Albistea entzun

Euskal unibertsitatea obretan, baina irekia

Udako Euskal Unibertsitateen 50. urteurrena ospatu dute Miarritzen, aurtengo ikastaroei hasiera emateko ekitaldian. Urteetan UEU egin dutenak omentzeko eta etorkizunerako erronkez mintzatzeko aukera izan da.
UEUko zuzendariak omendu zituzten, UEUko kide guziei emandako omenaldi gisa.
UEUko zuzendariak omendu zituzten, UEUko kide guziei emandako omenaldi gisa. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko maiatzak 22 - Miarritze

«Duela 50 urte zalantzan jartzen zen. Frogatu dugu. Frogatu dugu euskara unibertsitatean naturaltasun osoz erabil daitekeela». Kepa Sarasola UEU Udako Euskal Unibertsitateko zuzendariarenak dira hitzok. Atzo egin zituen, Miarritzen (Lapurdi), UEUren 50. urteurrenaren ekitaldian. Orain arte egindakoari balioa eman, kideak omendu, eta etorkizunerako erronkak mahaigaineratzeko momentua izan zen, umorez eta emozioz betea. Urteetan zehar UEU egiten aritu den jende ezagun andanak hartu zuen parte.

Jose Ramon Etxebarria ingeniari eta fisikako doktoreak hartu zuen UEUk bost hamarkadatan izan duen bilakaera xehatzeko lana, publikoaren barre algarek markatu zuten hitzaldian. Katedral baten eraikuntzarekin parekatu zuen, UEUko harrobiko langileen metafora erabilita. «Harria ateratzen du bertan langileak, baina langile guziak ez dira berdinak. Bakoitzak ideia bat dauka. Batek harri errektangulu perfektu bat nahi du, beste batek horma egin nahi du, eta, beste batzuek, gutxik, katedrala egin nahi dute. Uste dut hemen zaudeten gehienak katedrala egiteko proiektuarekin zaudetela».

Katedralaren eraikuntza «deskolonizazio saiakera bat da», Etxebarriaren hitzetan, eta hori da, haren ustez, UEUk egin dituen ekarpenetako bat, kolonizazio linguistiko-kulturalari aurre egitea. 1977an argitalpen zerbitzua sortu zuen UEUk, argitalpen guziak euskaraz egiteko erabakia hartuta. Ordutik, bostehun bat liburu argitaratu dituzte, «besteak bezain onak, ala hobeak». Etxebarriaren hitzetan, terminoak sortzen dira espezialistek erabiltzen dituztenean, eta hori euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu zuen. «Gaur egun badira euskarazko aldizkari zientifikoak. Horietan euskaraz argitaratuz ari gara bizia ematen hizkuntzari». Argitalpena, zabalkuntza eta dibulgazioa, hirurak jarraitu behar direla erran zuen. «Katedrala da amaierarik gabeko eraikuntza bat. Honaino heldu gara, eta hemendik aurrera ez dakit zer pasatuko den». Bartzelonako Familia Sakratua katedralaren adibidea jarri zuen. «Ezerezetik hasi ginen. Guk ere gure estilo propiotik eraikiko dugu».

Eta ez da gutxi orain arte eraikitakoa. Sarasolak zerrendatu zuen, nahas-mahas: «Hasi ginen ikastaroekin, hitzaldiekin, topaketak, jardunaldiak, apunteak, liburuak, aldizkariak, graduondokoak, web zerbitzuak, txio tesia, ikergazte, irakaskuntza online masterra, goi mailako online ikastetxe nagusia...». Hori guzia eta gehiago egin du UEUk 50 urtean. Eta lan horri balioa eman nahi izan zioten, gaur arte zuzendaritza lanetan aritu direnak omenduz, UEUko kide guziei egindako omenaldi gisa. 1.400 bazkide ditu gaur egun Udako Euskal Unibertsitateak.

Betetzen ari den ametsa

Aitzinetik aipatutakoaren erakusgarri, bi belaunalditako ordezkariak mintzatu ziren ondoren: Xabier Isasi, EHUko psikologia eta estatistika irakaslea eta UEUko zuzendari izandakoa, eta Pauline Guelle, zuzenbide publikoan doktoregaia eta UEUko talde eragileko kidea. Bazkideen, sarearen indarra azpimarratu zuten biek ala biek. «Bizitza proiektu» eta «abentura» gisa aurkeztu zuen Isasik, eta Ipar Euskal Euskal Herriari ematen diona azaldu zuen Guellek: «Oztopo anitz ditugu: euskararen ofizialtasun falta, eta hortik deklinatzen dena. Gure ikerkuntza lanak ezin ditugu euskaraz zabaldu. UEUk aukera hori ematen digu. Garrantzitsua da ohartzea egiten ari garela. Amets bat da, baina egiten ari gara».

Gazteengana «gehiago» iristeko beharra ere aipatu zuen Guellek etorkizuneko erronka gisa, bere bizipenetan oinarrituta. «Berant ezagutu nuen UEU, tesia hastera nindoan; lehenago ez nuen ezagutu. Beharbada, kuriositate falta izan nuen, baina ez zitzaidan iritsi». Ikastetxeetan lanketa egin litekeela aipatu zuen, unibertsitatera joan aitzin ikasleek jakin dezaten UEU badela.

Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduradunak gidatu zuen Isasiren eta Guellen arteko solasaldia. Galdera gisa ekarri zuen ohar batekin bukatu zuen, UEUk hasieratik ezarritako helburua gogoan hartuta: «Gure ametsa euskal unibertsitatea sortzea da; oraindik ez dugu lortu». Isasik erantzun zion, eraikuntzan dagoen katedralaren irudira itzulita. «Horrelakoetan, maiz ikus daiteke kartel bat, obretan izanik ere irekia dagoela errateko. Hori da UEU. Euskal unibertsitatea obretan, baina irekia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Epaiketa.</b> Martxoaren 7tik apirilaren 13ra bitartean epaitu zuten Cabezudo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko espetxe zigorra jarri diote

Jon O. Urain

Frogatutzat jo dute hamar delitu egin izana; akusazioek leporatutako 217 delitu ez ditu aintzat hartu epaimahaiak. Akusazio partikularrak helegitea jartzeko asmoa azaldu du
Eraso homofoboen aurkako manifestazio bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Genero autodeterminazioa ardatz duen lege proiektua onartu du Madrilek

Edurne Begiristain

Espainiako Ministroen Kontseiluak trans legea onetsi du. 16 urtetik gorakoek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea
Ibai Segurola kapitaina, Inma Landa jeneral ohia, Tina Gasmi kantinera, Patxi Perez alardeko juntako kidea eta Maite Bergara jenerala, lehengo astean, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Alarde parekidea berriz antolatu dute udalaren erantzunik jaso gabe

Arantxa Iraola

Antolaketa bere gain har dezala eskatu zioten orain hilabete batzuk Irungo Udalari; ez du erantzun. Instituzioaren esku hartzea ezinbesteko urratsa dela gogorarazi dute hautu parekidearen aldekoek
Atzo egin zuten proposamena, Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

LGTBI+ Behatokiak lege integral bat eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Javi West Larrañaga

Salatu dute gorroto diskurtso eta delituen kopuruak eta larritasunak gora egin dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...