Gaur berriro, boto paper bila

Gipuzkoako Leintz-Gatzagan eta Nafarroako 21 udal eta 40 kontzejutan bozak dituzte gaur. Nafarroako hamar udaletan ez da zerrendarik aurkeztu, eta batzorde bat izendatuko dute

Iturenen ez zen zerrendarik osatu maiatzeko bozetarako, baina orain EH Bilduk zerrenda aurkeztu du. Francisco Javier Bereau da alkategai. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Apirilaren 28an, maiatzaren 26an, azaroaren 10ean... eta bihar. Hauteskunde zikloa ez zen iragan igandean amaitu. Gaur, Gipuzkoako Leintz-Gatzagan eta Nafarroako beste 21 udal eta 40 kontzejutan, milaka herritarrek berriro boto papera utzi beharko dute hautetsontzian. Herri horietako gehienetan ez zen hauteskunde zerrendarik osatu maiatzeko bozetarako, eta, kasuren batean, emaitza baliogabetu egin zen. Horregatik, Espainiako hauteskunde erregimeneko lege organikoak sei hilabeteren buruan bozak berriz egin behar direla zehazten du, eta, irailaren 20an, Madrilgo gobernuak azaroaren 17ko data ezarri zuen, errege dekretu bidez.

Espainiako Aldizkari Ofizialean kaleratu ziren 35 udaletatik 31 Nafarroakoak dira. Kopuru hain nabarmena izateak atzean arazo bat egon daitekeela aditzera eman dezake. Euskal Herrian bertan, Araban zein Bizkaian udal guztietan egin ziren bozak maiatzean, eta Gipuzkoa Leintz-Gatzaga izan ezik gainerakoetan ere euren hautetsiak aukeratu zituzten herritarrek. Nafarroan, aldiz, kopurua handia da, eta, tartean udal administrazioko kontzejuen egitura gaineratuz gero, hutsunea are handiagoa da.

Joera historikoa

Hala eta guztiz ere, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan ez daude kezkatuta. Hango iturriek azaldu dutenez, lau urtean behin berritzen den kontua da, eta, aurreko urteekin alderatuta, joera«antzekoa» da. «Normala da, udal gutxi batzuk eta kontzeju batzuk gobernurik gabe egotea, inor ez delako aurkeztu».

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren arabera, arazo «historikoa» da. Iraganean, gainera, handiagoa zen, ez zitzaielako ezer ordaintzen kargu publiko horiei. 1990eko hamarkadan, Nafarroako Parlamentuak lege bidez onartu zuen alkate edo zinegotzi batzuen jarduera ordaintzea, eta, egun, Tokiko Ogasunen Funtsak zeregin horren zati bat finantzatzen du. Hala, legeak urtero udalaren hautetsi kopuruaren arabera, aurrekontuetatik gehienez diru kopuru bat ordaintzen zaie. Aldaketa horrek egoera «zerbait hobetu» zuen .

Hala ere, ez osorik. Igande honetan bertan, bigarren itzulian ere ez dira bozak izango hamar udaletan eta 43 kontzejutan, zerrendak ez direlako osatu. Horrek ez du esan nahi aurreko udal gobernuaren esku utziko dela. Nafarroako Gobernuak kudeaketa batzorde bat izendatuko dut epe motzean. Batzorde horiek hauteskunderik ez dagoen udal guztietan eta 50 biztanletik gorako kontzejuetan antolatu behar lirateke. Kontzeju txikietan herri batzarrak berak aukeratzen du burua. «Herriak ez dira gobernurik gabe geratzen, eta, ondorioz, inor ez da asko izutzen», diote federazioan.

Kontzejuen kasuan, egoera alda daiteke lau urte barru. Iragan legealdian onartutako udal maparen legearen arabera, bi legealditan hauteskunde zerrendarik osatzen ez bada, kontzejua desegin egingo da. Oraintxe, Nafarroan 272 udal eta 347 kontzeju daude. Denborarekin, murriztuz joan da kontzeju kopurua, eta, lege horrekin, etorkizunean ere gutxituz joango da. Federazioak neurri hori begi onez ikusi du. Legearen tramitazioan, gobernuak proposatu zuen baliabide nahikorik ez izanez gero, desegin zitekeela. Hala ere, baliabideen gaineko erabakia gobernuaren eskuetan gera zitekeenez horren aurka azaldu zen federazioa. Proposamen hori kendu egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.