Egia, elkarbizitza eraikitzeko

Mikel Zabalzarekin gertatutakoa argitzeko eskatu dute 35 urteren ondoren, eta 1978. urtetik aurrerako torturak ikertzeko ere bai. Gaur lore eskaintza eginen dute, autoz.

Mikel Soto, Suak pizten direnean liburuko olerkiak irakurtzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Auritz
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Pankarta bat dago Aurizko kultur etxeko sarreran (Nafarroa). Tortura jartzen du, baina marra gorri batek ezabatu du beltzez idatzitako hitza. Parean, bi guardia zibil daude haien autoaren aurrean, begira. Kultur etxearen atariko bi kontzeptuak elkartu ziren duela 35 urte ere, Mikel Zabalza Bidasoa ibaian hilik topatu zutenean. Guardia Zibilaren esku zegoen hil zenean, eta tortura zantzuak zituen haren gorpuak. Zabalza oroitzeko ekitaldia egin zuten atzo Auritzen, eta egia argitara ateratzeko exijitu.

«Denok argi dugu: Mikel ez zuen Bidasoko urak hil. Mikel Intxaurrondoko kuarteleko bainuontzi bateko urak hil zuen. Gaur-gaurkoz, Mikel bera ez da inon biktimatzat hartzen. Gaur-gaurkoz, bere senideek ez dute ez egiarik, ez justiziarik, ezta erreparaziorik ere. Kontakizunaren parte da Mikeli gertatutakoa, eta hala aldarrikatzen dugu». Argi azaldu zuen Eneko Villegasek omenaldi horren xedea. Mikel Zabalza Gogoan taldearen izenean hartu zuen hitza ekitaldiaren hondarrean. «Egia jakin nahi eta behar dugu», borobildu zuen. «Lan egin dezagun elkarbizitzaren alde, bai, baina zoru beretik, maila beretik. Horretarako, Mikelen kasuan zerbait gehiago behar da: egia hori argitara ateratzea».

Ez zen ohiko ekitaldia izan. Antzerkiaren, musikaren, dantzaren eta poesiaren bidez salatu zuten erakundeek ez daukatela biktimatzat Zabalza, tortura kasuak ez direla behar bezala ikertu eta oraindik ez dela Zabalzaren hilketa aitortu. Oholtza gainean maleta bat zegoen, eta kutxa bat, lapiko bat aulki baten gainean, pitxer bat eta estalitako koadro bat. Orbaizetako (Nafarroa) etxe bateko sabaia zen. Zoruko orbela zanpatu zuten Irune Costak eta Begoña Garaikoetxeak. Haiek arduratu ziren antzerkiaren bidez saioaren puskak harilkatzeaz. Oroitzapenen bila ari ziren sabaian.

Halako batean, estalitako koadroa agertu zuten. Mikel Zabalzaren argazkia zen, omenaldietan inoiz falta ez den irudia. «Irudi batek ez dit deus esaten pertsona baten inguruan», bota zuen Garaikoetxeak. «Baina memoria dugu», arrapostu Costak. Jarraian piztu zen memoria, Zabalzaren gertukoak bideo batean agertu zirenean. Bidasoan hilik aurkitu zuten orbaizetarra nolakoa zen kontatu zuten, goxo, eskuzabal. Hori baitzen atzoko helburu nagusietako bat: sabaia parez pare irekitzea, Zabalzarekin gertatutakoa atzendu ez dadin.

Tortura. «Ez izan beldurrik hitz hori esateko. Tortura errealitate bat da», esan zuen Garaikoetxeak poltsa bat eskuetan zuela. Cuestak erantzun zion: «Horrelako batekin torturatu zuten Ion Arretxe. Plastiko horrek min handia eragiten du». Gogorarazi zuten jende «gehiegi»torturatu dutela Euskal Herrian, eta, jarraian, oholtzara igo zen torturak eta espetxea jasan zituen beste Mikel bat: Mikel Soto. Nestor Salabarriaren biolontxeloaren notek lagunduta, gau eternal batez mintzatu zen poemen bidez.

Torturaz hitz egin zuen Villegasek ere, ekitaldiaren bukaeran: «Mikelentzat bezala, torturatu guztientzat gauza bera eskatzen dugu: egia, justizia eta erreparazioa». Horretarako, 1978. urtetik aurrerako torturak ikertzea galdegin zion Nafarroako Gobernuari, Poliziak 1960tik 1978ra eragindako biktimekin egin duen bezala. Han zen gobernuaren ordezkaritza: Eduardo Santos Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Martin Zabalza Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Blanka Burusko Biktimen Arretarako Bulegoaren ataleko burua. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariaren ordez Itziar Gomez Landa eta Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria agertu zen. Ez, aitzitik, PSNko parlamentaririk, ezta Navarra Sumako kiderik ere. Bai gainerako talde parlamentarioetako kideak.

Musikaren eta dantzaren bidez ere mintzatu ziren torturaz eta Zabalzaz: Itxaso Etxepeteleku dantzaria, Nuvole bianche kantaren piano doinuei jarraikiz, eta Marianitoz Blai taldea, bere kanta bat joz: Lore bat, beste bat. Txalo zaparrada batek itxi zuen ekitaldia.

Gaur, lore eskaintza

Zabalzaren omenaldiak segida izanen du gaur. Urtero lore eskaintza egiten dute, igandearekin, Zabalzaren sortetxearen ondoan dagoen oroitarriaren aitzinean. Pandemiak, baina, beste modu batera egitera behartu ditu antolatzaileak: lore eskaintza autoz eginen da. Gainera, duela 35 urteko erantzuna gogora ekartzeko ere balioko du. Izan ere, Zabalzaren hiletaren egunean, abenduaren 18an, jendea traktoreekin eta autoekin atera zen errepidera, eskualde osoa zeharkatuz. «Bat-bateko ekitaldi hunkigarria» izan zela azaldu dute antolatzaileek. Gaur Orbaizetako olara autoan joateko deia egin dute, beraz. 11:00etan izanen da hitzordua.

Irakurri gehiago: Etxeko txoko guztietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.