Datorrenerako termometroa

Urriaren 19ko hauteskunde orokorrei begira, primarioak egingo dituzte Argentinan, gaur. Alberto Fernandezen eta Cristina Fernandez presidente ohiaren koalizioa da faboritoa

Alberto Fernandezen jarraitzaileak hautagaiaren azken mitinera sartzeko ilara egiten, duela hiru egun, Cordoban. NICOLAS AGUILERA / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Inkestek ematen dituzten zalantzazko botoak erakarri nahian—%10 eta %15 artean dira, eta azken astean erabaki ohi dute euren botoa—, hautagaiak batera eta bestera ibili dira azken esprintean, Argentinako gaurko PASOra begira, hauteskunde Primario, Ireki, Aldi bereko eta Derrigorrezkoetara. Bozok alderdi bakoitzeko hautagaiak definituko dituzte, baina, horrez gainera, urriaren 19ko hauteskunde orokorretarako termometroa izango dira. Botoen aldeak, gainera, balio dezake ikusteko bigarren itzulirik egon daitekeen.

PASO hauteskundeak Cristina Fernandezen lehen presidentetza aldian jarri zituzten, 2009an. Alderdi bakoitzak kargu bererako hainbat hautagai izan ditzake, eta herritarrek, alderdi horretara afiliaturik egon behar izan gabe, erabakiko dute hautagai horietatik zein iruditzen zaien egokiena karguagatik lehiatzeko. Batetik, definituko dute zein alderdi aurkeztu ahal izango diren hauteskunde orokorretara —botoen %1,5 baino gutxiago jasotzen dituztenek ez dute urrian lehiatzeko aukerarik izango—, eta, bestetik, alderdi bakoitzaren behin betiko zerrenda zehaztuko dute.

Bi fronte nagusiak, irabazteko aukera gehien dutenak, Frontea Denontzat eta Elkarrekin Aldaketaren Alde dira. Frontea Denontzat alderdiko buruzagiak Alberto Fernandez eta Cristina Fernandez dira, eta koalizioak lau sekore politiko barneratzen ditu: Alderdi Justizialista (peronista), afiliatu gehien duen alderdia, kirchnerismoa osatzen duten sektore peronista eta ez-peronista, eta Sergio Massak gidatzen duen Fronte Berritzailea. Fronte horretara batu dira beste hainbat alderditako erreferente diren politikariak, egungo gobernua boteretik ateratzeko helburuz. Argentinako sindikatu nagusien babesa du Fronteak: CGT Lanaren Konfederazio Orokorrarena eta CTA Argentinako Langileen Zentralarena.

Alberto Fernandez ministroen kabineteburu izan zen Nestor Kirchner eta Cristina Fernandez presidente izan zirenean, eta Fernandez presidente ohiak aukeratu zuen lehen magistraturara lehiatzeko. Aurretik inoiz egin gabeko jokaldia eginez, harrituta utzi zituen denak Fernandezek, etxekoak eta kanpokoak, duela hilabete batzuk, bideo batez albistea sare sozialetan eman zuenean. Ordura arteko galdera handia zen presidente ohia berriz ere aurkeztuko al zen. Errealitate soziala ezagutzen du, eta daukan irudi polemikoaz jakitun, alde batera egin zuen, baina barruan geratuz.

Elkarrekin Aldaketaren Alde, berriz, hauteskunde hauetan parte hartzeko sortutako koalizio politikoa da. Mauricio Macriren Aldatu Dezagun dago koalizioan, eta batez ere alderdi hauek osatzen dute: Proposamen Errepublikanoak, Herritarren Batasun Erradikalak eta Herritarren Batasunak, eta haiekin dago Miguel Angel Pichetto senatariak ordezkatzen duen peronismoa ere.

Macri/Pichetto formulak ere harrituta utzi zituen asko, inork ez baitzuen espero peronista bat koalizio horren parte izango zenik. Pichettok politikan norabidez aldatzeko ohitura duen arren, pentsatzekoa zen presidenteorde kargua Herritarren Batasun Erradikaleko norbaitek hartuko zuela. Tradizio handia du alderdiak Argentinan, eta hainbat sektorek salbu, gehienek egungo gobernu koalizioa babesten dute.

Kanpaina

Espero bezala, hautagaiak batera eta bestera ibili dira hauteskunde barrutietan, eta batez ere saiatu dira komunikabideetan eta sare sozialetan lekua irabazten. Macrismoa herrialdea jasaten ari den krisi ekonomikoa saihesten ahalegindu da bere diskurtsoetan; horrela jarraituz gero, etorkizuna etsigarria izango baita. Ez dago zenbaki bakar bat ere Macriren kudeaketaren alde egiten duena. Frontea Denontzat koalizioa, berriz, ez da sare sozialetan horren sendo ibili, eta komunikabide nagusietan ez du oihartzunik izan, ezarria dioten betoa dela eta. Baina kalean jendea erakartzeko daukan gaitasuna erabili du, bere ideiak eta proposamenak aurkezteko.

Azken egunotan izan da polemikarik, batez ere, boto kontaketa egiteko sistema berriaren harira: Smartmatic Venezuelako enpresarena da, eta SmartTally sistema erabiltzen du. Bozkalekuetatik zuzenean digitalizatzen ditu botoak, eta Hauteskundeen Batzorde Nagusira bidaltzen ditu, 18:00etan, eskolak itxi ondoren. CNE Hauteskunden Ganbera Nazionalak baldintzetan ezarri zuen aldez aurretik alderdien esku egongo zela transmisio kodea, baina ez da errespetatu, eta oposizioko alderdiek salatu egin zuten, Telegramen transmisio elektronikoak zalantzak sortzen dituelako. Salaketa horien aurrean Maria Servini epaileak ikuskatzaile judizial informatikariak ezartzea erabaki du, transmisioa kontrolatzeko.

Macri, argudiorik gabe

Lehia estua den lekuetako emaitzak jakitea besterik ez da geratzen, eta bereziki, nork irabaziko duen Argentina osoan eta Buenos Airesko probintzian. Itxura guztia dauka Fernandez/Fernandez formulak irabaziko duela, baina Buenos Airesko eremuan abantaila dauka egungo gobernadore Maria Eugenia Vidalek. Buenos Aires hirian ere hautagai ofizialista da faborito: Rodriguez Larreta, baina inkestek ez dute beti asmatzen, eta ezin da neurtu nola eragingo duen zalantzan dauden herritarrengan lau urteotako kudeaketa ekonomiko ezin txarragoak, nahiz eta Macrik argudiorik erabili gabe deitu duen botoa ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.