Su motelean egositako iraultza

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egingo ditu mugimendu feministak azaroaren 1etik 3ra, Durangon, 'Salda badago' lelopean. Aurrera begirako estrategiak adostuko dituzte

Mugimendu feministako kideak, atzo, Durangoko Landako gunearen aurrealdean egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Durango
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Su motelean luze irakin dugun iraultza gara, salda gara. Hamaika osagai eta mila zaporekoa. Ez dago errezeta bakarra». Orotariko lehengaiak nahastuta, borborka dabil Euskal Herriko mugimendu feminista aspaldidanik. «Mugimendua gara, antolatuta gaude, saldan bagaude. Badakigu zer den amorruz irakitea, eta baita salda beroz elkar osatzea ere». Su motelean egositakoak, baina, «gainezka» egingo du azaroan:Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egingo baititu mugimendu feministak. Durangon izango dira topaketak (Bizkaia), hilaren 1etik 3ra, Salda badago goiburupean. «Lehengaiak baditugulako, salda badago. Mugimendua garelako, bizitza bizigarri egitera gatozelako, iraultzan garelako, indarkeriei eta zapalkuntzei planto egiten diegulako». Atzo egin zuten ekitaldiaren aurkezpena, Durangon bertan, eta datozen asteetan herriz herri zabalduko dute deialdia. «Euskal Herriko mugimendu feminista autonomoko kideak bilduko gara jardunaldietan eztabaidatu, erabakiak hartu eta elkarrekin trebatzeko». Hala azaldu zuen Garazi Goienetxea Diezek agerraldian, 200 emakume inguru aldamenean zituela.

Bi hilabete igaro dira Martxoaren 8ko greba feministatik. «Orduko irudiek ez dute azalpenik behar: Euskal Herriko emakumeek, bollerek eta transek aldarrikapen politikoz bete genituen kaleak». Urrats bat harago egingo du mugimendu feministak urtea bukatu aurretik. «Antolaketa horren guztiaren atzean mugimendu politiko bat dago, mugimendu feminista, oinarri sendoa duena eta eskaera argiak eta mobilizazio gaitasun handia duena. Zalantzarik gabe, gure autoritatea ukaezina da». Grebatik jardunaldietara egingo dute jauzi, mugimendu feministaren ildo estrategikoez gogoetatzeko.

Ez dute lehen aldia; izan ere, garaian garaiko gogoetak partekatu eta aurrera begirako ekinbideak adosteko, lau jardunaldi egin ditu Euskal Herriko mugimendu feministak 1970eko hamarkadatik hona. 1977an egin zituen lehen topaketak, Leioan (Bizkaia), eta 3.000 emakume elkartu ziren orduko zitan. Toki berean bildu ziren 1984an eta 1994an ere. Portugaleten (Bizkaia) egin zituzten IV. Jardunaldi Feministak, 2008an, eta deialdiaren garrantziaz ohartarazi dute. «11 urte igaro dira Portugaleten egindako jardunaldietan 1.300 feminista batu ginenetik, eta prest gaude garaiak eskatzen digun erronkari heltzeko. Beraz, gure arteko adostasunak berretsiko ditugu azaroan, berriak ere eraikiko ditugu, baita datozen urteetarako estrategiak adostu ere».

Bost ardatz lantzeko

Gaika egituratuko dituzte jardunaldiak eta tailerrak, mahai inguruak eta hitzaldiak izango dira guztietan. Bost ardatz landuko dituzte, zehazki. Lehena: mugimendu feministak aurrera begira dituen estrategiei buruzko gogoeta. Bigarrena: bizitzak erdiguneratzeko agenda adostea. Hirugarrena: indarkeriarik gabeko bizitzen eraikuntza. Laugarrena: gorputzak, burujabetzak eta dekolonialitateak. Eta bosgarrena: sexualitateak. «Antolatuta eta kementsu gaude, baina jardunaldien ondoren are gehiago sendotuko gara: neofaxismoaren aurrerakadaren aurrean, matxismoaren eta arrazismoaren kontra dugun estrategia askoz ere finduago egongo da, eta eraso egin nahi digutenek are zailagoa izango dute guri erasotzea».

Atzo egin zuten jardunaldien agerraldi ofiziala, eta herriz herri aurkeztuko dituzte orain. Ahalik eta lagunik gehiena bildu nahi dute, eta norabide horretanegingo dute lan azaroa bitarte. «Kolektibo feminista guztiei jardunaldien eraikuntzan modu aktiboan parte hartzeko gonbidapena egin nahi diegu». Iragarri dutenez, «inflexio puntua» ezarriko dute topaketek. «Euskal Herriko mugimendu feministan lehengaia badago: su motelean, luze, lapiko ezberdinetan eta hamaika eskuren artean kozinatutako lehengaia, hain zuzen. Gaur lehen aldiz hartuko dugu salda, baina aspaldidanik borborka dabil, eta gainezka egingo du azaroan».

Datozen asteetan emango dute xehetasun gehiago, baina, oraingoz,www. saldabadagojardunaldiak.eus atarian jarri dute informazioa eskuragarri. Ekainaren 7tik aurrera, webgunean bertan izango da V. Jardunaldi Feministetan izena emateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.