Ilun-argi askoko galdeketa

Mexikon aurreko urteetan agintean egondako goi arduradunak ikertuak izatea nahi duten erabakiko dute gaur herritarrek. Herritarren %40k hartu behar dute parte kontsultan loteslea izan dadin

Mugimendu kontserbadoreen protesta galdeketaren aurka, Mexikoko presidentetzaren jauregi aurrean. MARIO GUZMAN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Lehen aldiz, nazio mailako galdeketa bat egingo dute gaur Mexikon, Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak berak bultzatuta. Estatuburuaren beraren hitzetan, 1988 eta 2018 urteen artean karguan egon ziren presidenteen lana epaitzeko bideak zabaltzea litzateke helburua. Horretarako, galdera honexeri erantzun beharko diete herritarrek: «Ados al zaude ekintza egokiak gauzatzearekin, esparru konstituzionalari eta lege esparruari atxikiz, aurreko urteetan eragile politikoek hartutako erabaki politikoak argitzeko ekintzei ekiteko, justizia eta balizko biktimen eskubideak bermatze aldera?».

Ez da lehen aldia Lopez Obradorrek herritarrei galdetzen diela. Aurrez ere egin izan ditu kontsultak; esaterako, hegoaldean egin asmo zuten trenbideari buruz edo nazioarteko aireportuko lanak bertan behera uztearen inguruan. Baina horiek ez dira nazio mailakoak izan, eta emaitza bera ere ez zen loteslea. Gaurkoan, berriz, urrats bat gehiago eman asmo du estatuburuak. Galderak berak eta erreferendumak arrakasta izan dezan jarritako baldintzek, ordea, zalantzak eragin dituzte.

Bozak irabazi berritan, 2018ko azaroan, Lopez Obradorrek hizpide izan zuen bost presidente ohi auzitara eramateko aukera: Carlos Salinas de Gortariri (1988-1994) egotzi zion ondasun publikoak pribatizatu eta bere gertukoei mesede egin izana kargu eta proiektu publikoak emanez; Ernesto Zedillori (1994-2000), zor pribatuak publiko bilakatzea; Vicente Foxi (2000-2006), 30 milioi hektarea meatzaritza enpresen esku utzi eta 2006ko bozetan iruzurra egin izana; Felipe Calderoni (2006-2012), 250.000 hildako eragin zituen segurtasun estrategia abian jarri izana; eta Enrique Peña Nietori (2012-2018), ustelkeria egitea. Geroztik, behin baino gehiagotan berretsi du estatuburuak bost agintariak auzipetzeaz herritarrei galdetzeko asmoa. Baina oztopo ugari gainditu behar izan ditu hori lortu ahal izateko.

Lehen ahalegina herri kontsulta batera deitzeko 1,8 milioi sinadura biltzekoa izan zen. Iazko irailean, baina, kopuru horretara heltzea ezinezkoa izango zitzaiola ikusita, Senatura jo zuen, eta bertan aurkeztu zuen kontsultarako galdera: «Ados al zaude horretarako eskuduntza duten agintariek, aplikatu beharreko lege eta prozedurei atxikiz, Carlos Salinas de Gortari, Ernesto Zedillo Ponce de Leon, Vicente Fox Quesada, Felipe Calderon Hinojosa eta Enrique Peña Nieto presidente ohiek agintea hartu aurretik, bitartean eta ondoren ustez egindako delituak ikertzearekin eta, hala badagokio, zigortzearekin?». Baina galderak konstituzioaren aurka egin zuen talka; izan ere, auzitegiek ohartarazi zuten ezin zela justizia herritarren gehiengoaren irizpideen menpe jarri, prozesuaren oinarriak eta biktimen eskubideak urratuko liratekeelako. «Galderan presidente ohien izenak agertzen ziren, eta delituak egin zituztela onartzen zen nolabait», azaldu du Jacqueline Peschardek, Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikertzaileak.

Zalantzak

Gobernuak ez zuen izan galdera aldatu beste aukerarik, eta bigarren ahaleginean auzitegien onespena lortu zuen estatuburuak. Gaur mexikarrek erantzun beharko duten galderak ere zalantzak sortu ditu, ordea, juristen artean. «Oso anbiguoa da. Izan ere, niri galdetuko balidate, baiezkoa erantzungo nuke, noski, baina, bestalde, pentsa zenezake: 'Zergatik galdetu behar da halakorik, lege hausteak ikertuko dituzten instituzioak egonik?'. Nolabait ere, aurreko agintarien lana ez ezik, justiziaren beraren erabakiak ere kolokan jartzen dituela dirudi», azaldu du Peschardek.

Beste zenbait adituk, baina, egiaren batzorde bat sortzeko aukera ikusten dute galdeketaren aurrean, auzitegietara jotzekoa baino gehiago. Txileko, Argentinako eta Brasilgo adibideak hartu dituzte hizpide haiek, non, barkamena baino gehiago, gertakariak argitzea izan baitute helburu.

Parte hartzea da kontsultak gainditu beharko duen bigarren langa; izan ere, emaitza loteslea izango bada, parte hartzeak %40koa izan beharko du gutxienez. «37,5 milioi lagunez ari gara hitz egiten, alde edo kontra bozkatzen duten kontuan hartu gabe. Joan den ekaineko bozetan, alderdi bakar batek ere ez zuen lortu bere kabuz halako jendetza mugiaraztea», nabarmendu du Peschardek.

Lopez Obradorrek berak ezezkoa bozkatuko duela iragarri du, «bozketa ez bideratzeko». EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak ere parte hartzeko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.