Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Tankeei buruzko erabakia «azkar» hartzeko eskatu du Ukrainak

Kieven arabera, Ukrainako tropek Leopard 2 tankeekin aritzeko prestakuntza jasoko dute Polonian. Estoniak, Lituaniak eta Letoniak Alemaniari esan diote «berehala» bidaltzeko ibilgailu horiek gerrara
FRIEDEMANN VOGEL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko urtarrilak 22

Mendebaldeko herrialdeak ez dira ados jarri Leopard 2 tankeak Ukrainara bidali edo ez bidali. Alemania ari da erabakia blokeatzen, horien ekoizlea izaki teknikoki haren baimena behar baita horretarako. Kiev erasorako armak eskatzen ari da aspalditik, eta Europar Kontseilua, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea eta AEBak prest daude transferentzia hori ahalbidetzeko; Berlinek ez du argi ikusten, ordea. Boris Pistorius Defentsa ministroari iruditzen zaio Ukrainaren erasorako gaitasunaren gainetik defentsarakoa lehenetsi beharko luketela. Hori mahaigaineratu zuen atzo, AEBek Ramsteinen (Alemania) duten base militarrean, Kievi laguntza militarra ematen dioten herrialdeak koordinatzen dituen Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearen bilera amaitu ondoren —ez dute adostu beste batzar baterako datarik—. Washingtonek eta beste aliatuek adierazi dute erabakia errespetatzen dutela.

Eta Ukraina baikor dago, Volodimir Zelenski presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliaki iruditzen baitzaio Mendebaldeak azkenean «beharrezkoak» diren armak emango dizkiola Ukrainari. Dena den, atzo sare sozialetan idatzitako mezu batean etsipena ere agertu zuen, ohartarazi baitzuen Mendebaldearen «erabakitasunik ezaren ondorioz» gero eta ukrainar gehiago ari direla hiltzen, eta, hortaz, tankeei buruzko erabakia «azkar» hartzeko eskatu zien.

Alemaniako Defentsa ministroak adierazi zuen, hori bai, agindua eman duela tanke horiek nola dauden aztertzeko. Eta Oleksii Reznikov Ukrainako Defentsa ministroak Voice of America irratian esan zuen, herenegun iluntzean, Ukrainako tropek Leopard 2 tankeekin aritzeko prestakuntza jasoko dutela Polonian. «Horrekin hasiko gara, eta gero harago joango gara. Eman da lehen pausoa».

Eta Estoniako, Letoniako eta Lituaniako Atzerri ministroek mezu bateratu bat plazaratu zuten atzo sare sozialetan, eskatuz Alemaniari «berehala» bidaltzeko tankeak Ukrainara. «Beharrezkoa da Errusiaren erasoa gelditzeko, Ukrainari laguntzeko, eta Europan bakea azkar berrezartzeko», argudiatu zuten. Iruditzen zaie Alemaniak «erantzukizun berezia» duela alde horretatik, «Europako potentzia nagusia» den neurrian.

ZER DA LEOPARD 2A?

1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik Alemaniak fabrikatzen duen tanke bat da Leopard 2a. 500 kilometroko autonomia du, eta orduko 68 kilometroko abiadura har dezake. 120 milimetroko kanoi bat da haren arma nagusia, eta bi metrailadore arin ere badauzka. Alemaniak ez ezik, Kanadak, Espainiak, Danimarkak, Finlandiak, Greziak, Norvegiak, Poloniak eta Suediak ere badituzte halako tankeak. Erabili izan dira, esaterako, Kosovon, Bosnian, Sirian —Turkiak—, eta Afganistanen.

ZERGATIK NAHI DITU UKRAINAK?

Ukraina aspalditik ari da esaten armamentu astuna behar duela Errusiari aurre egiteko. Ukrainako armadak ez ditu tanke asko, eta dituenak, gainera, Sobietar Batasunaren garaikoak edo hori desegin ondorengoak dira.

Zelenskik tanke horiek nahi ditu. Batetik, iruditzen zaiolako Errusiak erasoaldi handi bat hasiko duela hurrengo hilabeteetan; eta, bestetik, aliatu askok bezala pentsatzen duelako gerra lehenago bukatuko dela Errusia gudu zelaian mendean hartuz gero. Ukrainak esan izan du 300 tanke behar dituela lurrak berreskuratuz joateko; Mendebaldeko hainbat adituren arabera, berriz, ehun nahikoa izango lirateke horretarako.

Ukrainak Errusiaren indarrei aurre egin zien inbasioaren hasieran Kiev hiriburuan, eta, gero, kontraerasora jo du bai Kharkiv eskualdean, baita Khersonen ere, gerra frontean garaipen adierazgarriak lortuz.

ZEIN DA ARAZOA?

Alemania da tankeen ekoizlea, eta dozena bat inguru herrialdetara esportatu ditu. Herrialde horiek tankeak berriro esportatzeari betoa ezar diezaioke Berlinek, nahiz eta Poloniak iradoki duen beto hori saihestu daitekeela besterik gabe tankeak Ukrainara bidaliz. Dena den, beste bi aldagai hartu behar dira kontuan. Batetik, Alemaniak material militar ugari eman diola Ukrainari azken hilabeteetan —ibilgailu blindatuak barne—, nahiz eta herrialdeak tradizio antimilitarista duen Bigarren Mundu Gerraz geroztik; hau da, diskurtsoan ekilibristarena egin behar izan duela gobernuak. Horrekin lotuta, Alemanian problematikotzat jotzen dutela tankeak ematea, argia baita halakoek erasorako duten gaitasuna. Eta, bestetik, inbasioa hasi aurretik baino txikiagoak diren arren, Berlinek oraindik energiaren alorrean lotura batzuk dituela Errusiarekin.

ZEIN DA HALAKORIK EZ ERABILTZEKO ARGUDIOA?

Kontra dauden herrialdeen eta analisten esanetan, Ukrainari halako tankeak uzteak areagotu egingo luke NATOko kideek gatazkan duten parte hartzea, gerra Ukrainatik kanpo zabaltzeko arriskuarekin. Kievek azpimarratu izan du nazioarteak aitortutako mugen barruan soilik erabiliko lituzkeela tankeak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.