modura. «Gaur [atzo] aurkeztu dugun aurrekontuak, joan den abenduan onartutako 21 politika publikoei begira hartutako engaiamenduak atxikitzen ditu, lurralde proiektuari begira ezarritako desafio eta anbizioei erantzunez».

Aurrekontu orokorrari begira jarrita, inbestimenduen aldetik, drainatze lanetarako 30 milioi euro atxiki ditu elkargoak, uraren kudeaketarentzat beste hainbeste, garapen ekonomikoarentzat hamalau milioi, eta goi mailako ikasketetarako hamar milioi. Mugikortasunarentzat eta hondakinen kudeaketarentzat zortzina milioi izanen dira. Orotara, 148 milioi euro izanen dira.

Aurrekontu orokorraren alde bozkatu zuen Mathieu Berge Baionako PSko hautetsiak, hasieratik Euskal Elkargoaren eraikuntza babesten duela argudiatuta. Baina «gordeka» aritzealeporatu zion elkargoari. «Aurrekontu hau kosmetikoa da, eta komunikazioan oinarritzen da.21 eskumenei begira Euskal Elkargoak inbestimendu zoragarriak eginen balitu bezala aurkezten digute, baina, funtsean, biziki aurrekontu txikia da», adierazi zuen. «148 milioi euroei aitzineko elkargoetan jadanik aurreikusiak ziren drainatze lanak, eta, uraren kudeaketa kentzen badizkiogu, arras guti da. Eta hori, euskal elkargoaren finantza egoera biziki kritiko batean: bederatzi urteko zorpetzea du, jakinez muga hamabi urtekoa dela».

Heldu den urtetik hasita zergak emendatu ezean inbestimenduak bertan behera utzi beharko dituztela iragarri zuen Bergek. «Komunikazio kolpeka Euskal Elkargoaren bidez [Ipar] Euskal Herria aldatuko dugula erraten digute; egin genezake, baina, kasu horretan, erabaki politiko eta fiskalak hartu beharko dira, eta lehentasunak ordenan ezarri», azaldu zuen. «Apokalipsia» iragartzea leporatu zion Etxegarai lehendakariak.

Funtsean, fiskalitatearen bilakaera bat nahiko luke Berge PSko kideak. «21 politika publikoak zinez aitzina eraman nahi baditugu, ez dugu egiten ahalko fiskalitate paktuaren barruan. Eta uste dut herriko hauteskundeetatik urte batera, gardentasunak eta zintzotasunak herritarrei erratera behartzen gaituela».

Azterketa neurtuagoa egin zuen Jean Claude Iriart EH Baiko Baionako hautetsiak. Haren arabera, lehen bi urteetan bozkatuak izan diren gauza guziak ez dira obratu ahal izan, instalazio fasean izanik, administrazioak beste «mila gauza» baitzituen egiteko. «Horrek erran nahi du bi urte hauen ondotik finantza egoera biziki sanoa dela eta badela gauza anitz egiteko posibilitatea», adierazi zuen. «Baina, anartean, politika finkatuak izan dira eta zerbitzu guzietatik izan dira galdeak. Egin den hautua izan da galdera guziak ez onartzea, baina hein aski inportantean onartuak izan dira. Pentsa daiteke aurreikusitako guzia ez dela eginen, eta, funtsean, hainbat hobe, erran nahi baitu finantza egoera ez dela berehalakoan okertuko». Iriarten iritziz, ez da ezinbestekoa fiskalitatea ukitzea: «Beste aukera bat da inbertsio maila apaltzea».

I-Ener enpresari babesa

I-Ener kooperatibaren kapitalean sartzea erabaki zuen atzo Euskal Elkargoak, Ipar Euskal Herriaren autonomia energetikoa laguntzeko borondatea erakutsiz. Hautetsien artean eztabaida sortu bazuen ere, gehiengoak babestu zuen erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.