Albistea entzun

Inflazioaren goraldi geldiezinak greba olde bat eragin du Turkian

Inflazioa %69raino igo da, baina ekonomialari batzuek uste dute hori halako bi dela. Ukrainako gerrak kalte egin die bai esportazioei eta bai turismoari
Sindikatuen manifestazioetako bat, Istanbulgo kaleetan.
Sindikatuen manifestazioetako bat, Istanbulgo kaleetan. LARA VILLALON Tamaina handiagoan ikusi

Lara Villalon -

2022ko maiatzak 8 - Istanbul

Urtearen hasieran, Turkiako Gobernuak iragarri zuen milioika langileri eraginen zien neurri historiko bat hartuko zuela: gutxieneko soldata %50 igo zuen kolpe bakarrean, hain zuzen. Ordu hartan, inflazioa %36 ingurukoa zen, eta gutxieneko soldata igotzeak arnasa pixka bat eman zien langileei, prezioen garestitzeak itoak baitzituen.

Nolanahi ere, agudo samar ikusi zen neurria ez zela aski. Inflazioa %69raino igo da azkeneko lau hilabeteetan, nahiz eta ekonomialari independentez osatutako talde batek dioen inflazio erreala hori halako bi baino gehiago dela. Horren erakusgarri, gasolina %180 garestitu da hilabeteotan, elektrizitatea %127, eta elikagaiak, berriz, %50 eta %100 bitartean, bertzeak bertze.

Bizitzaren kostua garestitu izanak greba olde bat eragin du: milaka langile karrikara atera dira soldata igoerak eskatzeko, prezioen goraldiari aurre egiteko modua izate aldera. 2022an, 110 greba inguru antolatu dira orain arte; batez bertze urte oso batean antolatzen direnak baino gehiago dira, Lan Arloko Ikerketen Komunitatearen datuen arabera. «Gure soldatak baino gehiago igo dira alokairuak. Baita gasolina eta garraio publikoa ere. Anitzek haurrak ditugu, eta ez dugu modurik hilabeteko gastu guziak ordaintzeko», azaldu du Turkiako Migros kate handiko supermerkatu batean aritzen den apal betetzaile batek, Mevlutek.

Migros enpresak 257 langile kaleratu zituen otsailean, tartean Mevlut, langile talde osoari soldata igo ziezaiotela eskatzeagatik. Kanporatutakoak eta haiekin bat egin zuten lankideak egunero protesta egiten hasi ziren, supermerkatuen jabearen etxe parean. Turkiako Polizia jazarri egin zitzaien manifestariei, eta 150 langile atxilotu zituen; horietako gehienek ez zuten sekula greba batean edo lan arloko protestetan parte hartu lehenago. «Liskar horren ondotik, enpresak onartu zuen kaleratu gintuela, eta soldatak %8 igo zituen. Nire lanpostura itzuli ahal izan nintzen. Egoera pixka bat hobetu da, baina prezioak garestitzen ari dira oraindik», erran du. Grebak sektore guzietara zabaldu dira: metalgintzako langileek grebara jo dute, baita ehungintza lantegietakoek eta bizikletako banatzaile autonomoek ere.

Sektore pribatuan

«Greba ia guziak sektore pribatuan izan dira, eta bai enpresek eta bai gobernuak debekatu egin dituzte», azaldu du Alpkan Birelmak, irakasle laguntzaile eta lan eskubideetan adituak. «Hala ere, greba arrakastatsu ugari izan dira sektore anitzetan, baldintza hobeak lortu dituzte, eta horrek bertze langile ugari bultzatu ditu beren eskubideak aldarrikatzera». Hauxe ere gehitu du Birelmak: «Ez dute ikaragarrizko arrakasta lortu; ez dut esajeratu nahi, baina lan arloko protestek normalean ez dute izaten hainbertzeko arrakastarik Turkian».

Trendyol merkataritza elektronikoko enpresako banatzaileek, adibidez, lortu zuten beren helburua: milaka motor gidari autonomo arduratzen dira etxe horren logistikaz, eta haiek ordaintzen dituzte motorraren mantentze gastuak eta gasolina. Bada, urtarrilean oihartzun handiko greba bat egin ondotik, denei soldata igotzea erdietsi zuten. Automobilgintzan, ordea, ez zuten zorterik izan, dozenaka lagun kaleratu baitzituzten, baldintza hobeak eskatzeko asmoz sindikatu batean sartzeagatik.

Inflazioa, kontrolik gabe

Lira turkiarraren jaitsierak ere eragin die prezioei. Izan ere, azken urtean, lira turkiarrak balioaren %40 galdu du euroarekin alderatuta. Turkiako Banku Zentralak neurri sorta bat hartu du Recep Tayyip Erdogan presidentearen presiopean, agintaria bere ikuspegi ekonomiko propioa ezarri nahian ari baita, eta, hain zuzen, neurri horien ondorioz galdu du lirak balioa hain agudo. Erakundea interes tasak jaitsiz joan da, %14raino, nahiz eta inflazioa hori halako lau den.

Banku Zentrala ekonomialari gehienen aholkuen kontra doazen erabakiak hartzen ari da: haien arabera, interes tasek inflazioa adinakoak edo handiagoak izan behar dute, bertzela interesak negatiboak izanen baitira. Neurri horiek liraren balioa etengabe goiti eta beheiti ibiltzea eragin dute, eta, hortaz, inflazioak goiti egin du, Turkiak ekoizpenerako materiala inportatu egiten baitu hainbat sektoretan.

Zenbait ekonomialariren ustez, gobernuak nahi du lirak balio apala izan dezan atzerriko dibisekin alderatuta, esportazioak eta turismoa sustatze aldera. Nolanahi ere, Ukrainako gerrak kalte egin die bai esportazioei eta bai turismoari, Turkiak zenbait merkataritza hitzarmen baititu Kievekin eta Moskurekin, eta bi herrialde horietako 10 milioi turista hartzen baititu urtero.

Horiek horrela, zenbait herriko etxek ekinaldi solidarioak abiatu dituzte, herritarrek familiarik behartsuenen fakturen parte bat ordaindu ahal izan dezaten. Bertze batzuek diru laguntzak eman dizkiete okindegiei, ogiaren prezioa merkatzeko. «Bezero gutxiago ditugu, eta ahaleginak egiten ditugu prezioak ahalik eta gutxien garestitzeko, baina galerak izan ditugu azken hiru hilabeteetan», azaldu du Erdal Korkmazek, janari denda baten jabeak. Kezkaturik mintzatu da: «Krisiak gogor jo ditu saltoki txikiak. Horrela jarraituz gero, beharbada itxi eginen dut denda urte bukaeran».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Khurais petrolio hobiko instalazioak, Saudi Arabian. ©AHMED AL-THANI / SAUDI ARAMCO

Saudi Arabiako koroaren bitxia

Julen Otaegi Leonet

Saudi Aramco petrolio konpainiak inoizko irabazirik handienak izan ditu urteko lehen seihilekoan. Are gehiago: produkzioa handitu nahi du. Munduak gero eta erregai gehiago eskatzen duen honetan, Aramcok ez du nahi petrolioa atzean geratzerik. 2027rako 13 milioi upel ekoitzi nahi ditu egunean.
Gazpromen egoitza San Petersburgon (Errusia). ©ANATOLY MALTSEV / EFE

Gazpromek hiru egunez Nord Stream 1 gasbidea itxiko du hilabete bukaeran

Irune Lasa

Konponketa lana egin behar dituela eta, Errusiako konpainiak abuztuaren 31tik irailaren 2ra ez du gasik bidaliko Baltikoko gasbidetik. Atzera martxan jartzean hornidura ahalmenaren %20 soilik erabiltzen jarraituko duela zehaztu du Gazpromek.

Olaf Scholz kantzilerra, Berlinen egindako agerraldi batean, atzo ©CLEMENS BILAN / Efe

Alemaniako enpresak laguntzeko plana onartu du Bruselak

Jokin Sagarzazu

Argindarraren prezioaren igoerari aurre egiteko, Berlinek 27.500 milioi euro banatuko ditu datozen urteetan. Elektrizitate kontsumoaren %30 iturri berriztagarriekin bete beharko dute enpresek.

La Union konpainiako autobus bat ©ELA

La Union autobus konpainiako zazpi langile kaleratu dituzte

Jokin Sagarzazu

ELAk adierazi du enpresak urteak daramatzala lan baldintzak okertzen eta egoera eutsiezina dela. Gogorarazi du enpresak diru publikoarekin finantzatzen dituela zenbait zerbitzu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...