Albistea entzun

Iranek Aminiren aita behin-behinean atxilotu du, hilketaren urteurrenean

Human Rights GKEak salatu du Teheranek galarazi egin diola Aminiren familiari 22 urteko gazte kurduaren aldeko omenaldia jendaurrean egitea. Iranen menpeko Kurdistanen protestak izan dira
Mahsa Aminiren hilketaren urteurrena gogoratzeko mobilizazio bat, atzo, Istanbulen, Turkian.
Mahsa Aminiren hilketaren urteurrena gogoratzeko mobilizazio bat, atzo, Istanbulen, Turkian. ERDEM SAHIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko irailak 17

Atzo bete zen urtebete Mahsa Amini 22 urteko kurdua hil zela, Teheranen, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik atxilotuta egon ondotik. Bada, hilketaren urteurrenean, Irango agintariek galarazi egin zioten atzo haren familiari Aminiren aldeko omenaldia jendaurrean egitea. Are, Iran Human Rights GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu zuenez, estatuko indarrek gaztearen aita Amjad Amini atxilotu zuten behin-behinean, eta ez zioten utzi alabaren hilobia bisitatzen. GKE horrek erantsi zuen Aminiren etxearen ingurua poliziaz josita egon zela egun osoan, Saqezen, Iranen menpeko Kurdistanen. IRNA Irango agentzia ofizialak, aldiz, ukatu egin zuen Amjad Aminiren atxiloketa, eta adierazi albiste horren helburua zela herritarrak kalera ateratzea.

Hain zuzen, Irango Kurdistango hamahiru hiritan greba orokorra eta protestak egin zituzten atzo, zenbait eragilek eta alderdi politikok deituta, Hengaw Giza Eskubideen GKEaren arabera. Kurdistandik kanpo ere izan zuten gogoan Aminiren heriotzaren urteurrena, eta mobilizazioak egin zituzten; besteak beste, Australian, Turkian edota Alemanian.

Mobilizazioei erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak hainbat militar bidali zituen Mahsa Aminiri lur eman zioten Aichi hilerrira. Kurdistanen bakarrik ez, Teheran eta Karaj hirietako kale nagusiak ere istiluen aurkako agentez bete ziren. «Aminiren heriotza herrialdean ezegonkortasuna sortzeko aitzakiatzat hartu nahi dutenek, badakigu zer gertatuko zaien», esan zuen Irango presidente Ebrahim Raisik NBC telebista katean, urteurrenaren bezperan. Agintariaren ohartarazpenarekin batera, Irango Botere Judizialak ziurtatu zuen «eraginkortasunez» jokatuko zutela protesten aurka: «Zerbitzu sekretuko langileak erne dabiltza».

Amini Teherango metro batetik irten zen iazko irailaren 13an, burua zapi beltz batez estalia zeramala. Harik eta Irango hiriburuko Polizia patruila batek inguratu zuen arte. Moralaren Poliziako kideak ziren: 1979ko Irango Iraultza Islamikoaz geroztik irandarren eguneroko bizitza arautzen duten janzkera eta portaeraren arau islamikoak betearazteaz arduratzen direnak. Poliziak Amini atxilotu zuen beloa «gaizki jarria» zuelako, eta komisariara eraman zuen. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen, eta irailaren 16an hil zen, hiru egunez koman egon ostean. Gurasoek argi utzi zuten ez zuela osasun arazorik atzeman aurretik, eta salatu zuten «jasandako torturen ondorioz» hil zela.

500dik gora hildako

Heriotzak haserre olatua eragin zuen Iranen eta batez ere herrialde horren menpeko Kurdistanen, azken lau hamarkadetan agintean dagoen sistemaren aurka egiteko. Emakume gazteek zein helduek protesten lidergoa hartu zuten, eta Emakumea, bizitza eta askatasuna leloak oihartzun handia izan zuen munduan, baita Heriotza diktadoreari leloak ere, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenari zuzenduz. GKEek salatu zutenez, Polizia «guztiarekin» oldartu zitzaien, manifestariei zuzenean eraso egiteko eta protestak zapaltzeko; besteak beste, borrak, negar gasa, ur kanoiak, gomazko balak eta benetako munizioa erabiliz.

Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeen arabera, liskarrak hasi zirenetik estatuko indarrek gutxienez 500 manifestari hil zituzten —tartean, 70 adingabe—, eta milatik gora atxilotu. Azken horietatik sei exekutatu egin zituzten, eta bat, jendaurrean.

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ©ANATOLI MALTSEV, EFE

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Gorka Berasategi Otamendi

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Alberto Nuñez Feijoo gaurko inbestidura saioan. ©Sergio Pérez / EFE

Feijook ez du gehiengo soila lortu

Berria

Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...