7,2 graduko lurrikara batek kalte oso handiak eragin ditu Haitin

Ehunka hildako eta milaka zauritu utzi ditu herrialdearen mendebaldea astindu duen seismoak. Egoera «dramatikoa» dela ohartarazi du lehen ministroak, eta larrialdi egoera ezarri du hilabete batez

Herritar talde bat hondakin artean harrapatutako pertsona bat ateratzen. RALPH TEDY EROL / EFE.
Iker Tubia.
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Haitiko lurrak gogor astindu zituen atzo 7 gradutik gorako lurrikara batek, eta kalte handiak eragin. Lerro hauek idazterakoan, 227 ziren hildakoak, eta milaka zaurituak. Kalte materialak ere handiak izan ziren. Lurrikara goizean izan zen, uhartean 08:29 zirenean. USGS AEBetako Ikerketa Geologikorako Zentroaren arabera, Richter eskalan 7,2 graduraino heldu zen. Tsunami arriskuaz ere ohartarazi zuten lurrikara izan eta gutxira, baina geroago bertan behera utzi zuten alerta. Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen hilabete batez herrialdean.

Saint-Louis du Sud komunatik hamabi kilometrora izan du epizentroa, hamar kilometroko sakoneran. Herri hori hiriburutik 157 kilometro ingurura dago, eta 59.000 biztanle ditu. Lurrikarak kalte suntsitu egin ditu Nippes Grand'Ansengo hamabost komunetatik bederatzi. Eraikin anitz kaltetu eta bota ditu hiru departamentu horietako komuna nagusietan: Miragoanen, Jeremien eta Les Cayesen. USGSk alerta gorria paratu zion lurrikarari, sor zitzakeen giza kalteengatik eta eremu zabal bati eragin ziola aurreikusirik. «Alerta maila honetako gertakariek nazio mailako zein nazioarteko erantzuna behar izan dute», ohartarazi zuten. Kalte ekonomikoaren aurreikuspena ere egin zuen erakunde horrek: «Haitiko BPGaren %0-3 arteko galerak izan daitezke».

Lurrikararen ondoren hainbat erreplika neurtu zituen AEBetako Ikerketa Geologikorako Zentroak. Handiena, 5,2 gradukoa izan zen, lurrikara izan eta minutu gutxira. Errepliken arriskuaz ohartarazi dute zenbait adituk, astinaldi txikiagoak izan arren, lehenbiziko seismoak kaltetutako eraikinak behera erori daitezkeelako horienen ondorioz.

Elkartasuna

Lurrikara herrialde osoan sumatu zen, baita inguruko herrialdeetan ere, hala nola, Kuban, Jamaikan eta Dominikar Errepublikan.Ariel Henry Haitiko lehen ministroak esan zuen egoera «dramatikoa» bizi dutela herrialdean, eta horri aurre egiteko herrikide guzien «elkartasun eta konpromiso izpirituari» dei egin zion Twitterren zabaldutako mezuen bidez: «Batasunak indartsu egiten gaitu». Lurrikararen biktimei dolumina adierazi zien, eta kalteak handiak izanen direla aurreikusirik, behar adina baliabide paratuko dituztela egoerari aurre egiteko. PAHO Osasunaren Panamerikar Erakundearen datuen arabera, atzoko lurrikarak kaltetutako eremuan 7.049.255 lagun bizi dira. Gainera, datorren astean helduko da herrialdera Grace ekaitz tropikala, euriteak eta haizete gogorrak eraginez. Meteorologoek ohartarazi dute uholde arriskua handia izango dela bihar eta etzi.

Egoeraren larriak mugiarazi egin ditu nazioarteko agintariak, eta AEBek esku hartuko dutela jakinarazi du bertako presidente Joe Bidenek. Etxe Zuriak bidalitako ohar batean azaldu dutenez, presidenteak «berehalako erantzuna» iragarri du. Haitira laguntza bidaliko dute, eta Samantha Power izendatu du lan hori koordinatzeko buru. Bien bitartean, Haitiko hainbat erietxek ohartarazi zuten baliabiderik gabe geratzen hasiak zirela, heldutako zauritu guztiak artatzeko. Horietako bat izan zen Jeremie hirikoa.

Lurrikarak ezinbestean gogora ekarri du duela 11 urte gertatutakoa. 2010. urteko urtarrilean 7ko magnitudeko lurrikara batek herrialdea suntsitu zuen: 300.000 lagun inguru hil ziren, beste hainbeste zauritu, eta kalte materialak oso handiak izan ziren; 1,5 milioi lagun inguru izan ziren kaltetuak. Lurrikara hark Port-au-Prince hiriburua txikitu zuen.

Bestalde, egoera politikoa ere ez da askoz hobea. Joan den uztailaren hasieran, Jovenel Moise estatuburua hil zuten ezezagunek. Ez zen ahalegintzen ziren lehen aldia. Gobernuak otsailean zabaldu zuen, Moise hiltzeko saio bat geldiarazi zutela. Bi aste lehenago, oposizioak Joseph Mecene epailea Haitiko presidente izendatu zuen, Moiseren agintaldiak ordurako amaitua behar zuela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.