Nafarroak 2023ra arte ia mila milioi euro erabiliko ditu berreraikuntzan

Maria Txibitek azaldu du eredu ekonomiko eta sozial berri bateranzko prozesua azkartu nahi dutela. Hurrengo hiru urteetako aurrekontuen bidez finantzatuko da, eta irailean hasiko dute eztabaida
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, alboan dituela bi presidenteordeak, Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi.
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, alboan dituela bi presidenteordeak, Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi. NAFARROAKO GOBERNUA Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko abuztuak 2

«Bigarren Mundu Gerra geroztik, nazioartean izan den erronka instituzionalik, politikorik eta sozialik handiena da COVID-19a». Hitz arranditsu horiekin aurkeztu zuen atzo goizean Nafarroa Suspertu 2020-2023ko egitasmoa Maria Txibite lehendakariak. Planak 190 neurri jasotzen ditu, eta, Txibiteren hitzetan, eredu ekonomiko eta sozial berri baterantz jo nahi dute: «Ez du soilik oraina markatuko; etorkizuneko zutarri sendoak jarriko ditu». 2023ra arte, ia mila milioi euro (989 milioi) erabiliko ditu berreraikuntzarako, eta datozen hiru urteetako Nafarroako aurrekontuen bidez finantzatuko dute. Zenba- teko horri gehitu behar zaizkio Europako Batasunetik zein Espainiatik etor daitezkeen funtsak, bai pandemiari aurre egiteko sortu direnak, bai eta egitasmo honen gidalerro estrategikoekin bat egiten dutenak ere.

Ezohiko kontseilu bereziaren osteko agerraldian aurkeztu zuen agiria Txibitek, Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi presidenteordeak alboan zituela. Ekitaldiari arrandia emateko asmoz, Nafarroako Jauregiko patioan egin zuten, eta ez prentsa aretoan, ohi duten moduan.

211 talderekin bilkura

Aurretik, parlamentuan berreraikuntza aztertzeko batzorde bat osatu zuten, eta 126 proposamen egin zizkioten taldeek gobernuari, planean bil zitzan. Halaber, gobernuak azaldu zuen asteotan 211 elkarterekin eta eragilerekin bildu direla. Aurrera begira, edukia aurkeztuta, irailetik aurrera eztabaida abiatu nahi dute, edukia moldatzeko. «Nafarroarentzat eta Nafarroaren eskutik egindako plana da». Txibiteren irudiko, askok bere burua islatua ikusiko dute. «Gauza ez da nireari erreparatzea, baizik eta norbere interesak orokorrarekin bateratzea».

Pandemiaren ondorioz, bigarren hiruhilekoan barne produktu gordinak %15,6 egin du atzera, eta urtea aspaldian ikusi gabeko atzeraldiarekin amai dezake. Diru sarreretan 818 miloi euroko jaitsiera aurreikusi du gobernuak, eta, finantza publikoetan zuloa erabat nola estaliko den oraindik argitu ez den honetan, egitasmoa etorri da. 2021etik aurrera ekingo zaio berreraikuntzari. Txibiteren hitzetan, aurretik zituzten asmoak eta anbizioak «hauspotu» ditu pandemiak. Ez du uste egungo egoerak baldintzatu dezakeenik: «Ez dugu egin berehalako egoerari begira, luzera begira baizik».

Ez zuten argitu aurrekontu bidezko finantzaketarako zerga erreformarik egingo duten. Aierdik nabarmendu zuen Nafarroako zerga erregimen propioari esker hobeto erabil ditzakeela baliabideak. Haren hitzetan, COVID-19ak osasun eta ekonomia arloetan utzi dituen irakaspenak kontuan hartu dituzte, baita aurreko krisiak utzitakoak ere. Hala, «ez da berehalakoan otu zaien laguntza sorta bat».

Egitasmoan bost gidalerro estrategiko eta 190 neurri proposatu ditu gobernuak, eta horien artean lehentasuna 46k dutela. Dena den, komunikabideei azaldutako agiriak gobernuak legealdi honetarako aurreikusiak zituen egitasmo nagusiak biltzen ditu. Halaber, neurri zehatzak baino egitasmo orokorrak eta asmoak zerrendatzen dira.

Adibidez, ekonomia eraldatzeko prozesuan, COVID-19ak gehien erasandako enpresentzako laguntzak proposatu ditu, «bideragarriak diren enpresen galerak eragozteko eta likidezia bermatzeko». Gainera, aipatzen da sektore estrategikoak bultzatzea, eraldatze digitala bizkortzea lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko, Ikerketaren eta Garapenaren atalean Europan duen posizioa hobetzea, gizarte ekonomia eta ekintzailetza bultzatzea, eta enplegu aukerak hobetzea. Azkenik, azpiegiturak eta garraio sistemak hobetu behar direla aipatzen da, eta hor sartu dute Abiadura Handiko Trena.

Erdia, berriztagarria

Trantsizio digitalari dagokionez, helburuen artean jarri dute energia kontsumo osoaren erdia berriztagarri bidezkoa izatea. Eraginkortasun energetikoa bultzatu nahi dute; besteak beste, ibilgailu elektrikoak sustatuz eta alor horretan administrazio publikoa eredugarri bihurtuz.

Eraikuntzaren atalean ere zaharberritze jarduerak bultzatuko dira. Ekonomia zirkularraren aldeko apustua ere aipatu dute. Jarrera bera azaltzen dute gainerako hiru ildo estrategikoetan, aurretik gobernuak planifikatutako asmoak baitira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Raiundo Berri taberan izan zirenak PCR proba egiteko zain, Okendu kultur etxean gaur goizean. ©Gorka Rubio/FOKU

500 positibotik gora atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Atzo baino 119 kasu gehiago izan dira. Ospitaleratzeak areagotu egin dira azken orduetan.

Lasarte-Oriako klasururako konbentua itxita, gaur. ©Javier Etxezarreta / EFE

Lasarte-Oriako klausurako komentu bateko moja guztiek positibo eman dute

Berria

Hamar izan dira positiboak guztira. Alkateak adierazi du agerraldia kontrolpean dagoela.

Kutsatze kopuruen azken datuek gora egin dutela ikusita zientzialariak gaineratu du gaitzak “arazo bat” izaten jarraitzen duela. ©Gorka Rubio / FOKU

Bengoak uste du egoera «larria» dela

Aloña Beraza Peña

Ikuskaritza independente bat eskatu dute gertatu dena ikertzeko, egin diren hutsegiteak berriz ere egin ez daitezen, eta aurrera begira ikasteko.

PCR proba egiten gaur, Donostiako Okendo kultur etxean. ©Gorka Rubio/FOKU

Gasteizko Kilimanjaro diskotekan eta Xixilu jatetxean, eta Galdakaoko Muguru tabernan egon zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Gasteizko diskotekan uztailaren 17tik abuztuaren 6ra izan zirenek egin beharko dute testa, eta uztailaren 31tik abuztuaren 4ra jatetxean egondakoek. Galdakaon, tabernan uztailaren 27tik abuztuaren 4ra egon zirenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Joxerra Senar

Informazio osagarria